Emakume gazte euskaldun baten bizitza ardatz hartuta, gai asko uztartu ditu Ka-ttalin Miner kazetari eta militante feministak Nola heldu naiz ni honaino bere lehen eleberrian (Elkar). Familia, bikote eredua, heteroaraua, baina batez ere, erabakiak hartzeak dakartzan zailtasunen inguruan gogoeta egin du.

Aurkeztu iezaguzu Jezabel, liburuko protagonista.

Itxuraz behintzat, gauzak ondo doazkion emakume gaztea da Jezabel. Karguz igo dute enpresan, lagunak ditu eta espero ez zuen heren-tzia bat jasoko du. Erabaki handien aurrean ez dauka arazorik; adibidez, etxe bat erosi eta hipoteka bat sina-tzen du ia-ia pentsatu gabe. Baina bat-batean, erabaki, itxuraz, sinple batek ez aurrera ez atzera utziko du, blokeatuta, eta hortik aurrera dena jarriko du zalantzan. Bere burua oso segurutzat daukan pertsona batek krak bat egiten du nobelan.

Erabakien inguruko hausnarketa eginez, zure belaunaldia bizi den testuinguruan jarri nahi izan duzula esan duzu.

Bai. Argi nuen erabakien inguruko liburua izatea nahi nuela. Hori dela eta, pentsatzen hasi nintzen nire belaunaldiko eta nire inguruko jendeak zein erabakiri egiten dien aurre bizitzan. Askotan esaten da gurea aukeren belaunaldia dela. Esan zaigu dena daukagula irabazteko, dena daukagula eskura. Beraz, gure eginbeharra zer nahi dugun erabakitzea dela. Ematen du gurea askatasunaren belaunaldia dela, eta uste dut hor badela beste tirania bat, uneoroko aukeratu behar hori. Jakin nahi izan dut hori ze punturaino den askatasuna eta ze punturaino lotura. Hainbeste aukera izateak kateatu ere egiten gaituelako etengabe erabakitzera. Jende askok esan dit eleberrian kontatzen denarekin identifikatuta sentitu dela.

Eleberria kritika bat ere badela esan duzu: kritika bat gizarteak ezartzen dizkigun helburuei, eta horiek ezin betetzeak sortzen digun larritasunari.

Uste dut etengabe erabaki behar horrek eramaten gaituela neurosi askotara. Liburu hau neurosi baten kontakizuna da. Hemen badago ikuspegi kapitalista bat ere. Hau da, aukeratu nahi dugu, baina ezer baztertu gabe, ezeri muzin egin gabe. Dena den, ez nuen kapitalismoaren oso kritika zuzena egin nahi; kapitalismoa leku askotatik kritikatu daiteke, baina azken batean maila pertsonalera eraman dut, sotilagoa den forma horretatik kritika bat eginez. Horregatik liburua da halako neurosi bat, eta neurosi hori gauza txikienetatik ere sortzen da sarritan, ez da bizi hautu inportanteenetatik sortzen beti. Askotan, erabaki txikiek askoz gehiago aldatzen dute gure bizitza erabaki handiek baino.

Jezabelen noraez hori baliatu duzu beste gai batzuk mahai gainean jar-tzeko: familia, bikote harremanak, heteroaraua? Argi zenuen hasieratik liburuan zein gai landu nahi zenituen?

Erabakiak hartzeari buruz idatzi nahi nuen; eta beraz, hasieratik argi nuen erabaki horietako batzuk zein eremukoak izango ziren: harreman sexu-afektiboak eta lana, esaterako. Hasieran, eleberri proposamena aurkeztu nuenean, buruan nuen ideia zen pertsona batek bere bizi-tzako hainbat alorretan aurre egin beharko zizkien eszena batzuk irudikatzea. Gero konturatu nintzen astuna izan zitekeela planteamendu hori, egunerokotasunean erabakiak ez direlako askotan hain modu kon-tzientean hartzen, baina era berean hainbat hautuk gurutzatzen gaituzte egunerokoan.

Elkarrizketa gutxi ditu liburuak, protagonistaren burutazio eta gogoetek hartzen dute protagonismoa, baina eleberria bizia eta arina da halere.

Kontziente nintzen lehen pertsonan idazteak bazeukala kontakizuna astun bihurtzeko arriskua, gogoetetan gehiegi sakontzekoa eta, ondorioz, irakurlea gogaitzekoa. Beraz, argi neukan nobela laburra izango zela. Azkeneko zuzenketa eta orrazketa guztia orriak kentzea izan da, eta horixe izan da zailena niretzat. Bestalde, liburua irakur-tzen duen edonor konturatuko da perfekzionismoa ez dela nire puntu fuertea. Okurritu ahala bezala daude iritziak eta burutazioak liburuan. Idazketa aldetik nahi nuen estilo soil bat, eta uste dut lortu dudala. Sarritan egiten diren gogoetak sakonak direnez, estiloak eman behar izan dio arintasuna kontakizunari.

Lehenengo pertsonan idatzi duzu istorioa. Ez duzu uste jendeak Kattalin topatu nahiko duela eleberrian?

Baliteke jendeak Kattalin ikusi nahi izatea. Irakurleak pentsa dezake pertsonaiak asko duela zuretik, baina nik oso urruti sentitu dut. Hau ez da autofikzioa; kontatzen dena ez da nik pentsatzen dudana edo niri pasa zaidana. Hasieran beldurra neukan niretik zenbat jarriko nion pertsonaiari, baina gero konturatu naiz sekulako distantziarekin idatzi dudala, idazten nengoela hala sentitu dut. Nire intentzioa ez da izan pertsonaiarengandik urruntzea, baina horrela eman da.

Eleberriak badauka puntu gordin eta ilun bat, baina baita umorea eta ironia dosi andana ere. Konbinazio interesgarria sortu duzu.

Argi nuen krisi edo neurosi bat planteatu nahi banuen, eta horixe zen helburua, tonuak ezin zuela izan oso dramatikoa. Nik uste gure belaunaldiaren beste ezaugarri bat dela denok gaudela uneoro krisian, denok ditugula momentu kritikoak, eta hala ere aurrera egiten dugula, ez dela mundua amaitzen. Egon zaitezke une batean kateatuta, gaizki edo bizitzari zentzu handiegirik topatu gabe, baina hala ere aurrera egiten duzu. Krisi horiek bizitzaren parte dira. Hori ere islatu nahi izan dut gauzak kontatzeko era horrekin. Argi neukan pisu dramatikoa kendu nahi niola istorioari, arindu, puntu komiko bat eman.

Eszena erotikoak ere tartekatu dituzu.

Bi sexu eszena daude. Bietako bat, eszena erotikoa izan arren, aitzakia da beste gauza batzuk kontatzeko. Bigarrena, berriz, nahita sartu dut, bi arrazoirengatik: batetik, uste dudalako euskal literaturan literatura erotikoaren gabezia handi bat dagoela, eta are gehiago literatura erotiko lesbikoan, kasu honetan den bezala. Eta, bestetik, liburuaren bakarrizketa tonuari arnasa eman nahi niolako ere sartu ditut pasarte horiek, protagonistaren barne pentsamenduari aire apur bat emateko.

Eleberri proiektua aurkeztu zenuenean beste izenburu bat jarri zenion liburuari. Behin amaituta, aldatu egin zenuen. Zergatik?

Hasierako proiektuak beste izenburu bat zuen: Kafe beteak. Istorioa idazten ari nintzela ez nion kasurik egin izenburuari eta maketatzera bidali aurretik birpentsatzea proposatu zidan editoreak. Egia esan, horixe izan da idazketa prozesuan izan dudan blokeo bakarra. Nola heldu naiz ni honaino esaldia Anarirena da berez, eta liburuan behin baino gehiagotan errepikatzen da. Berari eskatu nion ea erabili nezakeen izenburu moduan eta ideia bikaina iruditu zitzaion. Uste dut oso izenburu aproposa dela, eleberriaren muina ondo laburbiltzen du. Neure-neurea ikusten dut jada, eta azalarekin ere bikain geratzen da.

Liburuaren bukaera nahiko irekia da. Baduzu istorio hau idazten jarraitzeko asmorik?

Nik bukatutzat eman dut berez, baina jendea dagoeneko ari zait Jezabel gehiago eskatzen? Egia esan, polita izango litzateke kontatzea Jezabelekin aurkitzen diren pertsonaia horien ikuspuntua. Hau da, Jezabel besteen begietan ikustea, orain ikuspegi bat eta bakarra dagoelako liburuan. Horrek emango luke jokoa. Baina orain nahikoa daukat liburuarekin gozatzen. Gerora, batek daki.

Lehendik ere ezaguna zara esparru publikoan. Besteak beste, zutabegile aritu izan zara prentsa idatzian eta mugimendu feministan oso modu aktiboan militatzen duzu. Zer suposatzen du orain zuretzat literaturaren plazara ateratzeak?

Bitxia da. Aurreko batean, hitzaldi batean, lehen aldiz idazle moduan aurkeztu ninduten. Kuriosoa da aste batetik bestera zure denominazio publikoa aldatzea. Baina egia da liburua kaleratu denetik hori, idazle, besterik ez naizela sentitu dudala, nobelaren inguruan asko hitz egitea tokatzen delako orain.

Literatur, eta oro har kultur mundua, ez dira arrotzak niretzako, zalea izan naizelako betidanik. Liburu bat idatzi izanak ez nau aldatzen, orain arte aritu izan naizen esparru bakoitzean bagarelako nor. Feminismoan eta kazetaritzan jarrai-tzeko intentzioa dut, eta idazlearena ikusten dut adjektibo bat gehiago dela.

Etorkizunean beste literatur lanik kaleratzea gustatuko litzaizuke?

Zabaltzen den beste ate bat da. Egunen batean, nork daki. Idazten ez naiz berria, baina egia da orain arte ez dudala inoiz halako ariketa literariorik egin. Eta oso gustura aritu naiz zeregin horretan. Berriro zerbait kontatzeko gogoa edo nahia badut, izan daiteke esparru bat berriz lantzeko modukoa.