bilbo - Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984) keinu zirraragarri bezain ederra imaginatu zuen bere buruan eta hori paperera eramatea erabaki. Oparia da, bai liburua eta baita barruan gordetzen den keinua, hurbiltzen diren eta estutzen zaituzten bi besoek sortzen duten emozioa sentitzera gonbidatzen zaituena. Bere Besarkadak lortu du epaimahaikideen arreta; kopla oinarri eta ilustrazioez lagunduta, keinu txiki horren handitasuna helaraztea lortu baitu idazleak.

Zergatik besarkada?

-Orain dela bost urte idatzitako koplak ziren eta une hartan sentitu nuen besarkada bat hitzez jartzeko nahia. Kontu erraza dirudi baina agian keinu sinple horiek dira hitzez harrapatzeko zailenak. Saiatu nin-tzen Bizkaiko kopla zaharren moldea hartuta (horietan lehenengo bi lerroetan naturari egiten zaio erreferentzia, nolabait irudi horrek ilustratu dezan ondoren datorren ideia) besarkada bat harrapatzen, konta-tzen bi gorputzen arteko lotze eta askatze bat, eta gero rolen alderan-tzizkatze bat: hasieran besarkada bat eskatzen duenak ondoren eskain-tzen du.

Kopla hautatu duzu. Poetikatik hurbilago dagoelako da?

-Hori da. Iruditu zitzaidan irudi eta sentsazio batzuk sortzeko kopla oso egokia zela. Hasieratik Mikel Laboaren Sorterriko koplak doinua neukan buruan. Ondoren, argitalpenerako kanta sortu genuenean, erabaki genuen beste doinu bat sortu behar genuela. Ruben Caballerok egin zion beste melodia bat, oso polita.

Keinua aski ezaguna da, baina ez dugu askotan erreproduzitzen.

-Liburu hau oparitzeko balio zuela pentsatu genuen, hau da, liburuaren bitartez besarkada bat oparitu zitekeela. Liburua argitaratu aurretik, grabatutako kanta bat geneukan eta grabazio hori askotan bidali izan nien lagunei. Haiek jasotzen zuten besarkada eta hunkitzen ziren, funtzionatzen zuen.

Helduentzat zein umeentzat da ‘Besarkada’.

-Ez dut esan, bestela saria kenduko zidaten (kar,kar,kar), baina ez neuzkan haurrak buruan koplak sortu nituenean. Gauza da ilustratzen dugunean, askotan irudia lotzen dela zuzenean umeekin eta ez dauka zertan. Adin guztietarako liburu bat da. Egia esan, kopletan aipatzen diren hainbat dirudi ume txikien-tzat ez dira egokiegiak baina mediadore batekin, umeek ere oso ondo jaso ditzaketen koplak dira. Beti gustatzen zait umeentzat idazten dudanean ere, helduei keinu egitea eta alderantziz.

Koplaren eta irudiaren arteko sinbiosi ederra lortu duzue.

-Niri ez lidakete sari hau emango, Maite Gurrutxagaren ilustrazioengatik ez balitz eta aldi berean, Maiteren ilustrazioak ez lirateke sortuko kopla horiek aurrez ez baleude. Gainera, kopla hauek irakurtzen ditugunean, bakoitzak imaginatzen du besarkada desberdina; batek imaginatuko dugu ama bat eta alaba bat, beste batek bi maitemindu imaginatuko ditu,... Hau da, imaginatzen ditugun pertsonaiak eta besarkada hori jaso eta emateko momentuak eta zergatiak oso desberdinak dira.

‘Besarkada’ honek zer berezitasun ditu zuretzat?

-Liburu hau besarkada bat bezain txikia, isila, umila eta aldi berean, ederra da. Kopla horiek ez ziren sortu liburu baterako, nik jaso nuelako besarkada oso garrantzitsu bat. Benetan behar duzunean, beste norbaitek zure gorputza eustea eta norbaitek zuk zure gorputzari jarri ezin dizkiozun mugak jartzea fisikoki, hori denok behar dugu. Umeek behar dute eta helduok ere. Bene-benetan idatzitako koplak dira eta uste dut benekotasun hori jasotzen dela.