Ameriketako Estatu Batuetako bihotzean eta cowboy-en garaian girotutako mundu ireki batean oinarritzen da Red Dead Redemption 2, aurrez GTA V edo Red Dead Redemption sarituak sortu dituen RockStar etxearen azken argitalpena. Gogo handiz ari gara joko honi itxaroten. Aurreko entregaren aurrekaria izango dela ematen du eta, zurrumurruek diotenez, New Orleansen kokatuko da. PC, PS4 eta XBOX ONE plataformetarako garaturiko western abentura honek izugarrizko atmosfera eta girotze zaindua dauka, bakarka edo baita taldeka online jolasteko aukerarekin.

RDR2 cowboy edo western epopeia bat da kanpotik ikusita, baina barruan bere bizitza aldatu nahi eta beti lortzen ez duen jendearen istorio eder eta tristea kontatzen digu.

Pieza honen abenturaren protagonistak, Arthur Morgan (lehen argitalpenean agertu zen John Marstonen antagonista) iheslari eta bidelapurra eta Van der Linde izenez ezaguna den banda bat izango dira, zeinak bizirik iraun ahal izateko Ipar Ameriketako lur amaigabe eta nabarretan barna lapurretak eta borrokak eginez bidea egin beharko duten.

Jokoaren xehetasunetan sartuz, eta beti ere egon diren filtrazio eta zurrumurruei kasu egiten badiegu, badirudi saga honen bigarren zati hau, lehen aipatu bezala, aurrekoaren aurrekaria izango dela. Hasteko, mapetan agertzen den Blackwater gunea lehen edizioaren berdina izango delako. Baina aldi berean, mapa berri honetan, beste gune batzuetan agertzen den trenbide hori ez dagoela ohartuko garelako.

Horrek istorioa urte batzuk lehenago gerta-tzen ari dela adierazten digu, trenbidea oraindik ere mendebaldera luzatzen ari zireneko garaian. Teoria horrekin jarraituz, trama ekialderago kokatzen da, historikoki zentzua hartuz, non, garai hartako benetako Mendebalde Urrunaren muga gutxi gora-behera horraino iristen baitzen. Herriak, kokalekuak, kanpamentuak, presak, gangsterren ezkutalekuak, haziendak, kobak eta kartzela bat ere ager-tzen dira filtratu den mapa horretan.

Badirudi lehen edizioko pertsonaiak ere agertuko direla. Hau espekulazio hutsa da momentuz, baina jokoa aurrekari bat delako hipotesia onartzen badugu, trailerraren amaieran agertzen den cowboy-etako bat Bill Williamson dela dioenik ere bada. Modu berean, trailerraren amaieran agertzen den taldeak John Marstonen gangster banda zaharra ordezkatu dezake. Bertan daude Dutch van der Linde, Williamson, Javier Escuela eta London Ricketts pertsonaia legendarioak. Rock-Star etxeak lehendik ere pertsonaia zaharren erreferentziak sartu izan ditu GTA bezalako jokoetan eta ez da harritzekoa izango oraingoan ere John Marstonen agerpenen bat edota agian protagonismo gehiago duen eszenaren batzuk agertzen bazaizkigu.

Grafika eta musika ezin hobeak, akzioa nahi adina, ondo borobildutako istorio heldu bat eta girotze oso zaindua, berebizikoak dira joko honetan. Hasiera batean 2017aren hondarrean salgai egongo zela esan bazuten ere, azkenean 2018ko lehen hilabeteetarako dituzte aurreikusita argitalpen ofizialak. Ziurrenik, beraz, udaberrirako, apirila edo maiatza alderako eskuragarri izango dira.