Prentsa hidraulikoak, familia-loturak, drogak eta istripuak. Denetariko osagaiak bildu ditu Iñaki Irasizabalek (Durango, 1969) bere azken eleberrian. Aita Gurea izenpean, “tentsio handiko istorioa” aurkeztu du idazle durangarrak bere hamargarren nobelan, modu askotako giza harremanak batuz. “Gauza txar asko agertzen dira, baina pertsonaia gaiztorik ez dago; gizatasunez beterikoak dira guztiak. Eguneroko bizitzan ere, inor ez da erabat ona edo erabat gaiztoa”, dio.

Aurreko urtean ekin zion lanari Irasizabalek, eta testuinguru gisa lantegiak erabiltzea erabaki zuen prozesuaren hasieran. “Tailerretan lan egindakoa naiz, eta beti leku aproposak iruditu zaizkit eleberri beltzak eta mota horretako istorioak kokatzeko. Gainera, Euskal Herrian, Gipuzkoan eta Bizkaian batez ere, tradizio handia duten elementuak dira”, adierazi du. Idazlearen aburuz, krisiaren eta langabeziaren harira, industriak literaturan presentzia irabaziko du eta “sarriago” agertuko da gizarte kritika oinarri duten nobeletan.

“Gizartearen inguruko begirada kritikoa” dakar durangarrak Aita Gurea eleberriarekin, eta liburuan behin baino gehiagotan ageri den poema batetik hartua da obraren izenburua: “The Sopranos telesaila ikusten ari nintzela, Jacques Preverten poema bat topatu nuen, honakoa zioena: ‘Aita gurea zeruetan zarena, gelditu zaitez bertan, eta gu hemen / lurrean geldituko gara, / batzuetan hain ederra den lurrean’. Nire lanerako oso egokia iruditu zitzaidan”, aitortu du.

Genero beltzEAN Idazle emankorra da Iñaki Irasizabal, azken hamahiru urteetan hamar eleberri kaleratu baititu durangarrak. Nobela beltzari estu lotuta doa bere ibilbidea, eta obra berri honetan ere genero horretako elementuak txertatu dituela adierazi duen arren, “mugako eleberria” dela aitortu du. “Ukitu beltzak dituen drama da: drogak, tiroketak, labankadak, polizia, lapurretak... ageri dira, baina ez dago ikerketarik. Drama da, baina ez daukat argi eleberri beltza ere baden edo ez. Mugako generoa dela uste dut, eta horixe da gehien gustatzen zaidana”, gehitu du.

Genero poliziakoarenganako miresmen horrek badu alde praktikoa idazle bizkaitarrarentzat. “Oso genero egokia iruditzen zait, delituek eta, orokorrean, arriskuak irakurlearen arreta lortzen baitute. Gainera, kontu serioez mintzatu naiteke irakurlea lokartu gabe”, azaldu du. Horretaz gain, nobela beltzaren oinarrizko helburuetako bat “gizarte kritika” egitea dela gogorarazi du Irasizabalek. “Ezer ezin liteke hobetu kritikarik gabe, eta hori idazle eta kazetarien eginbeharretako bat dela uste dut”.

Egunerokotasuna iturri “Inguruan ikusitakoa eta hedabideek eskainitakoa” izaten da maiz inspirazio iturri Irasizabalentzat, eta Carles Porta eta Tom Perrotta bezalako idazleen lanak ere gertutik jarrai-tzen dituela adierazi du. Jasotakoarekin, lehendabizi istorioa garatzen duela azaldu du idazleak. “Ezer idazten hasi aurretik, istorioa lantzea gustatzen zait; ez erabat, baina bai zatirik handiena. Idazketa prozesua luzea denean, bidean beti aldatzen dira gauzak, eta istorioa bera ere, neurri batean, aldatu egin daiteke”.

Gai eta eredu desberdinak jorratu arren, prozesu horiek guztiek xede berbera izaten dute idazlearen aburuz: “Ahalik eta istoriorik onena ahalik eta ondoen kontatzea da nobelagile guztion helburua. Ahalik eta indartsuen eta sendoen, aberatsen eta eraginkorren izan dadin”. Amaitu berri du bidea Aita Gurea eleberriarekin, eta aurrera begira jarrita, buruan “ideia batzuk” bueltaka dituela aitortu du durangarrak, baina oraingoz ez dela ezertan hasi adierazi du.

Giza harremanak ardatz Irasizabalen azken lanek badute konstante bat, gai eta arlo desberdinak jorratu arren, bere horretan mantentzen dena: pertsonen arteko harremanak. “Familia gizaki guztion testuingurua da. Denok gara aita, ama, seme, alaba, lehengusu, biloba edo aitona, baina harreman horiek modu desberdinean bizi ditugu. Horrek egiten ditu lotura horiek hain onak literaturarako: denontzat dira gertuko harremanak eta be-reziak aldi berean”, azaldu du.

Aita Gurea obrari so, protagonista emakume gazte bat izateak nobela beltzaren mundua aldatzen ari dela agerian utzi du, eta Irasizabal ere ohartu da horretaz. “Normalean gizonezkoak izaten dira mota horretako istorioetako pertsonaia nagusiak, sinesgarriagoa delako. Azken hamarkadetan, ordea, joera hori aldatzen ari da, zorionez, genero horretan aritzen diren emakumeak ere gehiago direlako”.