Kasernarat hirukoak 2016ko urtarrilean eman zuen bere azken kon-tzertua, bost urteko ibilbidea osatu eta bi disko plazaratu ondoren. Ibilbide horretan, taldeko abeslari eta gitarra-jo-tzailea izan zen Eneritz Dueso (Irun, 1993). Taldearen ibilia bukatuta, musikagintzan etenaldi bat egin zuen iaz eta Eneritz Furyak izen artistikoarekin itzuli da aurten musikaren eszenara, ‘Atrezzo’ diskoarekin, bere kantaera berezia eta gitarra akustikoaren doinuak uztartuz.
Zer dela-eta erabaki duzu bakarkako ibilbideari ekitea?
Egia esan, Kasernarat taldean hasi eta denbora gutxira hasi nintzen bakarka ere nire kabuz lanean. Oraindik taldean nengoela, proposamen bat jaso nuen bakarlarien jaialdi batean jotzeko. Baiezkoa eman nuen, eta hortik aurrera kontzertu gehiago etorri ziren. Denborarekin kantuak bakarkakora gehiago bidera-tzen hasi nintzen; ez nituen ikusten taldean jo-tzeko. Denbora igarota, ohartu nintzen mozketa bat behar nuela musikarekiko eta epe batez alboratu egin nuen guztiz. 2015eko hondarrean Kasernarat uztea erabaki nuen.
Zertarako balio izan zizun musikatik kanpo egon zinen tarte horrek?
Nire musikatik eta orokorrean musikaren mundutik aldendu nahi nuen. Musika egiteaz gain, milaka kontzertutara joaten nintzen, burbuila batean bizi nintzen eta mundu horretatik urrundu nahi nuen aldi batez. Esperimentu moduko bat izan zen, nola sentitzen nin-tzen ikusteko. Diskoko abesti batzuek islatzen dute musikarekin pozik ez nengoen momentu bat. Zentzu horretan, musikara nola itzuli naizen erakusteko modu bat da ‘Atrezzo’.
Diskoan badira Kasernarat-en garaiko abestiak baina baita ondorengoak ere.
Bai. Hasierako kantuak eta etenaren aurreko berriagoak bildu ditut, hamar guztira. Diskoa bilduma bat da: orain arte egindakoa bildu, eta nire burua aurkezteko modu bat. Era berean, modu bat da kontatzeko hau ez dela proiektu berri bat, lehenagotik dator, baina orain markatuago dator. Uste dut entzulearentzat ez dela izango sekulako saltoa, baina niretzat bada beste urrats bat, norabide berri batean.
‘Atrezzo’-k badu folketik eta rock-etik, baina badu kantautore kutsu hori ere, eta, diozunez, baita ‘punk arima’ ere.
Ni punketik nator, musikan eman nituen lehen pausoak estilo horretako taldeetan eman nituen. Esango nuke badagoela, bai letretan eta jotzeko moduan, nolabaiteko punk arima. Baina, batez ere, disko honen egiteko modua da punkia. Diskoa etxean grabatua izan da, nire kabuz ia-ia osorik. Zentzu horretan, badago do it yourself filosofiarekin bat egite bat.
Literaturaren munduan ere ibili izan zara. Horrek ere badu isla abestien letretan.
Beti esango dut musika egin baino lehen zerbait egiten banuen hori idaztea zela. Musika beranduago etorri zen nire bizitzara. Txikitan poemak idazten nituen. Eta uste dut islatuta gelditu dela hori abestietan. Orain ez dut astirik topatzen idazteko, eta nire zirrikitua gehiago da musika. Probesten dut idazketarako zaletasun eta gogo hori musikarako.
Nondik dator zure izen artistikoa?
Historia bitxia da. 18 urterekin Furyak izeneko blog bat sortu nuen eta bertan kontzertuetako argazkiak eta kronikak idazten nituen. Joko literario bat egin nuen izen horrekin, greziar mitologiako furiekin eta furia gaztelerazko hi-tzekin. Gerora, blogaren izena nire abizen artistikoa izatera igaro da.
Autoekoizpena muturreraino eraman duzu, baita musikatik harago doazen zereginetan ere: diseinua, bideoklipa, webgunea, kontzertuak lotzea? dena hartu duzu zeure gain.
Horrela lan egin dut bakarrik aritzeak ematen dizun askatasunagatik. Urte askotan jendearekin lan egin izan dut, eta oso ondo. Baina horrek lotzen zaitu inoren data eta denboretara. Nahi nuen erritmoa neuk markatu, eta ekonomikoki hori egiteko modu bakarra diskoa nik neuk grabatzea izan da; noski, besteen laguntzarekin. Gauza asko ikasteko balio izan dit ia-ia dena nik egin beharrak.
Musikari baino, artista polifazetikoa zarela esango zenuke?
Niri lotsa ematen dit artista etiketa horrek, baina egia da musikari izenarekin ere ez naizela guztiz identifikatzen. Sortzaile hitza gehiago gustatzen zait. Eta niretzat sortzea esperimentatzea da, ikustea zer egin dezakezun eskura dituzun tresnekin eta zure ingurunearekin.
Zenbait abestitan kolaborazioak izan dituzu, baina zuzenekoetarako formatu soila darabilzu: gitarra eta zu zeu. Ez duzu inor alboan falta bota-tzen?
Oraingoz bakarrik ari naiz, baina ez dut ezer baztertzen. Badauzka abantailak bakarrik ari-tzeak, besteak beste, eramangarriagoa da proiektua. Beti ematen du babesa ondoan taldekideak izateak, baina horrek ere lanketa bat eskatzen du, taldea ere landu egin behar baita. Gainera, gehiago enkajatzen dut tabernetan edo areto txikietan, oholtza handietan baino. Erosoago sentitzen naiz leku intimoagoetan, bai kontzertuak ikusteko, bai zuzenean aritzeko.