Donostia - “Klown bat ez baita sekula hiltzen”. Hauexek Jabier Muguruzak argitaratu berri duen Hilen logika ezkutua liburuko zazpigarren ipuinaren azken hitzak. Hilobian argazki eta guzti ageri den pailazo bat, guztien begietara hilda ematen duena, bizirik dago azkenean. Bizitzaren eta heriotzaren inguruko gogoeta dakar Muguruzak bere istorioetako batzuetan, baina ez hori bakarrik. Batzuen-tzat aspergarria suerta daitekeen egunerokotasunaren inguruko begirada berri bat eskaintzen dio irakurleari, umorez betea, guztia ez baita beti itxuran ematen duena.
Heriotzaren gaia dantzan dabil ipuin batzuetan, eta ez bakarrik liburuari titulua ematen dion istorioan.
-Bai, egia da hori. Ematen du tituluan azalduta heriotzak pisu handia izango duela, baina umorea ere protagonista da. Hilen logika ezkutua ipuin horretan, esaterako, heriotza da ardatza, baina ez dut inolaz ere narrazio ilun edo tragiko bat egiten.
Zergatik aukeratu duzu orduan istorio hori liburuaren hasiera eta titulu gisa?
-Tituluarekin nahiko buelta eman ditugu eta azkenean hauxe aukeratu nuen, lehenengo idatzi nuena izan zelako, hazia, abiapuntua, eta hortik sortu zirelako gainerakoak. Erlea aldizkarian ipuin hori idazteko eskatu zidatenean erabaki nuen, aspaldiko partez, berriro literatura idaztea.
Eguneroko kontuak eramaten dituzu zure istorioetako lerroetara, eta horietako batzuetan egungo egoerarekiko etsipen zantzua nabari da. Etsipen puntu hori sentitzen du Jabierrek?
-Bai, puntu bat sentitzen dut. Etsita bizi naizen? Ez, noski. Badaude bizpahiru narrazio non kulturaren eta musikaren mundua azaltzen diren eta horietan badago etsipen aztarna bat, beste batzuetan krisi ekonomiko la-tzaz hitz egiten dut... Hala ere, nire apustua beti izan da, garai zailak bizi arren, aurrera egitea. Saiatzen naiz istorioetan gaur egungo gizartearen erradiografia bat egiten, modu inplizitoan askotan. Iceberg-aren azpian gauza asko gertatzen dira eta esaten direnek garrantzia handia dute, baina esaten ez direnek are gehiago.
Nolakoa da kulturaren munduak bizi duen egoeraren erradiografia?
-Artisten giroan askotan entzuten dut egoera gogorra dela, arrazoi osoz gainera. Literaturak, berriz, bide ematen du umoreari esker beste irakurketa bat egiteko. Badago diskoa atera eta zorigaitza bizi duen musikariari buruzko istorio bat, eta bertan nire buruari egin diot barre. Une honetan entretenimendu ez den kultura pisua galtzen ari da. Hori oso larria da, sentiberatasunarekin eta zentzu kritikoarekin lotzen dudalako kultura, eta hezten jarraitzea suposatzen duelako.
Ezagunak egin daitezkeen zertzelada batzuk hauteman ditzake irakurleak. Oinarri autobiografikoa duen liburu baten aurrean gaude?
-Kasu gehienen oinarrian errealitatetik jaso dudan gertaera bat dago. Hortik abiatu naiz istorioa eraikitzeko, nahiz eta fikzioa ere badagoen. Bizi dudan gertaera bat, kontatu didaten zerbait, ingurukoengan antzeman dudan zeozer... oinarri autobiografiko apur bat badu, baina fikzionatua. Beti pentsatu izan dut egunerokotasunak ez duela fama onik, baina nire-tzat erresuma horretan jokatzen da guztion partida nagusia. Askok eguneroko bizitza asperdurarekin lotzen badute ere, errealitate horren gaineko begirada da garrantzitsuena, gerta-tzen zaizunari nola begiratzen diozun. Horren arabera, oso interesgarriak eta aberasgarriak izan daitezke eguneroko gertaerak.
Bada, nola begiratzen diozu eguneroko bizitzari?
-Hortxe dago koska. Beti saiatzen naiz, bai kantagintzan eta baita narraziogintzan ere, begirada pertsonala islatzen. Nire kasuan, bizitzaren hasieratik joan da begirada hori osatzen, gauzatzen. Haurtzaroak ikaragarrizko pisua du, eta urteen poderioz norbera badoa sentsibilitate bat osatzen, bizipenak biltzen. Horrekin guztiarekin eraiki dut iceberg-aren alde ezkutu hori.
Urte dexente egon zara lugorrian, helduen literaturari dagokionez.
-Umeentzako ipuinak idatzi ditut, komunikabideentzako kolaboratzaile gisa ere aritu naiz, baina hamabost urte dira Laura kanpoan da idatzi nuenetik. Buelta asko eman diot liburua hainbeste atzeratu izanari eta aitortu behar dut musikan izan dudan konfidantzatik pixka bat falta zaidala literaturan. Dena den, orain dela hiru urte, lagun idazle batzuek esan zidaten idazten jarraitzeko eta haien hitzek animatu ninduten.