Lur izeneko neskaren bidaia emozionala proposatzen digu Dejabu Panpin Laborategiak Arrastoak obra berrian. Txikitatik ikusi ez duen amaren heriotzak iraganeko mamuekin aurrez aurre jarriko dute protagonista eta galderak bor-borka azaleratuko zaizkio. Psikologo argentinar baten laguntzarekin, bere arrastoen bila hasiko da Lur, memoriaren zulo ezkutuetan galduta uste zituen sentimentu eta beldurrei aurre eginez.
Ainara Gurrutxaga (Orereta, 1977) Dejabu Panpin Laborategiko kide eta arima da, Urko Redondorekin batera taldea sortu zutenetik. Bere esanetan, Arrastoak memoriaren zirrikituetan arakatzera dator. “Memoriaz, iraganean isildutako kontuez eta belaunaldi desberdinak lo- tzen dituzten hariez hitz egin nahi izan dugu. Iraganak persona baten orainean izan dezakeen pisua agerian geratzen da, obra hasten den unetik protagonistak abiatuko duen bidaia emozionalen bidez, tragedia eta komedia nahastuz”. Eszenatoki soil batean, objetu bakan batzuez baliatuz gorpuzten du antzezlana lau an-tzezlez osatutako taldeak (Miren Alkala, Urko Redondo, Iñigo Aranbarri eta Ainara Gurrutxaga). Hain justu, “soiltasuna” da lan honen ezaugarrietako bat, Gurrutxagaren iri tziz. “Lan xumeak gustatzen zaizkigu, txikitasunean eder direnak. Detaileak maite ditugu, eta objektuen poetikak txunditzen gaitu. Beraz, lan honetan ere beharrezkoa dena baino ez dago”, jakinarazi du. Dena den, bidai emozional horretan garran-tzia hartuko duen elementu bat musika izango da, oreretar aktorearen esanetan.
Taldean harilkatua Dejaburen ohiko joerari jarraituz, obraren idazketa eta zuzendaritza kolektiboki sortuak izan dira. “Oso intuitiboak gara. Ideia batetik abiatu eta gure inprobisazioetatik sor- tzen dugu. Egia esan, ez dut uste beste era batera lan egiten jakingo genukeen”, dio Gurrutxagak. Hala ere, “modu naturalean” ateratzen zaien lan egiteko dinamika horrek bere alde on eta txarrak dituela uste du. “Alde batetik, emaitza taula gainean erakustean satisfakzioa hamar bider handiagoa izaten da, jakin badakigulako zenbat kostatu zaigun puntu horretara iristea. Baina, bestetik, zailtasunak ere asko dira, eta obra bat aurrera ateratzeko behar dugun denbora luzea da agian oztopo handiena”.
2001ean taldea sortu zutenetik, Dejabu Panpin Laborategia izatea erabaki zuten eta Arrastoak antzezlanean ere txotxongiloek bere tartea dute. Hala ere, azken urteetan, txontxongiloen erabilera urriagoa dela dio Gurrutxagak. “Hasieran nahiko puristak ginen, modu tradizionalean hasi ginen txontxongiloekin lanean. Azken urteetan presentzia gutxiago dute eszenatokian, eta horren arrazoi nagusia hemen gisa horretako lanentzat plazarik ez dagoela da”. Gurrutxagak dioenez, Gizona ez da txoria obra Euskal Herrian taularatzeko zailtasun asko izan zituzten, baina Europan emanaldiak egiteko ez omen zuten trabarik eduki. “Hemen, helduentzako txontxongiloak aipatze hutsarekin ileak puntan jartzen zaizkie askori edo haurren kontutzat hartzen dute”. Zentzu horretan, “aurreiritziek arteari sekulako kaltea” egiten dietela uste du Gu-rrutxagak.
Azken urteetan hainbat antzezlan sortu ditu Dejabuk. Artedrama eta Le Petit Theatre du Pain-ekin elkarlanean eraman zituzten oholtzara Errautsak eta Hamlet, eta bakarka berriz Azken portua haurrentzat, eta Gizona ez da txoria eta Gure bide galduak helduentzat. Hortaz, taldeak helduentzat eta bakarka egiten duen hirugarren lana dugu Arrastoak. Bidean zailtasunak izan diren arren, bere sorreratik 13 urteren ostean, taldeak bere bidean jarraitzen duelako pozik da Gurrutxaga. “Gazte talde batek an-tzerki konpainia bat sortu eta aurrera egitea oso zaila da, baina gainera lengoaia mailan esperimentatu nahi badu, kasik ezinezkoa da, mirari bat. Dejabuk gure idealen arabera funtzionatzen du eta horrek lanerako askatasun handia ematen digu”. Antzerkigintzan jardutea luxu bat dela uste duen arren, “ziurgabetasun konstantean” bizitzea ez dela erraza onartu du Gurrutxagak. “Gaur funtzionatzen duenak bihar agian ez du funtzionatzen. Beraz, egin dezakezun bakarra egiten dugun horretan sinestea eta oholtzan gozatzea da”. Eta horretan ari dira.