Bere izaeragatik, bere obragatik, bere ile grisarengatik, bere museoaren kolore gorrixkagatik, bere begiradagatik, bere kexuengatik, bere poesiagatik, argiagatik, itzalagatik, okupazio ezean egindako okupazioagatik, bere ahotsagatik, bere eskuengatik, bere formengatik, eskultoreagatik, filosofoarengatik?”. Guzti horrengatik erabaki zuten Kukai Dantzak eta Tanttaka Teatroak Jorge Oteizari buruzko ikuskizun berezi bat sortzea: Otehitzari biraka. Duela hamahiru urte izan zen hori, ordubete inguru irauten zuen obra izan zen eta, orain, Loraldia jaialdirako propio berreskuratu nahi izan dute. Ideia bera, elementu berdintsuak, baina ikuskizun desberdin bat, laburragoa eta bost dantzarirekin bakarrik prestatu dute bi konpainiek elkarlanean. Bihar taularatuko dute Oteiza 110, Euskalduna Jauregian, 12:00etan.
Kukaik eta Tanttakak Oteizaren bizi-tzari errepaso bat egiteko asmoz eta batez ere bere poesian oinarrituta sortu zuten Otehitzari biraka. “Oteiza bere eskulturengatik ezagutzen dugu denok, baina bere poesia nahiko ezezaguna da”, dio Mireia Gabilondo ikuskizunaren zuzendariak. Gabilondo betidanik ibili da Orioko eskultorearen gaineko ikuskizun bat egiteko gogoekin. Horrela sortu zen hasierako obra hura. “Sasoi hartan emaitzarekin gustura geratu ginen, denbora nahikoa pasatu da eta berriro oholtzara ekartzea polita izan zitekeela pentsatu genuen; gainera, une hartan ikusi ez zuenak orain ikusteko aukera izango du, jende asko ikusi gabe geratu zelako”, kontatu du zuzendari bergararrak.
DANTZA ETA IKUS-ENTZUNEZKOA
Loraldia jaialdirako prestatu duten ikuskizunean, Jorge Oteiza bera hizketan ikusteko aukera egongo da, bideoen bitartez. 2005eko piezan artista agertzeak, eta bai arteaz eta bai eskulturaz nola hitz egiten zuen ikusteak “pisu polita” izan zuela dio Gabilondok. Itziar Elegía y otros poemas liburuxka idatzi zuen Orioko artistak bere emaztea hil zenean eta hortik hartutako poema batzuk dira dantzaren bitartez irudikatuko dituztenak. Sei koreografia prestatu ditu horretarako Jon Maya Kukai konpainiako dantzariak. “Ikus-entzunezkoak eta dantza dira ikuskizunaren ardatza, eta Oteizarenak berarenak hitz eta poemak. Hitz horiek izan dira koreografiei abiapuntua eman diotenak, Oteizak aipagai dituen hutsa, zirkuluak, heriotza?”, azaldu du Oreretako dantzariak. Eszenografiari dagokionez, oso soila izango dela aurreratu du, “Oteiza oso ongi identifikatzen duen pizarra izango da hor, baina gauza gutxi gehiago. Artistaren irudia eta dantza izango dira protagonista nagusiak”.
Bestalde, Otehitzari biraka-rako Rafa Rueda, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Mikel F. Krutzaga arduratu ziren musika konposa-tzeaz, eta oso prozesu polita izan zela kontatu du Gabilondok, “azkenean, denok jarri ginen Oteizari bueltaka”. Oteiza 110 ikuskizunean ere berriro ikusiko ditugu musikari hauek oholtza gainean.
Agertoki ezohikoa aukeratu dute Kukai eta Tanttakakoek ikuskizun berezi honetarako, Euskalduna jauregiko kristalezko gunea, hain zuzen. “Otehitzari biraka obrak ere antzokietan izan zuen bere ibilbidea”, jakinarazi du Mayak. “Urteak pasatu dira, baina bertako lehengaia oso gaurkoa dela iruditzen zaigu, eta Oteizaren jaiotzaren 110. urteurrenak materiala berrikusi eta berriro ere kokatzeko oso aproposa iruditu zaigu. Gainera, formatu gisa ere nahiago genuen antzokitik atera eta espazio zabal batean kokatu, non Oteizak, jendeak eta guk topo egingo dugun. Euskaldunak harreman zuzen hori baliatuko du”, kontatu du Kukaiko dantzariak.
Bi konpainien eta Loraldiaren arteko hartu-emana duela lau urte hasi zen, jaialdiaren lehenengo ediziotik dator eta harremana “bikaina” dela dio Jon Maya dantzariak. “Batzuetan gustuz jaso ditugu egin dizkiguten proposamenak, eta horiek aurkezteko ere konfian-tza osoa jaso dugu betidanik, oso garrantzitsua da hori”. Mayak dioenez, Bilboko festibala “truke sano honetarako testuinguru bikaina” ezartzen ari da. Iazko edizioan, Adiskideak izeneko saio berezia egin zuen Kukai konpaniak bere 15. urtemuga ospatzeko, eta egun horretan Jorge Oteizaren urtemugaren gaia atera zen. “Uste dut denok genuela gogoa saio hau aurrera ateratzeko eta gure Oteiza hori berriro jende artera ekartzeko. Gogo horretatik sortu da Oteizari berriz ere keinu txikitxo bat egiteko asmoa”.