donostia - Hegats aldizkaria itxuraberriturik agertu zen atzo. Euskal Idazleen Elkarteak aire berri bat eman nahi zion bere literatura aldizkariari eta ardura hori Lander Garroren eskuetan utzi zuten. Eraberritze lanak bideratzeko garaian, “plastikotasuna eta irreberentzia” izan ditu kontuan Errenteriako idazleak eta kazetariak. “Azaletik hasita, hori islatzea garrantzitsua iruditzen zitzaigun”, adierazi zuen atzo Garrok, XXI. mendeari begira egon behar zutela uste baitu. “Literaturako pertsonak itxiak izaten gara, gure buruari limiteak jartzen dizkiogu eta iruditzen zait aldizkariak gure motorra izan behar badu, ez ditula gure inguruan limiteak eduki behar”, esan zuen. Ale honen azalean mutil bat agertzen da, ITU bandako Peru Iparragirre, “berez agertuko ez zen modu batean”. Taldea presente egotea ere azpimarragarria da, gaur egungo idazlea, berria, islatzen baitu. “Aldizkari zahar bat alde batean utzi eta berri bat sortu dugu, etorkizunean egotea oso garrantzitsua baita”, nabarmendu zuen Garrok. “Bagaude teknologia berrietan, blogetan eta sarean. Hau deklarazio bat da”.

Jasone Osoro Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak esan zuenez, uste zuten 25 urtetako bidea bete zela eta beste formatu bat ateratzea behar zen. “Orain arte bazkideei banatu zaie eta liburutegietan egon da, baina kalera irteteko gogoa geneukan”, onartu zuen. Gainera, gauzak modu arinagoan kontatuko dituzte aurreran-tzean, eta diseinuari eta argazkiei indarra eman diete. - N.G.