Musikari ausarta da Mikel Inunziaga (Zornotza, 1983), eta halakoxea da argitaratu duen lana: ausarta. Izan ere, kantuan hasi zenetik, konbentzimendu osoa izan du beti eman duen pausu bakoitzean. Argi dauka bera dela lemazain bakarra bere bidean eta inora eta inori begira egon barik aurrera egiten jakin izan du. Duela bi urte argitaratu zuen Berreginez izeneko lehen lana eta ordutik emanaldi andana egin ditu Euskal Herrian barrena. Gitarra akustiko soil bat soinean, kantuz ibili da han eta hemen, garai bateko trobalarien antzera. “Beti bakarrik ibili naiz; ohiko kontzertuez gain, bakarlaria naizenez, era askotako ekitaldietan jardun dut: zuzenekoak, emanaldiak, kolaborazioak, jaialdiak? Mugikortasuna eta malgutasuna erabatekoak dira bakarrik zabiltzanean. Moldatu egiten zara etengabe”, kontatu du.

2015. urtean Gutun Zuria literatur jaialdirako deitu zioten eta sei euskal poema musikatzeko eskatu. Gaia ere jarri zioten: erotismoa. Eta bilaketa hasi zuen: “Ez nuen sekula imajinatuko hainbeste poesia erotiko genuela Euskal Herrian”, kontatu du. Gustura aritu zen zeregin horretan eta aurtengo edizioan ere parte hartu du berriro. Delitua gai nagusitzat hartuta, dozena erdi olerki musikatu ditu oraingoan. “Poema musikatuak nituen, Gutun Zuria-n eta Bernardo Atxagarekin egindako emanaldietan idatzitako kantak dira guztiak. Eta horretan oinarritutako disko bat egin nahi nuen, horixe izan da abiapuntua. Poema musikatuen disko bat ateratzeko momentua zela uste nuen”.

Horregatik guztiagatik, gauzak egiteko moduak aldatu ditu bigarren disko honetan eta hazi egin da musikari bezala. “Aurrekoa Tio Pete estudioan egin nuen, zirt eta zart, zuzenean. Oraingo honetan, ordea, harago joan naiz. Nik jo eta grabatu ditut instrumentu guztiak eta sakontasun handiagoa bilatu dut”, kontatu du. Ahotsa, gitarra akustikoa, gitarra elektrikoa, baxua, bateria eta perkusioa, denak bereak dira disko berrian. Bihotz Gorosperen ardura izan da koroak egitea eta Dani Tomasek gitarra konponketak egin ditu bi abestitan. “Horiexek izan dira kolaborazio bakarrak”, azpimarratu du.

Musikariak Galdakaoko Altamira auzoan duen baserrian grabatu du lan berria, urtarriletik uztailera bitartean. Haren esanetan, prozesu luzea eta bakarkakoa izan da. “Apurka apurka eta neure kabuz egin dut. Baserriko ganbaran nire txokoa daukat instrumentu eta baliabide profesional guztiekin. Luxua da horrela lan egitea, hainbeste denbora izatea disko bat grabatzeko, patxadaz, lasai, etxean. Hala, kantuak “irten ahala” grabatu dituela dio.

Disko landuagoa

Bila eta bila ibiltze horrek, abestietan sakondu nahi izate horrek, saria izan du eta disko aberatsa ondu du Inun-ek. “Instrumentazioa askoz ere aberatsagoa da, instrumentu gehiago daude, pista gehiago, detaile gehiago, sonoritate gehiago. Finean, aurrekoarekin alderatuta, disko landuagoa da”. Hi-tzak ez dira bereak eta hor ere prozesua desberdina izan dela kontatu du: “Hartu poema, ondo barneratu, poemak esaten didana sentitu eta zein melodiarekin uztartu dezakedan ikusi. Hori egiten saiatu naiz”.

Eta hortik diskoaren izenburua: Da nola. Karmele Igartuaren olerki batetik lapurtu du ideia zornotzarrak. Musikariaren aburuz, olerki horretan gauzak egiteko moduari ematen dio garrantzia idazleak eta berak ere horixe izan du jomuga: “Kasu horretan, besarkatzeko eta musukatzeko modua azter-tzen du Igartuak, eta nik kantuetara eraman dut hori. Poemei eman diet garrantzia -gehitu du-, baina baita moduari ere, melodia eta hitzaren loturari. Kanta bat egitea oreka bat bilatzea delako. Kanta, genero moduan hartzen dut. Ez hitza eta ez melodia, baizik eta denaren uztarketa bat. Diskoaren abiapuntua hi-tzak izan dira, noski, baina kontua ez da batari edo besteari garrantzia handiagoa ematea”.

Igartuarenaz gain, beste euskal idazle batzuen olerkiak ere aukeratu ditu zornotzarrak: Miren Agur Meabe, Itxaro Borda, Castillo Suarez, Jon Arano eta Jon Mirande. Olerki anonimo bat ere jaso du. Eta, horiez aparte, Atxagaren bi poema ere bai: Etiopia liburutik hartutako Area, “oso gordina, bakartia, desertikoa”, Inun-en ustetan. Eta Egun finlandiar bat, “krepuskularra, oso malenkoniatsua”, musikariaren aburuz.

Kantak bakarka hartu behar direla nabarmendu du zornotzarrak: “Diskoaren motiboa ez da gai konkretu bat, ez dauka jarraikortasunik. Kantak elkarren artean lotzen dituen hari bakarra da euskal poema musikatuak direla. Diskoak kontraste handiak ditu gaiei dagokionez. Kanta bakoitza bakana da”.

Lan berria aurkezteko zuzenekoak ere beste modu batean planteatu nahi izan ditu Inun-ek, eta lehen emanaldia taldean egingo du. “Hori ere berrikuntza da -aitortu du-. Abestiak nik bakarrik grabatu ditudan arren, aurkezpena taldearekin egiteko gogoa neukan”. Eta zeregin horretarako eskarmentu handiko taldea bildu du: Bihotz Gorospe (koruak eta perkusioak), Dani Tomas (gitarra), Ekain Alzola (bajua) eta Argibel Euba (bateria). Nolanahi ere, aurrerantzean edozein formatura egokitu daitekeela adierazi du. “Oso kamaleonikoa naiz, erraz egokitu naiteke”.

Aurkezpen kontzertuan jarriko du salgai diskoa, ostegun honetan, Bilboko Kafe Antzokian. Ordutik aurrera dendetan ere zabalduko du. Auto-ekoizpenaren bidean aukerak daudela dio, eta modu horretan pozik ari dela onartzen du: “Ez nago inorekin, neuk egin dut dena eta horrela jarrai-tzeko asmoa daukat. Ikusita baliabide nahikoa ditudala eta egin ahal dudala, neure aldetik hobeto nabil”.