Urte eta erdi inguruko geldiunearen ostean, indarberrituta dator Izaki Gardenak. Erraia zigiluarekin argitaratu dute Dena oskol, CD eta binilo formatuan. Grabazio prozesuan “arriskua” hartu nahian eta “amets batzuk betetzeko asmoz” Euskal Herritik atera eta Sevillako La Mina estudioan grabatu dute lana. Urtarrilean hasiko da taldea zuzeneko emanaldiekin, aurretik Durangoko Azokako Ahotsenean lehen aurkezpen bat eginez, Jon Basaguren (Gasteiz, 1984) taldeko ahots eta gitarra-jotzaileak aurreratu duenez.
Tarte bat hartu zenuten iaz, urte eta erdi ingurukoa. Inflexio puntua izan zen hori zuentzat?
Erabaki genuen atsedentxoa har-tzea, edo behintzat, Aurri gara diskoak eman zezakeena eman zuela ikusi genuen, Euskal Herritik aurkeztu genuen eta baita kanpoan ere. Pozik geunden egindako lanarekin eta geratzea erabaki genuen, denboraz pentsatzeko hurrengo pausoa nola eman eta zer egin. Taldekideok beste proiektu batzuetan ere bagabiltza, eta horiei denbora eskaini ahal izateko denbora behar genuen. Nik erabaki nuen, momentua hori zela, Izaki Gardenak pixka bat gelditzeko eta patxadaz pentsa-tzeko hurrengo pausoa noiz egin ahalko genuen merezi genuen moduan.
Nola gertatzen da musika berrartze hori?
Aurtengo urtarrilean, urte hasierarekin. Nahiz eta Izaki Gardenak fun-tzionamenduan egon ez, beti izaten dut gitarra alboan, kantak eginez noa, erdi grabatzen? Ikusi nuen pilatuta nituela hainbeste ideia eta momentua zela erabakitzeko horrekin segi eta disko baten zurrunbiloan sartu, edo alboratu eta burutik kendu. Bueltak ematen ibili nin-tzen, hasieran motibazio bila, faltan baineukan, eta hortik etorri ziren disko berri honetan egin ditugun aldaketa batzuk. Ikusi nuenean gauza batzuk aldatuz gero gogoa nuela disko bati aurre egiteko, orduan elkartu ginen taldekideok eta erabaki genuen entseatzen hasiko ginela.
Berritasunak nahi zenituzten lan honetan, motibazioa. Zelan bilatu duzue hori?
Ez nuen nahi errepikatu aurreko bi diskoetan egin genuen prozesu bera. Aurreko lanak Elkar diskoetxearekin argitaratu genituen. Oso pozik gaude bi lan horiekin eta ez dugu zalantzarik gustura egongo ginela, baina arrisku puntu bat gehitu nahi genuen eta, bide batez, amets batzuk bete. Betidanik izan dugu buruan bueltaka ea zelakoa izango litzatekeen estudio batera Euskal Herritik kanpora joatea eta guztiok egotea bertan elkarbizitzen egun batzuetan. Orduan, esan genuen: “Aurrera!”. Eta hortik dator Sevillara joan izana. Sevillako La Mina estudioan grabatu dugu Raul Perez teknikariarekin eta sekulako esperientzia izan da, emaitzarekin oso pozik gaude. Beste berrikuntza, Gasteizen Montauk taldearekin eta Joseba B. Lenoirrekin batera sortu dugun Erraia zigilu txikia da. Autoekoizpen modukoa da, elkartetxo baten an-tzera. Horrek guztiak behar genuen motibazio estra hori eman digu.
Lau hilabetez aritu zarete buru-belarri. Zelakoa izan da sortze prozesua?
Atzeragotik zetorren, niri dagokidanez, baina etxeko kanta edo hezurdura horiek lokalera eraman eta bertan gainontzeko taldekideekin horiek landu eta ikustean, aldaketa batzuk egon ziren. Kanta batzuk kanpoan geratu dira, beste batzuk lau hilabete horietan konposatu ditugu? Ikusten zoaz diskoa norantz doan, nora gidatzen zaituzten kantuek eta diskoak zer behar duen. Oso “bipolarra” da konposizio prozesua: egun batean kantu bat bukatzen duzu eta poz-pozik zaude, eta hurrengoan, konturatzen zara eraman dituzun ideietatik batek ere ez duela funtzionatu eta sekulako bajoiarekin zaude.
Eta grabatzerako orduan, itxita eramaten duzue dena ala sorkuntzarako tartea hartzen duzue estudioan?
Begira, hori izan daiteke hurrengo diskorako motibazioetako bat, kantuak pixka bat irekiago eramatea, estudiora bertan sorkuntzarako tartea izateko. Oraingoan, ordea, egun zehatz batzuetarako joan gara, alde ekonomikoa ere hor baitago, eta zazpi egunetan bost musika tresna eta ahotsak grabatzeko estu ibili gara. Batez ere bertako soinuarekin esperimentatu dugu, tresna ezberdinekin, etab.
Aurreko lanekin konparatuz, zertan ezberdintzen da azken hau?
Niri iruditzen zait konponketetan pixka bat soul-era edo musika beltzera jotzen dugula eta folk edo americanatik apur bat aldendu egin garela. Baina, orokorrean, kantak gitarra eta ahotsarekin entzunez gero, oso era antzekoan konposatu ditugu, kantuek eurek eraman zai-tzaten naturalki, hausturarik gabe. Disko honetan muinera joaten saiatu gara, zati batek ez bazion kantari ezer gehitzen, moztu egiten genuen.
Diskoa aste honetan kaleratu da, baina urritik dago entzungai ‘Dena oskol’ kanta, aurrerapen gisa.
Bai. Zuzenekoekin ez gara urtarrilera arte hasiko, baina polita iruditzen zaigu uztea denbora bat diskoa argitaratzen denetik emanaldiekin hasi arte, jendeak entzun dezan eta kontzertuak beste era batera jaso ahal izateko. Orain buru-belarri ari gara entseguekin. Erabaki genuen aurrerapen kanta Dena oskol izatea, diskoari izena ematen dion abestia delako, dinamikoa da eta hitzen aldetik ere laburbiltzen ditu diskoan errepikatzen diren kontzeptu asko, oskolaren kontzeptu hori.
Zer dela-eta izen hori, nondik dator?
Lan honetako hitzetan antzeko kontzeptu asko errepikatzen zirela ikusi nuen: burdin jantzia, kristalezko sabaia, harresiak, azala? Beti babeserako diren elementu horiek, zentzu ezberdinetan eta metafora gisa erabilita, jakina. Bat-batean, kantu honekin egin nuen topo. Letra egiten ari nintzen eta dena oskol hori atera zitzaidan eta konturatu nintzen horrek laburbildu zitzakeela disko guztian agertzen diren gauzatxo horiek, osotasun bat emanez. Guztiok ditugu oskol horiek, ez dutenak uzten benetan garena azaleratzen, eta gainera uste dugu babesten gaituztela, baina askotan gure kontra ere egiten dute.
Erraia zigilu berriarekin atera duzue diskoa. Duela hilabete batzuk Gasteizen sortutako kolektiboa da. Nolakoa izan da egitasmo honen abiatzea?
Ekainetik aurrera ari gara ofizialki martxan. Ikusi genuen bazegoela Gasteizen momentu honetan bizi garen musikarien taldetxo bat, ba-tzuk aurten diskoa atera behar genuenak eta autoekoizpenaren bidetik joango ginenak, baina era berean bageneukanak zalantza horren inguruan. Gero eta atomizatuago dago eszena eta talde bakoitzak bere aldetik egiten du autoekoizpena. Ikusten genuen bakoitzak bere aldetik gerra egitea zela. Beti gustatu izan zaigu elkar-tzea eta elkarrekin gauzak egitea, eta horretarako sortu dugu Erraia. Autoekoizpena da, talde bakoitzak askatasun osoa baitu baina, era berean, badugu babes bat eta erabaki batzuk komunak direnak, zigilukide garenon artean hartu ditugunak. Elkarrekin gauzak sortzeko gogoz hasi zen Erraia. Momentuz, hiru gara, baina ideia bada poliki gauza gehiago argitaratzea, Gasteizen eragitea nolabait.
CDa eta biniloa atera dituzue. Horrek asko eragin du kantak sortzeko eran?
Hori beste erabaki motibatzaile horietako bat izan zen, beste amets txiki bat. Banekien biniloan aterako zela eta eragin zidan jada ari nintzelako pentsatzen biniloak dituen berezitasunen inguruan. Bi alde ditu, nola hasi A aldea, nola hasi B aldea, nola bukatu? Eskema bat zuen diskoak nahigabe etorri zitzaidana, eta, kantak egiten joan ahala, bakoitza hoberen kokatuko zen lekuan jarriz joan ginen.
Bakarkako aurkezpenekin hasi zinen azaroan eta urtarriletik aurrera batuko zaizu talde osoa.
Oraingoa beste erronkatxo bat izan da, buruan nuen beste ideia zoro bat. Diskoa argitaratu baino lehen ere kantak ahotsarekin eta gitarrarekin bakarrik aurkeztea, alegia; gutxi gora behera etxean lehenengo ideia hori sortzen den bezala, eta horiek jendaurrean defendatzea. Iruditzen zaidalako niri ere gustatuko litzaidakeela. Oso giro polita sortu da emanaldi horietan eta segurtasun handiagoarekin noa diskoa argitaratzen denerako, itxura ona hartu diet lehen emanaldi horiei.
Urtarrilean talde osoarekin hasiko ditugu kontzertuak eta ilusio handia egiten digu. Oraindik azken entseguekin gabiltza, eszenatokira seguru atera eta gozatzeko. Gainera, zuzenekoetarako aldaketa bat izango dugu, diskoaren grabazioan egon den Danilo Foronda gitarra-jotzaileak ezin izango du gurekin egon eta beraz, Joseba B. Lenoir itzuli da taldera. Taldekideek kantak beste unibertso batera eramaten dituzte, eurekin kantuak handitu egiten dira.