donostia - Duela lau urte, bere ama hil zenean, hari buruz kontatu nahi zituen gauzak idatzi zituen Arantxa Urretabizkaiak (Donostia, 1947) libreta batean. Gainera, urte berean, Bernardo Atxagak Erlea aldizkarirako kontakizun autobiografiko bat idazteko eskatu zion. Urteak pasa ziren eta zer idatzi ez zekiela zebilelarik, libreta eta kontakizuna topatu zituen, eta bere hurrengo liburuaren oinarria zein izango zen konturatu zen.

Orain, Zuri-beltzeko argazkiak liburua kalean da, Pamiela argitaletxearekin plazaratua. Bertan, “oroitzapen biluziak” erakutsi ditu idazle eta kazetariak liburuaren mamian, eta 1947tik 1960ra bitarteko fikziozko kronika bat eskaini dio irakurleari, “memoria baita fikziogile hoberena”. “Memoria nahiko ona dut”, onartu zuen Urretabizkaiak liburuaren aurkezpenean. Hala ere, liburua irakurritakoan, bere ahizpak gauza batzuk desberdin gogoratzen zituela esan zion: “Eta ziur asko, biok daukagu arrazoia”. “Nire haurtzaroko emozioak kontatu ditut, baina ez intimitateak”, adierazi zuen, bere umetako intimitateak beste batzuenak ere badirela argudiatuz. “Ez dut inoren bizitza inbaditu nahi, ezta nere bizitza ere”, jarraitu zuen.

Horiek horrela, idazlea jaio zen urtean hasten da istorioa, eta bere haurtzaroa oinarri izanik, argazkiak hartu dizkio iraganari eta horiekin kontatu du nola izan zen hezia gaur zahartzaroaren aterian dagoen belaunaldia, eta baita nolakoa zen bizitza garai haietan Donostiako auzo apal batean bizi zen familia euskaldun, euskaltzale, antifrankista, kristau eta langile baten inguruan. Bestalde, bere amaren inguruko gauza bat kontatu nahi zuela azpimarratu zuen: “Zer nolako haustura mingarria gertatu zen garai haietan gazte ziren emakumeentzat, batez ere, errepublikaren eta gerra ondoaren artean”.

Liburuak bi atal nagusi ditu. Alde batetik, Notario batek egiaztatuko lukeena dago, eta bertan inguruan gertatutako istorioak azaldu ditu. Ondoren, kontakizun horietatik hainbat gai jorratu ditu -argazkiak deitzen die Urretabizkaiak-: Franco, euskara, eliza, arropa eta jolasak, besteak beste.

“Banekien zer kontatu nahi nuen, baina ez nekien nola egin”, aitortu zuen, eta inoren eredurik hartu ez duela gaineratu zuen, “ez kontzienteki, behintzat”. “Pentsatu dut autobiografiarako joera dagoela”, esan zuen, Kirmen Uribe, Miren Agur Meabe eta Bernardo Atxaga gogoratuz. “Ez nuen inoiz idatzi horri buruz, eta literatura niretzat zerbait bada, askatasunaren esparrua da, ia beste inon ez bezala”, adierazi zuen. Gainera, anglosajoiekin konparaketa egin zuen, hauek autobiografia eta fikzioa nahasteko ohitura baitute. “Guk ez, eta ondo iruditzen zait pauso hori ematea”.

Liburuaren alde bisualari dagokionez, azala asko gustatzen zaiola aipatu zuen. “Hiru aurkeztu zizkidaten, eta hau iruditu zitzaidan esanguratsuena, luma bat kristala urratzen agertzen baita”, esan zuen. Gainera, bere amak denda horretan lan egiten zuen bera haurra zenean, eta denbora asko pasa-tzen zuen bertan. “Gogoan daukat hori jarri zutenean New Yorkeko 5. etorbidean egoteko moduko eskaparatea zela iruditu zitzaiela langileei”, gogoratu zuen Urretabizkaiak. Hala ere, bere amaren lantokia ez bazen ere, azal hori aukeratuko lukela adierazi zuen. Bestalde, liburuan ageri den beste argazki bati erreparatu zion. “Nire jaiotetxearen argazkia da, aurten eraitsi dutena”, azaldu zuen: “Auzoa asko aldatu da, baina ni ere oso aldatuta nago”.

‘Txuri-beltzeko argazkiak’ (Pamiela). Idazleak 1947tik 1960ra bitarteko kronika egin du, bere haurtzaroko oroitzapenetan oinarriturik. Hala ere, emozioak ere erabili ditu, eta ez bere familiaren intimitateak. “Fikziozko kronika”-tzat jo du Urretabizkaiak bere azken liburua.

Arantxa Urretabizkaia. Donostiako Egia auzoan jaioa 1947an, kazetaritzan aritzen da, prentsa idatzian, irratian nahiz telebistan. Idazle gisa poesia idazten hasi zen eta eleberriekin jarraitu zuen. Azken atal honetan, Zergatik, Panpox (1979), Koaderno gorria (1998) eta 3 Mariak (2010) dira bere lanik ezagunenak.