donostia - Amama defendatzeko asmotan, Asier Altuna zuzendaria Amparo Badiola, Kandido Uranga, eta Iraia Elias aktoreekin batera azaldu zen atzoko prentsaurrekoan. “Abentura magikoa izan da hau, ez naiz damutzen”, adierazi zuen Badiolak, filmeko amamak. Gerra Zibilaren garaian, erbesteratu zen eta orduan “kendutako guztia” itzuli omen dio Altunarekin lan egiteak: “Nire sustraiak eta herria berreskuratu ditut”, azaldu zuen, hunkiturik. Gainera, inoiz ez zuen pentsatu aktorea izango zenik. “Asierrek ni bere pelikulako protagonista izatea nahi zuela esandakoan, broma zela uste nuen; nire adineko pertsona ugari dago hemen”, esan zuen, baina hura momentu “berezia” izan zela onartu zuen.
Bestalde, kamara aurrean bere semea den Urangak adierazi zuen maitasunari buruzko istorioa dela. “Maitasuna da bizitzaren motorra, eta pelikula horretaz beterik dago, amamaren begirada argitsutik hasi eta seme-alabekin dauzkadan gatazketara arte”, esan zuen. - M.E.