Zornotza - Zaila da Etxanotik mundua begiztatzea, mendien atrezzo apartak distraitzen baitu ninia. Finean, mundu bat da Etxanokoa, bakana baina ez bakarra. Hori dena deskubritu behar izan zuen, astiro-astiro, Amurizak, eta menditik mundura egin zuen jauzi, ikasiz bizitzan milaka direla bideak eta beste horrenbeste zidorrak eta bazterbideak. Injustizia ez, injustizia beti da bat.

Zurekin ez da ohikoa, baina atzekoz aurrera jardungo dugu. Hasiko gara narratibarekin?

-Ondo, bai, nahiago.

Aspaldi zenioen bertsoei esker zure mezua zabaltzeko aukera izan zenuela. Orduan, zertarako idatzi?

-Agian besterik egiten ez dakidalako (barrez). Hizkuntzarekin zabiltza, muga barik, artea egin guran... Ederra da hori. Eta, gero, denbora bete egin behar delako ere bai. Askatasun osoz egiten dut eta bete egiten nau.

Zazpi liburu agindu zenituen 2007an. Bost kontatzen ditut nik, agindu duzun ‘Zein ongi bizi zen Ulises’ barne. Bi falta.

-Eta seigarrena ere eginda dago, eta zazpigarrenaren zirriborroa ere bai. Izatez, ordena aldatu dut, honako honek seigarrena behar zuelako izan.

Eta zer kontatzen duzu ‘Zein ongi bizi den Ulises’-en?

-Herriko pentsamendua jasoz gauza handiak egin dira, bai musikan eta baita literaturan ere. Begira, bestela, Guridiren Diez melodías vascas, herritik jasotako melodiak modu kultoan jarrita. Ba hortik doa kontua, nik asko jaso dudalako herritik, eta horietako asko idatzita nituen prentsarako. Hautaketa bat egin eta pasadizoen inbentario bat egin beharrean, nobelaren egitura eman diot, Ulises pertsonaia sortuz... Ea lortzen dudan konpositore horiek lortu zutena: artea egitea.

Zure liburuei eginiko kritika gutxi irakurri dut. Eta daudenak nahikoa egur eman dizute...

-Bai, gehienak kontrakoak dira. Azkena, Mikel Asurmendik egina, 4x4 operazioari buruz, baina hori libelo difamatorio bat izan zen. Argumentu inuzente samarrak erabiliz...

Dakidanez, editatu bako liburuak dira. Agian hor egon daiteke gakoa?

-Ez dakit, ez dut harreman handirik argitaletxe tradizionalekin. Ni gustura nabil paper zuriaren aurrean, literaturan ez dut presio handirik senti-tzen, bertsoetan legez.

Ofizio obsesiboa omen idazlearena. Zure kasuan ere bai?

-Apur bat bai. Ordu asko sartzen ditut... Jubilatu naizenetik, urtean 1.500 ordu idazten ditut, hamar urtetan 15.000 ordu. Ordu bakoitzari hamar euro botata ere, 150.000 euro sasitzara bota ditut. Eta nire jubilazioa ez da oso handia... Horregatik, bertsolaritza asko baloratzen dut, niretzat bizibide bat izan delako ere bai. Aldiz, literatura hondamendia da. Agian kritikaren txalorik ez, baina porrot ekonomikoa irabazi dut.

Orduan, bertsoak eman ez dizun zer ematen dizu idazteak?

-Hizkuntza kontuetan gabiltzanon-tzat bendizio bat da, eta arte sena dugunontzat -eta sinesten dut badudala- hori erakusteko modu bat da. Eta nire pentsamendua erakusteko ere bai. Gainera, bertsolaritzak muga asko ditu, eta narratiban askeago jokatzen dut. Bertsolaritzan ezin duzu diskurtso bat ondo desarrollatu.

Abade, preso, politikari, bertsolaritzan biderakusle, letra eta kantu egile, ikertzaile, idazle, senar, aita... Ausardiaz jokatuta beti?

-Gauza asko egin ditut, baina ez ausarta izan naizelako. Inguruabarrak eramanda edo zirkunstantziei aurre eginez egin dut gauza asko. Neurez, koldarra naiz. Hori bai, jende aurrean berbetan edo bertsotan jarriz hasi egiten naiz. Nire pentsamendua edo sentsazio batzuk transmititzeko bai, ausarta izan naiz beti.

Eta izaera ‘koldar’ horrek kartzelara eraman zintuen.

-Bai, urte intentsoak bizi izan genituen gaztetan, olatu bat zetorren gorantz, neu ere idealista nintzen...

Sei urte jarraian. Erraz esaten da.

-Bagenekien urte pilo bat jasoko genituela gose greba egin genuenean, baina nire planteamentua zuzena zen: ez ginen uskeria batengatik joango. Esan eta izan. Atera genuen agiria gogorra eta gordina izan zen, eta izan zuen oihartzuna...

Zer ikasten da kartzelan?

-Zer edo zer egiten, denbora asko daukazulako. Han guretzat ez zegoen ez tailerrik ez ezer, beraz, buruarekin egin behar zerbait. Hiztegi errimatuaren zirriborroa egin nuen, Hil ala bizi ere bai, Menditik mundurako parte bat... Horrenbeste ere ez, sei urte izateko. Lehenengoko bizpahiru urteetan bazegoen paperak kanpora ateratzeko modurik, baina gero linboan geratu ginen. Esaterako, Hil ala bizi, azpitik atera genuen.

Azpitik?

-Kartzelari baten bitartez. Arrisku handia hartu zuen tipoak. Tunela ere egin genuen, baina harrapatu gintuzten. Tunelarena berari esan edo ez esan pentsatzen egon ginen. Ez genion esan, eta gero, zuloa jausi zenean, zera esan zigun: ¿por qué no me lo dijísteis a mí? Hara!

Eta Torreburuko haur mutua noiz bihurtu zen gizon errebelde?

-16-17 urterekin. Gure herriaren zapalkuntzarena aurretik ere sumatu nuen, baina euskararen galbidearen kontzientzia seminarioan piztu zitzaidan. Gero, Bilboko Verdes-en erosten nituen euskarazko liburuak... Hor, kontzientzia eta errebeldia, biak batera ernaldu zirela uste dut.

Inoiz esan duzu garai hartan Bizkaian ez zegoela bertso tradizio handirik. Bitxia, ezta?

-Gazte nintzela ez. Sasi-bertsolari asko bai, baina plazetan gutxi. Beranduago bai, abade nintzela, Lopategi, Azpillaga, Mugartegi eta abar... Eta gero, 58ko txapelketarekin bai, denak gora egin zuen.

Txapel nagusi bi irabazi zenituen, baina guztiek ez zuten gustuko zure moldea...

-Jende kultoak kritikatu ninduen, anonimo eran. Kritika zabarrak ziren, non euren ezjakintasuna agerian jartzen zuten. Beranduago jakin izan nuen Koldo Izagirre eta Etxezarreta izan zirela. Baina gauza horiek urrunetik ikusten ditut orain, ezelako erreminik gabe.

Bizkaitarra, apaiza, diskurtso diferenteekin... Aldakuntza larregi puristentzat?

-Seguru. Gainera, bertsotan arkaismo asko egon da, eta ni bertsolari-tzaren mekanismoak aztertzen eta azaltzen hasi nintzen. Hori ere sakrilegio hutsa!

Eta aurpegira botatzen zizuten?

-Bai, bai. Jendeak botatzen zidan, nire bertsokera ez zela euren gustukoa eta horrelakoak...

Asko aldatu da bertsolaritza ordutik, zorionez.

-Taberna zulotik atera da, eta orduan eztabaidatzen ziren gauzak orain normal-normalak dira: emakumezkoaren presentzia, diskurtso berriak, bertso-eskoletatik ateratako bertsolarien gorakada... Neu ere horrelakoa izan nintzen eta! Pentsa, garai batean uste nuen euskaldunok baino ez genuela egiten bertsotan, harik eta Martín Fierro irakurri nuen arte.

Bertsolaritzak asko zor dizu...

-Nik ere zor diot bertsolaritzari, eman didalako kariño asko eta bizibide bat. Begira, anekdota txiki bat... Duela pare bat urte, Durangoko Kaixo tabernako jabeak esan zidan nire estreinaldiko bertsoak gogoratzen zituela, hain zuzen, Gernikako Jai-Alain Oskorri taldearekin egindako saiokoak. Buruz entzun eta 40 urte beranduago gogoan zituen oraindik!

Baina zure plazak amaitu dira...

-Bertsolaritzarako gogoa galduta daukat. Ardura eta tentsio puntu bat eskatzen du bertsolaritzak, eta hori kendu dut gainetik.

Badakigu bertsolaritzan dialektika dagoela, irudimena... Eta, politika?

-Politika ere bai. Bertsolaritzan gehienbat ezker abertzalearen mezua entzun izan bada, izan da multzo horretako bertsolari gehiago egon direlako. Baina baita EAJkoak ere.

Beraz, oso hetereogeneoa ez da bertso mundua...

-Ez ba, arrazoi horren erruz. Gutxitan jarri gara gure entzulearen kontra, eta gure entzulea, batez ere, aber-tzalea da. Hori bai, PSOEko entzule gehiago balego, bestelako kontuak esango genituzke. Etor daitezela bertsolari sozialistak eta eman dezatela beraien mezua. Nik ez dut beraien papera jokatuko, ezta?

Noiz ohartu zinen euskara herren zegoela, bertsotan edo idazten?

-Seminarioan, itzulpen batzuk egiten hasi nintzenean. Ez zen erraza...

Berdin jarraitzen dugu?

-Antzera. Hizkuntza biable bat egin nahi badugu, kriterioak aldatu behar dira. Sikiera termonologia erraztuko bagenu... Euskarak, konpetitiboa izan nahi badu, iraun nahi badu, gauza asko aldatu behar ditu. Gure hizkuntzak argitasuna behar du, kriterio sano eta eraginkor batzuk. Eta gero, gurean badago beste arazo bat, euskal koherente askorik ez dagoela. Euskaltzaleak bainoago, praktikanteak behar ditugu.

Nondik etor daiteke aldaketa?

-Akaso teknologia berrietatik, sms eta horrelakoetatik; gazteek erakutsiko digute adituoi zelan egin behar dugun euskaraz, hizkuntza labur eta efikaza darabiltelako.