Yasmina Reza idazle frantziarraren Le dieu du carnage obra entzutetsua euskarara ekarri zuen Martin Agirrek, eta ibilbide arrakastatsua ontzen ari da antzezlana euskal oholtzetan. Duela urtebete estreinatu zuten euskaraz eta urrian erdarako bertsioa taularatuko dute, Getxon. Aitziber Garmendia, Mikel Losada, Tessa Andonegi, Andoni Agirregomezkorta eta Mikel Laskurain aktoreak aritu dira protagonisten roletan, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean.
Eztabaida batean, gaztetxo batek beste bat adar batekin jo du eta, ondorioz, hortzak apurtu dizkio. Jainko Basatia antzezlana zauritutako gaztearen gurasoek beste gurasoak etxera gonbidatzen dituztenean hasiko da. Semeen arteko auziaz hitz eginez, modu zibilizatuan afera konpontzea da helburua. Pixkanaka, ordea, okertu egingo da kontua eta hasierako modu lasaiak guztiz aldatuko dira. Horixe Jainko Basatia-ren muina.
ALKOHOLAK BEROTUTA Alkoholaren eragina nabarmentzen denean zuzentasuna alde batera uzten dute pertsonaiek eta bakoitzaren alde basatia azaleratuko da. Taula gainean lau aktore ikusiko ditugu: Ane (Aitziber Garmendia) Alexen emaztea da eta banku baten egiten du lan. Emakume lasaia dirudi, baketsua, alkoholaren aparretan murgiltzen den arte. Alex (Mikel Losada) arrakasta handiko abokatu gaztea da, zintzoa, burlatia, zuzena, eta mugikorrik izan ezean, galduta dabilen horietakoa. Manu (Andoni Agirregomezkorta / Mikel Laskurain) Veronikaren senarra da. Burdingilea, gizon lasaia eta emaztearen gonapean bizi dena, bileran zehar lehertzen den arte; emaztearen kontra eginez, bere alderdi iluna agertuko du. Azkenik, Veronika (Tessa Andonegi) kultura handiko etxekoandre aurrerakoia da.
Trago pare bat hartuz gero, itxuraldatu eta bere frustrazio guztiak azaleraziko ditu Andonegik gorpuzten duen pertsonaiak: “nire pertsonaiak barruan daukana jainko basatia da eta ezin du hori saihestu”, azaldu du aktoreak “Gainera, alkoholak lagunduta, pertsonaiak berotzen joango dira antzezlanean zehar. Instintu guztiak askatuko dituzte. Antzezlan osoa egongela batean gertatzen da, bertan pertsonaien bilakaera oso argi ikusiko delarik”, dio Andonegik.
Tentsio horren guztiaren artean, baina, irri egiteko hamaika une ditu an-tzezlanak, “hau guztia kontaketaren sakonean dago, ikusi nahi duenaren-tzat”, uste du Andonegik. Hori horrela, pertsonaiak hain patetiko ikusita barregura sortzen zaio ikusleari. Mikel Losadak dioenez, “gizakia benetan nolakoa den ikusten denean egin ohi dugu barre. “Izaera batekoak garela uste dugu eta benetan ez gara horrelakoak”. Losadaren pertsonaia abokatu arrakastatsua da: “beraren-tzat garrantzitsuena bere lana da, emakumea ondoan du, baina kasu gutxi egiten dio”, azaldu du aktoreak. Losada eta Garmendiak osatzen duten bikoteak ez du umearekin denbora gehiegi ematen, ez dute beraiek hezten, eta, noski, beraientzat euren semea munduko onena da. “Baina, funtsean, ez dute ezagutzen”.
Losadak eta Andonegik antzezlana emakume batek idatzia dagoela sumatzen dela diote. “Emakumezko pertsonaiek pisu handia dute obra honetan, eta pertsonaia konplexuak dira”, Andonegiren ustez. “Pertsonaiak oso aberatsak dira, alderdi asko erakusten dituzte, aktore batentzat oparia da hori”, gehitu du. Losadak gaineratu du “testua ikasteko erraza eta oso logikoa” dela. Gainera, Yasmina Reza zuzendaria bera ere aktorea dela nabaritzen dela dio: “aktoreen-tzat, pertsonaientzat idatzi du”.
KOMEDIA GAZI-GOZOA Jainko Basatia komedia gazi gozoa da: “Ume batek bestea iraindu ostean, makila hartu eta jo egiten du besteak. Biolentzia dago atzean. Zenbateraino dago justifikatuta biolentzia kasu horretan? Finean, hortaz ere badihardu an-tzezlanak”, hausnartu du Andonegik. Losadaren ustez, umeen liskarraren aitzakian, “pertsonaia bakoitzaren miseriak azalerazten dira. Bikotea ere idealizatuta dute, baina errealitatea da bakoitzak bere bizitza duela”.
Ia urtebete daramate han eta hemen obra eskaintzen eta, aktoreek diotenez, “ikusleak barru-barruraino sar-tzen dira”. Losadaren ustez, “ikusleak bere burua identifikatuta sentituko du pasarteren batekin, ez bakarrik seme-alaben heziketaren gaian, bakoitzak bere bizitzaren nahiak non kokatzen ditugun ere bai”.
Bi bikote aurrez aurre: batek babestu egiten du semea, eta besteen postura kontrakoa da. “Bikote batek semea jainkotuta du eta besteak basati bezala hartzen du semea, bi posturak dira kaltegarriak”, uste du Andonegik. Antzezlana, baina, ez dago muturrera eramanda aktorearen ustetan, “gaur egun futbolean ikusten diren portaera batzuk ere ikaragarriak dira; hortaz, horrek frogatzen du pertsonaia hauek ez daudela hain urrun eramanda. Obra hau ez dago errealitatetik hain urruti”.