Durangoko kale, areto eta bestelako hainbat gune argazkiz jan-tziko dira datozen asteetan, Begira Photo nazioarteko jaialdiaren eskutik. Argazkigintza garaikidea bultza-tzea xede duen jaialdi honek bosgarren edizioa du aurten, eta egitarau oparoa prestatu dute antolatzaileek, asteartean hasi eta hilaren 29ra arte. Helburu nagusia argazkilaritza sustatzea bada ere, egun argazkilaritzak bizi duen egoera aztertzea ere bila-tzen du egitasmoak; beraz, hausnarketarako aukerarik ere ez da faltako Durangon. Era berean, ekimenaren bosgarren edizioaren oinarrietako bat Euskal Herriko argazkilari gazteen lana erakustea izango da.
Durangoko Kinua Argazki Elkartearen ekimenez antolatzen da Begira Photo jaialdia. 2011n ospatu zen lehen edizioa eta, ordutik hona askotariko programazio artistikoa izan du urtez-urte; besteak beste, erakusketak, tailerrak, argazki-liburuen aurkezpenak eta hitzaldiak bildu dituelarik bere egitarauan. Aurten ere hitzaldiak, mahai-inguruak eta hainbat argazkilariren lanen erakusketak hartuko ditu Durangok. Ekintza nagusiak Arte eta Historia Museoan izango dira, baina baita herriko beste gune batzuetan ere, Plateruenan eta Udaleko Merkatu Plazan, besteak beste.
Bosgarren edizio honetan hiru erakusketa berri eskainiko ditu Begira Photok: Pablo Trenorren Dena da iturri, Jon Gorosperen Leihoen abiadura eta Ros Boisier eta Leo Simoesek zuzendutako Gara argazkigintza proiektu parte-hartzailea. Azken honetan, lurraldetasunaren eta immigrazioen gaia landu dute egileek kaleko jendeari eginiko erretratuen bidez, eta dagoeneko munduko hainbat herrialdetan izan dira esperientzia partekatzen. Proiektu honen emaitza Durangoko Merkatu Plazan ikusi ahal izango da.
Lan desberdinak ikusteko espazioak eskain-tzeaz gain, esan bezala, hausnarketarako gunea ere izango da Durango datozen asteetan. Hala, argazkigintzaren arloko adituek zenbait hitzaldi eta mahainguru eskainiko dituzte, Argazkigintza Mintzagai goiburua ardatz hartuta, azaroaren 13tik 15era, Arte eta Historia Museoan. Argazki sorkuntzari buruzko hausnartze teorikoa eta argazkigintza garaikidea sortu, kudeatu, ikertu eta hedatzeko bideak izango dituzte gonbidatuek berbagai, besteak beste. Helburu horrekin, argazkilaritzaren arloko izen handiak elkartuko dira mahaiaren bueltan, Argazkilaritza Sari Nazionalak jaso dituzten Javier Vallhonrat eta Alberto Garcia Alix, besteak beste.
Euskal artistek ere izango dute lekurik hi-tzaldi eta mahai-inguruetan. Hala, Iratxe Hernandez Simal Bilboko artista bisual eta eszenikoak Antzerki jitea, performance eta argazkilaritza. Hirukiaren zirrikituetatik bidaiatzen izeneko hitzaldia eskainiko du, hilaren 13an, Argazkilaritza Mintzagai zikloko lehenengo berbaldian. Antzerki eta performance jiteen oinarrizko nozioetatik abiatuta, XX. mende erdialdetik gaur egunera arte argazkilaritzarekin izandako hartu-eman eta rolen artean bidaiatzea proposatuko du Simalek.