Armando zozoa hil egin da eta zerura iristen denean nahi duen bakarra atsedena hartzea eta bakean utz diezaioten da. Ez du lortuko, ordea, ailegatzen den tokia zeru infernua baita. “Zerua eta infernua monopolizatu egin dira kapitalismoaren ondorioz eta jaungoikoak berak agintzen du bietan”, azaldu du Aitor Fernandino aktoreak eta Anodino konpainiako kideak. Kapitalismoa eta krisi ekonomikoa zeruraino iritsi dira, eta Armandok ez zuen espero bere produktibitate eskasak atseden hartzea galaraziko zionik.

Hala, ordubeteko emanaldian, Armandok hainbat pertsonaiarekin eginen du topo. Zeru infernu “berezi eta arraro” honetan, Karonte zaindaria agertuko da, eta baita Juan Jose Luzifer deabrua ere, orain Jaungoikoaren zerbitzaria dena. Horrez gain, Ama Birjinak, Virgiliok, Ama Teresa Kalkutakoak eta enparauek leku batetik bestera eramango dute etengabe Armando, eta lurrean egitekoak utzi dituelako ez du atsedenik hartuko protagonistak. “Antzezlan honek egoera burugabeak, ganberroak eta lotsagabeak aurkezten ditu, barregura eragin nahian”, dio Fernandinok. Zeruan bizi direnak konturatzen dira Armandok ez duela ezer egin bere bizi-tza osoan, eta bertan sartzeko lurreko kontuak konpondu beharko ditu. “Zeru kapitalistaren kapritxoak jasan behar dituen hilotz gizagaixo bati buruzko dibertimendu burugabea da”, gaineratu du Fernandinok.

Florentino Badiola, Aiora Sedano eta Aitor Fernandino igotzen dira oholtzara ikuskizun honetan. Hiruren artean antzezten dituzte obra honetan agertzen diren pertsonaia guztiak, orotara 10 baino gehiago. “Oso antzezlan azkarra da, erritmo handikoa, eta ez dago asper-tzeko aukerarik”, ziurtatu du aktoreak. Askoren artean eginiko antzezlana da Zerura eroria, aktorearen esanetan. Zuzendari lanetan Pablo Ibarluzea aritu da, eta Iñaki Ziarrustak egin du jatorrizko bertsioaren euskarazko egokitzapena. Besteak beste, Enriqueta Vegaren laguntza ere izan dute jantziak egiteko.

Anodino taldearen lehenengo antzezlana da Zerura eroria, baina hiru aktoreek aspalditik ezagutzen dute elkar, horietako bakoitzak talde desberdinetan egin duen arren bere bidea. “Lehenengo aldia da elkarrekin zerbait prestatzen dugula. Momentu aproposa zela iruditu, eta bide honi ekitea pentsatu genuen”, ekarri du gogora Fernandinok. Izan ere, duela bi urte izan zuen jatorria guzti honek. Mikel Fernandinok Bilboko Pabiloi 6rako egindako antzerki labur bat dago obraren oinarrian: Dios ©. “Izan zuen harrera ikusi ondoren, iruditu zitzaigun istorioa luzeago izan zitekeela”, jakinarazi du Fernandinok. Hala, muntaia landuagoa egitera animatu ziren, umore beltz, absurdo eta histrionikoan murgilduz. Fernandino gidoia lantzen hasi, antzezlana luzatu eta Sedanorekin jarri zen harremanetan. Guztira, bi urteko lana izan dela eta “esfortzu itzela” egin dutela nabarmendu du aktoreak. “Taularatzea sinplea” den arren, horrek aukera ematen digu aktoreoi gure gaitasun komikoa muturrera eramateko”, gehitu du Fernandinok.

Umore beltz eta absurdoa Publiko guztientzat egokia da Zerura eroria. “Ez nuke esanen antzezlan familiarra denik, baina adin guztietako jendeak ikusi du eta jaso ditugun erantzunak oso onak izan dira. Bakoitzak istorio desberdin bat ikusten du”, kontatu du Fernandinok. Zerbait “desberdina eta freskoa” eskaintzen dutela uste du aktoreak. Umore beltza eta absurdoa darabilte, eta, horrez gain, bufoi teknikak erabili dituzte antzezlanean. “Euskal Herrian gehiegi egiten ez den zerbait da, proposamen berria”. Horren bidez, ikus-entzuleak “lehertu arte barre egitea”, hori da lortu nahi duten bakarra.

Zerura eroria Anodino konpainiaren lehenengo obra bada ere, taldeko kideek aurrera jarraitzeko asmoa eta gogoa dute. “Baditugu ideia berriak eta gustatuko litzaiguke urteetako ibilbidea egitea. Oraingoz, duguna promozionatzea eta antzeztea da tokatzen zaiguna, gero gerokoak”, dio Fernandinok. Otsailean aurkeztu zuten antzezlana, Leioan, eta herriz herri ibili dira orain arte. “Kritika oso onak jaso ditugu, pozik gaude”, agertu du Fernandinok. Abuztuan atsedena hartuko dute taldekideek, baina ikasturtea emanaldiekin hasiko dute. Irailaren 23an Usurbilgo Sutegi aretoan izango dira, eta azaroaren 18an Donostiako Victoria Eugenian.