BILBO - Horrela saldu diguten arren, bizi dugun krisialdia ez da bakarrik ekonomikoa, baina argi dago poltsikoetako azkurak berehalako erreakzioa sortzen duela gure kontzien-tzia narrasetan (eta ekonomian bertan, jakina). Kultur arloan, are nabarmenagoa da zulo beltza, euskal sortzaileak estutasunaren eta biziraupenaren amaraunean kateatu direla. Musikariak ez dira salbuespena, eta talde edo kantautore gutxi batzuk salbu, sortzailerik gehienak dabiltza malder. Egoera horri buelta emateko sortu da, neurri batean, Musika Bulegoa (MB), Eusko Jaurlaritzak lau elkarteen eskutik osatu duen plataforma berria.
Amets Rodriguez mundakarra izendatu dute presidenta. Emankor Sarea enpresako Lurralde eta Kultura zuzendaria da Rodriguez, eta, era berean, Musika Industriaren Elkarteko (MIE) partaide. MIE da, hain zuzen, Musika Bulegoa osatzen duten elkarteetako bat. “Lau batu dira guztira, MIE, Musika Live, Musikari eta Musikagileak, baina elkarte zabala da gurea eta ateak zabalik ditugu bestelako elkarte, enpresa edo norbanakoentzat. Horretan ari gara orain, sektoreko jendeari Musika Bulegoaren onurak azaltzen, sentsibilitate eta babes kanpaina baten bitartez. Argi daukaguna da indarrak batuta hobeto egingo diogula aurre krisialdiari”, agertu du Rodriguezek.
MBren helburuak jada finkatuta daude, baina lehenengoko pausoa “atomizatuta” dagoen sektore bat elkartzea izan da, Rodriguezek aitortu duen moduan: “Musikari asko bere kasara ibili da, baina krisialdiak buelta eman dio kontu horri, eta, beste sektore batzuekin gertatu den moduan, jendea konturatu da bata bestearekin konpetitzea baino onuragarriagoa dela elkar hartu eta kolaboratzea, helburuak antzerakoak direlako, bateratuta sektoreak indar handiagoa duelako. Beraz, euskal musikaren etorkizuna bermatzeko sortu da, batez ere, Musika Bulegoa”.
Aspaldiko guraria da MB, Rodriguezek esan duen moduan: “Euskadiko Soinuak markaren barruan ari ginen Jaurlaritzarekin elkarlanean, eta horren haritik tiraka sortu da MB. Euskadiko Soinuak-en barruan mahai sektorialak egin ziren, eta sektoreak eskatzen zuen beharrak eta interesak amankomunean jartzeko plataforma sendo bat, proiektu berriak aurrera eramateko plataforma eraginkor bat. Urte bete daramagu guzti horri forma ematen, nola gestionatu pentsatzen, zeintzuk bazkide onartu behar ditugun pentsatzen, zer egin erabakitzen, helburuak finkatzen...”. Elkarte pribatua da MB, baina izaera publikoa du, “azken finean, Eusko Jaurlaritzak sortu duen tresna bat delako, hori bai, sektorearentzako egina”.
Publiko berriak sortu Musikari gogor eragin dio makalaldiak; batetik, gaitza da herri txiki baten dabilen sortzailearentzat mundu globalizatu (eta digitalizatuan) nabarmen-tzea, eta, bestetik, afizioa ofizio bihur-tzea ia ezinezkoa dirudi, kontzertuak murriztu egin direlako eta salmenta ezerezera kondenatu, salbuespenak salbuespen. Egoera “delikatua” dela dio MBko arduradunak, baina esperantza-lipar bat agertu nahi du, eta elkarte berriaren etorrerak sektorean ilusioa sortu duela nabarmendu nahi du, beste gauza guztien gainetik: “Aurkezpena egin aurretik, jendea hurbildu zitzaigun, MBn sartzeak zer suposatzen duen jakin guran. Momentuz, ekintza konkretuak di-seinatzen ari gara, eta ez da erraza jakitea nola eragingo dion guzti honek musikari bakar bati, baina esango nuke honelako foro batean egotea ezinbestekoa dela gaur egun, MBn sortuko diren sinergiak aprobetxatzeko eta ekarpenak egiteko”.
Beraz, dana dago egiteke, baina dagoeneko identifikatu dituzte behar eta urgentzia batzuk. “Estrategia da zehaztu duguna, baina ideiak garatu behar ditugu ondorengo hilabeteetan. Hori bai, klabeetako bat formazioan legoke, Henkuntzatik hasita. Umeak sentsibilizatu behar dira, eta Jaurlaritzaren interlokuzioa ezinbestekoa da zeregin horretan. Eta gero, talde onak ditugu gurean, asko gainera, baina batzuetan bisibilitate arazoak izaten dituzte... Horreei aukera eman behar zaie, onenek aurrera egin dezaten. Guretzat inportantea da, baita, gauzak profesionaltasunez egitea; sektore profesional indartsua behar dugu”, adierazi du Amets Rodriguezek.
Atzerrian gure musika erakusteko asmoa ere badago (gehienbat, Etxepare Institutuaren eskutik), eta publiko berriak erakartzeko akzio konkretuak egingo dira etorkizunean. “Gero eta jende gutxiago joaten da kontzertuetara, eta jende hori motibatu beharra dago, ekintza puntualak eginez. Hori bai, egiten ditugun akzioek interes komuna behar dute izan, ez gara hasiko enpresa pribatuek egiten duten gauza berbera egiten”, argi utzi du MBko presidentak.
Edonola ere, Rodriguezek aurreratu du Musika Bulegoaren emaitzak ez direla epe laburrean ikusiko, “lan asko baitago egiteke, eta proiektu hau aurrera eramateko denbora behar dugu”.
Musu-truk arituko dira Musika Bulegoko kiderik gehienak, gestioa daramatenak izan ezik (tarte hori Atelier enpresaren esku dago).