donostia - Kronika eta fikzioarekin jolastuz, Irazuk orain dela 50 urte euskara rock eta twist nola sartu zen munduan ikertu du. “Euskara ez bada sartzen orain modan jartzen diren musiketan”, adierazi du, “ez da ailegatuko jende oso ezberdinetaraino”.
Liburu hau egiteko ideia nola sortu zen?
-Interesa neukan jakitea nola rocka sartu zen bertsolari munduan. Bi parabola aurkitu nituen. Zer gertatu da 60ko hamarkadatik honaino bertsolariak doinu berriak eta estetika berriak hartzeko, eta zer gertatu den rock mundua bertsolaritza barruan sartzeko. Hor konbergitzen dute bi gauzek. Modernizatu egin dela bertso mundua eta aldi berean, hainbat estilotan euskara sartu da. Bi prozesu hoiengatik rocka eta bertsolaritzaren akelarrea gertatu da.
Zer prozesu edo dokumentazio jarraitu duzu?
-Rock disko zaharrak begiratzen hasi nintzen. Andoaingo gaztetxe batean banekien bi esperientzia zeudela bertsoa eta rocka lotzen zutenak. Bap!! eta Ximorra taldeak ziren, erabat ahaztutak geratu zirenak, eta baneukan irudipena hor istorio bat idazteko aukera zegoela. Orduan hasi nintzen lehendabiziko euskarazko rock diskoak begiratzen eta ikusi nuen bertsoa, bertso idatzia edo bertsolariaren begirada, askotan agertzen zela. Beste aldetik, topo egin nuen 1964an Joxe Mari Iriondok Uztapideri egindako galdera batekin. Ea jarraitzen zituen rock and roll eta twist doinuak eta ea ikasten zituen. Han zegoen beste istorio bat idazteko eta azkenean bi prozesu hauek nola gertatu diren azaldu nahi nituen.
Kronika eta fikzioarekin jolastu duzu liburuan.
-Kronika batzuk daude, liburuak kronologia bat jarraitzen duelako. Badaude egun eta urte jakin batzuk kronologikoki nik aipatzen ditudanak eta zenbaitetan kronika itxuraz idazten ditut zer girotan gertatu ziren kontatzeko. Esatebaterako, Hertzainaren lehendabiziko kontzertua erabateko punk giroan izan zen. Hori deskribatu nahi nuen horrela gertatu zen eta. Gero fikzioa agertzen da ipuin batekin, Demesio Etxanizek egindakoa. Fabula txiki bat egitea gustoko nuen gertatu ez zen zerbait konta-tzeko, bere garaian gertatu ezin zelako, baina gaur egun gertatu zitekeelako.
Euskara kanpoko doinuetara ateratzea inportantea da?
-Noski. Euskarak beharrezkoa du espazio guztietara iristea. Ez bada sartzen orain modan jartzen diren musiketan, rapean, rockean, hardcorean edo funkyan adibidez, ez da ailegatuko jende oso ezberdinetara. Euskara sartzen da beharrezkoa den espazioetara. Horrela zen duela 50 urte eta horrela da gaur egun. Hemendik 50 urtetara berdin izango da. Euskara beti egon behar da jendearen artean bizirik egoteko.
Zer uste duzu esango zuela Uztapidek gaurko bertsolaritza eta rockari buruz?
-Harrituta geratuko zen eta seguruenik ez zuen ulertuko. Baina garai hori beste garai bat zen, beste gakoak zituen. Jendea baserritik zetorren, Elizari erabat lotuta zeuden, eta ikuspuntua oso diferentea zen. Orduan, ez bakarrik Uztapideek, nire amonak ere ez zuen ulertuko. Beste gizarte bat zen, baina uste dut Uztapide poztu egingo li-tzatekeela zenbat gazte gaur egun bertsoak abesten dituzte ikusi eta gero.
Sinopsia. Lehendabizi euskara sartu zen rock eta twist izeneko lurralde arrotzetan, ondoren bertsoa barneratu zen hor barruan, eta behin bertsoa doinu horietan ezkutatuta, pop rock kulturako abesti bakar batzuk bueltan etorri dira bat-bateko bertsolaritzara. Liburua bertsoa eta rockaren arteko harremanari buruzko saiakera da.
Argitaletxea. Pamiela etxea.
Urtea. 2017.
Orriak. 240.
Egilea. Alberto Irazu.
Webgunea. www.pamiela.com