“Hemendik aurrera ez dut horrelako poesiarik egingo”, idatzi zuen Joseba Sarrionandiak (Iurreta, 1958) 1980an Izuen Gordelekuetan Barrena poema liburuaren hitzaurrean. Eta arrazoi zuen, 1981ean plazaratu zen bere opera prima izan baitzen guztiz libre ida-tzi zuen obra bakarra, beste guztiekin konparaturik, oso desberdina. Ondorengoak, kartzelan sortu zituen eta beranduago etorri direnak, ihes eginik. Lehenengo liburua, hala ere, oso erreferentziala izan da beste idazleentzat. Azkue saria irabazi eta edizio bat bakarrik argitaratu zenez -Sarrik ez zituen gehiago nahi izan-, hurrengo generazioek liburutegietan bakarrik zeukaten poesia liburu honetara iristeko aukera. Horregatik, desagertuta egon ondoren, Pamielak berrargitaratu du, gazteei ere irits dadin.

Orain dela 34 urte idatzitako liburuaren eta atzo aurkeztutakoaren artean oso desberdintasun gutxi daude. “Arauak aldatu direla eta, Sarrionandiak zuzenketa batzuk egin ditu eta gainera, liburuko ilustrazioak aukeratu ditu”, azaldu zuen Jose Angel Irigaray Pamielako ordezkariak. Ezberdintasun handiena hitzaurre berri bat ida-tzi duela da. Halere, bere balioaren zati bat liburua bere horretan plazaratzeak daukala gaineratu zuen. Gainera, 1981ean argitaratu zen poesia bat 136 orrialdeko edizio berritik at utzi du Sarrik, Ispilua izenekoa, hain zuzen.

“Liburu eta idazle bitxiak dira hauek”, adierazi zuen Josemari Iturralde idazleak. Bere iritziz, normalean protagonismoa idazlearena izaten den arren, kasu honetan poesia bildumak jaso ditu begirada guztiak. Iturraldek Pott bandan zegoenean izan zuen harremana Sarrionandiarekin, eta liburu honen jaiotza hurbiletik ezagutu zuen. Pott Tropikala izeneko aldizkari bat atera zuten eta dirua ateratzeko asmotan, beren literatur lanak lehiaketetara aurkezten hasi ziren, eta irabazitako diruarekin egiten zuten aurrera. Testuinguru horretan irabazi zuen aurten berrargitaratu den liburuak Azkue saria. “Izuen gordelekuetan barrenak fase baten amaiera eta beste baten hasiera markatzen ditu”, azaldu zuen, eta liburu “kasi mitiko”-tzat jo zuen. Izan ere, poesia horietako asko, musikari batzuk abesti bihurtu dituzte eta ezagutzera eman dituzte, Sorterriko Koblak (Mikel Laboa), Lili bat (Mikel Laboa), Arratseko fadoa (Oskorri) eta Esku ahurreko marrak (Jexuxmai Lopetegi), esaterako.

Estiloari dagokionez, Sarrionandia poeta “holaniano” bezala kalifikatu zuen, Vladimir Holan idazle txekiarrak beregan zuen eragina dela eta. Bestalde, liburuan “zentzu ludiko bat” dagoela adierazi zuen, hitzekin jolas egiten duelako.

Generazio berrien eredu Lehenengo edizio hori eskuratu ez zutenek -adinagatik, adibidez-, beste bide batzuk aurkitu zituzten liburua irakurtzeko. “Lehen aldiz Koldo Mitxelenan irakurri nuen nik. Gero, fotokopiak egin nituen eta hori izan da orain arte etxean eduki dudan edizioa”, aitortu zuen Harkaitz Cano idazleak, Izuen gordelekuetan barrena argitaratu zenean sei urte besterik ez baitzituen. Bere belaunaldiko idazleek formula bera erabili zuten, azken finean hau izan baita “denok edatera joaten ginen iturria”.

Canoren hitzetan, liburu hau iparrorratza, mapa, da poeta gaztegoentzat. “Bere hitzaurre berrian, laberintoko atea bilatzen zuela dio, eta guk bere apurrak jarraitu ditugu -gaineratu zuen-. Gure lehen ziber idazlea izan da, Internetik gabe, zein esteka klikatu esan zigun”. Beren hiztegi poetikoa markatu zuen eta Berrogei izen poeman ateratzen zirenak erreferentetzat hartu zituzten. “Sarri bezala idatzi nahi genuen, eta dena utzi zigun eskura”, azaldu zuen Canok. Hala ere, puzlea ez zen inoiz Sarrirena bezalakoa. “Pieza batzuk norberak jarri behar ditu, baikoitzaren nortasunak marka-tzen ditu”, gaineratu zuen.

“Zor kitaezina daukagu Sarrionandiarekin”, onartu zuen, eta bereziki Izuen gordelekuetan barrena poesia liburuari gauza asko zor dizkietela azpimarratu zuen.

Bestalde, Jose Mari Yturralde artista nafarrak egin ditu liburuko ilustrazio gehienak, bere marrazkiek Sarrionandiaren hitzekin ondo enkajatzen baitzuten. “Orain dela 20 urte punta-puntan zegoen artista da, eta bere lana aprobetxatu nahi izan dugu liburua apaintzeko”, azaldu zuen Irigarayk.