iruñea - Patziku Perurenak (Goizueta, 1959) Goizuetako dokumentu zaharrak (1324-1918) liburua argitaratu berri du Pamiela argitaletxearekin eta Euskarabidearen laguntzaz. Herriko udal eta eliza artxibategian egindako ikerketa lan sakonaren ondorioz dator lan hau, batez ere herriko “etxea eta jendea bihotz eta ardatz” dituena. Hizkuntza, toponimia, etxeen izendegiak, lege kontuak... Hainbat dira liburuak erakusten dituen aldeak, betiere errealitate beraren bueltan: Goizuetako historia. Egileak atzo aurkeztu zuen liburua Iruñeko Elkar liburudendan, Paula Kasares hizkuntzalari eta Euskarabideako kidearekin batera.
“Liburu honen balioa ezin da azaldu herrietako eliz artxiboak eta udal artxiboak kontutan hartu gabe” aldarrikatu zuen egileak atzo. “Azpimarratu nahiko nuke hauek baztertuak, despreziatuak eta haintzat hartu gabeak daudela, zorrotz eta ozen esaten dut. Euskal Herriko herri guztietako alkateei esango nieke artxibo hauek behar bezala baloratzeko eta herrian herrikoa errespetatzeko eta jendearen eskura jartzeko”. Izan ere, Perurenak “izugarrizko sator lana” egin izan du, Kasaresek adierazi moduan, lan hau argitaratu ahal izateko.
Lanean, Perurenak Goizuetaren historian garrantzia handia izan duten dokumentuak bildu ditu. Zaharrena, atzokoan zaldu zuen moduan, liburuari hasiera ematen diona da, 1324ko burnia merkaturatzeko legea. “Burniak Goizuetan garrantzi handia izan du”, azaldu zuen. “Mendez mende, 1800 bitarte edo, hor jarraitu zuen legea izan zen, burnia portuetara ateratzeko pribilegio bezala. Behin bueltarakoan, ordea, jendeak pribilegio hori baliatzen zuen olioa, bakailua eta bestelako materiala ekartzeko. Alegia, tranpak egiten zituzten”.
Goizuetako XV. Mendean Orreagarekiko zuen menpekotasuna agerian uzten dituen bi dokumentu biltzen ditu Perurenak, halaber, liburuan. Lehenengoa 1406koa da, herriak Orreagako fraideekin egin zuen akordiorik zaharrena eta aurrenekoz argitara ateratzen dena. Ondoren, Pedro Nafarroakoa mariskalak 1510ean emandako sententzia ere agertzen da, Goizueta eta Orreaga arteko auziaz, halaber.
Etxea, pilota eta urdeak Auzi eta lege dokumentuez aparte, bildumak ekarpen handia egiten du orduko etxe eta lekuen argitaratzearekin. Kasaresek atzokoan azpimarratu zuen bezala, liburuaren balio handienetako bat toponimiaren eta etxeen izenen dokumentuak argitaratu izana da: “Agertzen dituen datu eta testigan-tzak oso baliotsuak dira. Bistan da gure kulturan eta gure tradizioan etxeak izan duen garrantzia, etxea ez da bizitegi hutsa izan, etxea betebeharren eta eskubideen subjektua izan da, unitate sozioekonomikoa, norbanakoei izena ere eman dien erakundea. Alde horretatik, eztabaida ezina da lan honetan dagoen balioa”.
Pilotari buruzko datu aunitz eskaintzen ditu, halaber, Perurenaren lanak. Pilota plazatik frontoira (1737-1915) atalean, esaterako, eskuzko pilotaren sorrerako “blé” izena aipatzen den dokumentu zaharrak agertzen dira.
Perurenaren arabera, txerriek “sekulako garrantzia” izan dute Nafarroako eta, orokorrean, Euskal Herriko historian eta kulturan. Hala, liburuan agertzen duen bezala, “Orreagako fraideekin batera erabakiak hartzeko” biltzen ziren goizuetarrak, “eta zer nolako ezkur urtea zen elkarrekin aztertu ondoren, zerrien kontua atera ohi zuten gozuetarrek etxerik etxe”.