Donostia - Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak martxan jarri dute dagoeneko Jokin Zaitegi Sariketa, Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko asmoz antolatzen den egitasmoa, hain zuzen.
Aurten, Suediako Akademiak Kazuo Ishiguro idazle japoniar-britainiarrari eman dio Literaturako Nobel Saria, eta horrenbestez, aipatu idazlearen The Remains of the Day eleberria euskaratuko da. Sariketak Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntza jaso du.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Ishiguroren liburua itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketan.
Horretarako, antolatzaileek proposatutako pasartea euskaratu beharko du parte-hartzaileak, eta egindako lana AED Elkartera bidali (aed@aedelkartea.eus). Lanak aurkezteko epea abenduaren 22an amaituko da.
Asun Garikanok, Xabier Olarrak eta Xabier Payak osatutako epaimahaiak aztertuko ditu lanak, eta irabazlea 2018ko urtarrilaren 15a baino lehen jakinaraziko du. Irabazleak 6.000 euroko saria jasoko du eleberria itzultzearren. Elkar-rek argitaratuko du Ishiguroren obra euskaraz, 2018ko Durangoko Azokarako ahal dela. - E. Press/DNA