Zazpi urte dira jada Maite Martinez de Arenazak (Aretxabaleta, 1972) Bilboko Solokoetxe auzoan La Taller gunea ireki zuenetik. Urte hauetan guztietan, teknika grafikoen bitartez sortutako arte irudien ekoizpena, edizioa eta zabalkundea izan dira espazioaren eginkizuna. Iaz, Eusko Jaurlaritzaren eskutik Gure Artea saria irabazi zuen guneak, arte plastiko eta ikusizko arloan egindako lanaren aitortza gisa.
Orain, aurrerapauso bat emanez, arteari zuzendutako lokal honen parean beste gune bat ireki du Martinez de Arenazak, Tania Arriaga (Iruñea, 1972) kazetari eta irakaslearekin batera. Erredakzioa izeneko txokoa La Taller galeriaren hedapena dela azaldu dute. Gainera, “oso modu naturalean eta presiorik gabe” sortutako proiektua izan dela kontatu du Martinez de Arenazak. Erredakzioa-rekin teknika grafikoa eta inprentaren teknologiak uztartu nahi dituztela jakinarazi du galeriaren arduradunak. Hala, testuak ekoizteko eta hedatzeko bulego gisa planteatzen dute Solokoetxeko “laborategi berria”. Testuak sortzeko, jada erabiltzen ez diren makina eta baliabideez hornitu dira.
KURIOSITATEAK BULTZATUTA Martinez de Arenazaren arabera, egitasmo kultural honek “helburu askori ematen dio erantzuna”. Alde batetik, jakinarazi du, inprimatzeko sistema tradizionalekin beti izan dutela nolabaiteko harremana: “Atzerrira joaten ginenean tailer askotan testuak egiteko makinak berreskuratzen zituztela ikusten genuen”. La Tallerren, ordea, irudia izan da beti landu dutena eta, orain, testuak sortzeko antzinako sistemak erakarrita jarri dute martxan proiektua. “Makina hauekiko kuriositateak eraman gintuen laborategi txiki hau muntatzera”, kontatu du arduradunak. Bestalde, La Taller soto batean kokatzen denez, bertan egiten dena jendeari erakusteko “erakusleiho” bat izatea ideia ona izan zitekeela otu zitzaien.
Martinez de Arenaza Arte Ederren mundutik dator; Arriaga berriz, komunikazioarenetik. Hori kontutan hartuta, “kazetaritza eta honen inguruan gaur egun ematen ari diren fenomenoen gainean hausnartzeko gune bat” sortu nahi izan dute. Izan ere, Arriagak hainbat urte eman ditu Estatu Batuetan doktoretza egiten, eta bertan sare sozialek eta informazioaren munduak oro har ekarri dituzten aldaketak ikustean zerbait egin behar zuela erabaki zuen.
Pentsatu eta berehala jarri ziren martxan. Minerva deituriko inprimagailu zahar bat erosteko asmoz, bigarren eskuko produktuak salgai dituzten webguneetako batean sartu ziren eta bilaketan agertu zen lehena ikusi bezain laster, saltzailearekin harremanetan jarri ziren. Berarekin geratu eta proiektuaren nondik norakoak argitu behar izan zizkioten. “Gizonak esku formaletan utzi nahi zuen makina”, kontatu dute. Azkenean, ehun urtetik gora dituen Minerva bat erosi zuten eta saltzaileak chivaletea deituriko tipoz beteriko tiradera handi bat eta 40ko hamarkadako gillotina bat oparitu zizkien. Kantabriara joan behar izan ziren makinen bila, “abentura bat izan zen dena ekartzea, izan ere, inprimagailuak soilik 500 kiloko pisua du”, kontatu dute.
Minerva berunezko edo egurrezko tipoak jartzeko makina bat da. New York Times egunkariak 50eko hamarkadan oraindik erabiltzen zuen eta Bilboko La Gaceta del Norte-k ere 1976an teknika honekin lan egiten zuen. “Erredakzio-ko erakusleihoaren aurretik pasatzean eta makina ikustean harrituta gelditzen da jende nagusia, duela gutxira arte beraiek ere tresna honekin lan egin izan dutelako”, kontatu du Martinez de Arenazak.
Erredakzioa martxan dago jada eta lehendabiziko proiektu espezifikoa ere bai: erreportaje bakar bateko Minerva aldizkari ilustratuaren ekoizpena. Mirentxu Purroi kazetariak Trump fenomenoaren inguruan idatzitako testua bilduko du eta Higi Vandis artista arduratuko da irudiez. Inprimagailu zaharra portada edo sarreren testuetarako erabiliko dute; gainerakoa, berriz, modu digitalean inprimatuko dute. Ilustrazio guztiak ere Minervarekin egingo dituzte.
Hamalau orrialdeko aldizkaria izango da eta 250 ale argitaratuko dituzte. Sare sozial eta webgunearen bitartez ere eskuratu ahalko da. Ale guztietan, kazetariak idatzitako hizkun-tzan argitaratuko dira testuak; Purroirena, esaterako, gaztelaniaz izango da eta webgunean itzulpenak euskaraz eta ingelesez ere egongo dira. Aldizkariarekin omenaldi txiki bat egin nahi diete kazetariei ere. Izan ere, arduradunen ustez, “lanbidea desprestigiatuta dago”.