Urte berriarekin utzi du editore postua Gorka Arresek (Zarautz, 1965). Hogeita hamar urte egin ditu Susa argitaletxean, eta “emateko zeukan onena” emanda utziko du argitalpengintza. Urte hauetatik guztietatik idazleekin izandako harremana du gogoan Arresek, “pribilegioa” izan da beretzat. Bere hastapenak, Susan izandako ibilbidea eta argitaletxearen etorkizuna, editorearen lana eta kultura munduaren prekarietatea izan ditu hizpide, editore ohi izateko bideari heldu berritan.
Urte berriarekin utzi duzu Susa argitaletxeko editore kargua. Zer moduz zaude?
Iaz lan asko egin nuen: literarioa, editoriala, era askotakoa. Liburu onak editatzeko zortea izan nuen, irakurleek liburu haiei erantzun atsegina ematen segitzen dute oraindik, pozik nago beraz. Saiatu naiz dena ahal nuen ondoen egiten, dena uzteko eta aparte geratzeko.
Gogoratu ditzagun zure hastapenak. Filologia ikasketak egin ostean, ‘Argia’-n eta ‘Euskaldunon Egunkaria’-n aritu zinen, eta 1988an editore hasi zinen Susan. Nolatan?
Literatura asko maite nuen. Tira, hori da gehien maite dudana. Baina ez naiz idazlea; munduko ofizio zailenetako bat da, oso konprometitua, ebidentzian uzten zaituena beti. Eta denok behar dugu idazle bat: gidoia egiteko, kantua, iragarkia, albistea, hitzaldia, diskurtsoa, botiken azalpenak, iritzia, slogana, aldarrikapena, proiektua, itzulpen egokia, gutuna... Eta editorea izateko aukera eman zidatenean ez nintzen izutu. Bide batez esan nahi dut: ez dago eskubiderik zeinen gaizki ordaintzen zaien idazleei!
Josu Landak sortu zuen Susa, 1983an. Argitaletxea ia sortu berria zen, eta zu ere oso gaztea zinen bertan hasi zinenean. 23 urterekin editatu zenuen lehen liburua, gaztetxo samar, ezta?
Adin egokia ikasteko, hanka sartzeko, ausar-tzeko, proiektu berri bat gorpuzten hasteko. Kontuan hartu behar da, 1988an Susak bere ibilbideko lehen bost urteak besterik ez zituela eginda; denok gazteak ginen orduan. Orain 53 urte egingo ditut. Susak 35 urte bete ditu argitalpengintzan. Gaur egun beste era batera egin behar ditugu gauzak, beste sormen maila bat dago hemen, gure herriaren historia osoko garai onena bizi dugu.
30 urtez izan zara Susako editore. Nola bizi izan dituzu urte horiek guztiak?
Gauza asko gertatu dira urte hauetan guztietan. Une zailak eta txarrak ahaztu egiten ditut (Hasier Etxeberriaren eta Juanba Berasategiren heriotzak salbu). Idazleekin izan ditudan harremanak eta tratuak, horiek ditut gogoan. Lagun handi batzuk ere egin ditut, agian betiko izango direnak. Pribilegio bat da.
Nola aldatu da argitaletxea? Identitate propio bat garatu baitu honek ere...
Literaturan garrantzitsuena estiloa dela esan ohi dute (esajerazio bat da, baina balio du). Uste dut ahalegin editorial batek ere estilo bat garatu behar lukeela. Baina ni lanean nintzenean markatutako estiloa definitzen edo deskribatzen ez dakit, honela, bat-batean, estetika eta ideologia.
Idazleek tresna bat edukitzeko jaio zen Susa argitaletxea.
Bai, hori da. Tresnen jabe izatea da bizitzako gauza inportanteenetako bat. Giltza, igitaia, mailua, bizikleta, gitarra, konputagailua, iturria, txiskeroa. Hitzak eta giltzak, izenburu polita ipini zion Iñigo Aranbarrik bere liburu bati. Era berean, editorial bat ere tresna bat da, tailer moduko bat. Idazleen artean sortutako editoriala da Susa, eta bazkideen artean ditu baita ere musikari batzuk, itzultzaileak... okin bat ere bai! Zer, noiz, nola edo zein helbururekin argitaratzen dugun geuk erabaki ahal izateko balio du horrek.
Zein da zehazki editorearen lana? Liburu baten sortze prozesuan zein momentutan sartzen da jokoan?
Idazleak zer nahi duen ulertzea da niretzat garrantzitsuena. Idazlearen testuinguru kreatiboaz jabetzea, haren ahalegin estetikoaz eta ideiez. Editorearen lana da idazleari lagun-tzea, edo aldamenean egotea. Editore bakoi-tzak erabaki behar du nola.
Zein izan da zure lana zehazki? Ez baitzara zuzentzaile hutsa izan, aholkularia ere izan zara. Zelakoa da idazleekin izaten duzun hartu-emana?
Zehazki? Liburuko esanak eta formak desegokiak ote diren ebaluatzea zen nire lana. Idazleari abisatzea zer ez dagoen ondo, nire ikuspegitik. Hori adierazteko konfiantza maila bat lortu edo adostu behar izaten nuen idazlearekin. Kasu batzuetan ez nuen lortu nahikoa efikaza izatea, edo konbentzitzeko gai izatea. Agian beste batzuetan ez nuen aski ongi harrapatu testuingurua, eta zaputz! Baina ez dut horregatik kezkatu behar. Gauza asko ondo ere egin nituen, neronek esatea harrokeria den arren.
Ezezko asko eman dituzu. Gogorra izango da hori?
Bai. Ez nuke horretaz mintzatu nahi.
Idazle asko ikusi dituzu jaiotzen. Zer eman dizute zuri idazleek?
Idazle baten lehendabiziko liburua argitara-tzeak poz berezia ematen dio beti editoreari. Ni urduri jartzen ninduen horrek, gehiegi agian. Bestalde, edizio lanean ederrena da ikustea nola hazten diren idazle batzuen lanak, asmoak, estiloak. Hemen ezin dut aitortu izenik, baina itxaropen handiak dauzkat idazle batzuekin, oso onak izango dira urte batzuk barru.
Kultura mundua eta prekarietatea lotuta daude, tamalez. Lehenago ere aipatu duzu idazleak gaizki ordainduta daudela. Zer dela-eta gerta-tzen da hori, zure ustez?
Askotan erabiltzen dut gogoan kontu hau. Lagun min batek Remedios Zafra-ren El entusiasmo (Precariedad y trabajo creativo en la era digital) liburua oparitu dit oraintxe, ondo zaintzen nau-eta. Sakon aztertzen hasi nahi nuke zergatik idazlea, musikaria eta artista utzi ditugun hain egoera hauskor eta babesgabean. Ekonomia modu honekin, gizarte antolamendu honekin... atsekabegarria da. Eta konturatzen naiz horretaz ez direla ohartzen irakasleak, sendagileak, ingeniariak, arotzak, iturginak. Zer gertatzen ari zaigu? Gure kulturaren espresio ederrenaren autoreak izugarrizko prekarietatean dauzkagu. Izugarria da. Eta gainera itsusia, eta injustua.
Zergatik utzi duzu? Irakurri dizut ez duzula ‘errepikapenetan eta lurzoru estankatuetan’ erori nahi izan.
Beharbada ez dut ondo esplikatu errepikatze kontu hori. Errepikatzea ezinbestekoa da gauza guztietan, are automatismo batzuk ondo garatzea eta erabiltzea ere premiazkoa da. Nik ez diet nire begiei esaten ikusten hasteko, ez diot esaten bihotzari taupaka segitzeko, edo birikei arnasa hartzeari ez uzteko. Nire digestioa ez dago oso-osorik nire borondatearen esku. Automatizazio maila bat landuta eduki behar da edozein ofiziotan, eta ondo egindako gauzak berriz errepikatzea komenigarria ere izaten da sarritan. Baina iristen da halako batean une bat, bolada luzeko lanak tentuz egiten jardun ondoren, errepikatzen segi-tzeak ez duela satisfaziorik ematen. Eta ez naiz ari neure satisfazioaz, ez!, horrek ez du hainbeste axola. Ari naiz idazleen satisfazioaz. Idazleek sentitzen baldin badute errepikatzen ari naizela metodoak, formulak, moduak, aholkuak... akabo. Idazleak ezin dira aspertu, baina batez ere idazleekin ezin da ohituraz jokatu. Haiek ahalegintzen dira originalak izaten, eta editoreak maila eman behar du denekin; ez du balio batekin bai eta beste batekin ez. Uste dut neukan onena ematen eskuzabal jokatu dudala, eta bete dut etapa hori.
Leire Lopez Ziluaga izango da Susako editore berria. Zer nolako panorama aurkituko du aurrerantzean? Orain dela 30 urte zu hasi zinenean eta egun, aldaketa nahiko egongo dira, ezta?
Leirek Susan aurkituko ditu: argitalpen tresna onak, ondare txiki bat, webgune espezial bat, Armiarma proiektua aldamenean, idazle batzuk beren sasoi onenean. Esan dezagun, txantxa egiteko baimena ematen badidazu, zail samar jarri diogula denon artean: asko hobetzeko tarte gutxi. Horrekin esan nahi dizut, nik zortea izan nuela, Susan egiten genituen gauzak ia nahi gabe zirela beti berriak edo berritzaileak, halakoxeak ziren-eta garaiak.
Norabidea aldatuko du Susak?
Leirek nahi badu, bai. Baina argitaletxe batean gauza guztiak egiten dira astiro samar, lurra lantzen den gisara. Lurrari ezin zaio eskatu eman ezin duena, eta lurrari eskaini behar zaio denbora. Zer gehiago, pazientzia ala arreta? Biak.
Atzera begiratu eta egindako bidea ikusita, ze sentsaziorekin zoaz?
Oraintxe bertan tristura txiki bat sortzen ari zait. Inbidia da! Badakit hori dela. Hasi naiz idazleekin egotea faltan botatzen. Baina sendatuko zait sentipen hori. Ez dut atzera begiratzeko asmorik. Gertatzeko dagoenak ilusioa egiten dit-eta. Baikorra naizela esan ohi didate ezkorrek. Ez dit lotsarik ematen. Amorru handiena ematen dit, joandako 30 urteetan ez garela jendartean kapazak izan euskalduntze masibo bat egiteko; baina horretan ere ez dut asmorik baikorra ez izateko. Onena gertatzeko dago, hori da neure buruari esan ohi diodan slogana
Zelan ikusten duzu literatur mundua hemendik urte gutxira?
Oraingoa baino hobea izango da. Zuk erreparatuz gero duela hamar urte argitaratu ziren liburuei, ohartuko zara aurrerapen ederrak egin dituztela idazleek. Ez genuke ahaztu behar, beraz, edizioko tresnak neurri horrexetan hobetu eta berritu beharko direla. Hor barruan sartzen ditut: propaganda, hedabideen konplizitatea, prestigio soziala, dendetako presentzia, salmentak handitzea, nazioartera urrats batzuk egitea. Beti egongo dira egiteko premiazkoak.
Eta orain, zer?
Lan bat topatu behar dut, bi seme-alaba ditut-eta. Gustatuko litzaidake izatea, edo lan oso apal bat edo bestela ohiz kanpokoa. Bata zein bestea, doitasun antzeko batekin egingo dut. Doitasuna, hori izaten da nire helburua.