Urarekin lotzen dugu gardentasuna, urak gardentasuna du egoera naturala. Urarena ez den faktoreren batek -lokatzak, zaborrak, argi faltak?- gardentasuna lapurtzen dion arte. Orduan, akabo inozentzian bizitzea. "Ni naiz erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi dituen poeta tristea", kantatzen zuen Letek. Ura, izatez, gardena da. Zerua ere gardenean da ederrena. Begi gardenak, begirada gardenak estimatzen ditugu. Garden oroitzen duguna, garden amesten duguna da benetakoa, sinesgarria: izpiritu gardenekoek izango omen dute sarrera zeruetako erreinuan? Ondorioz, gardentasunaren gorazarre egiten dugu, gardentasunaren diskurtsua da nagusi bizitza publikoan.
Gizakiok, ordea, geure-geurea dugu itzala. Gure kondizioa da anbiguotasuna. Gardentasuna ederra da, paradisuarrak iruditzen zaizkigu irla urrutietako ur gardenak, baina metaforak asmatzen ditugu berez garden purua dena esplikatzeko, esan nahi duguna indartzeko, irla urrutietako uraren urdintasun aratzak eragin digun miresmena indartzeko, gure sentsazioak komunikatzeko. Hitzak ere gardenak dira (hala ziren, behintzat, beren hastean eta lehen hatsean), lokatzak ura nola, gure asmoak edo erabilerak hitza zikindu arte. Hitzak kargarik gabeak dira beren sorreran, xaloak, baina gure hiztun esperientziak zentzuz gainezkatzen ditu, kontu jakina da. Etxe esaten dugunean, gardena da hitzak adierazten duena, ume batek -agian hamargarren pisu batean bizi da- berehala margotuko dizkizu etxe txiki baten silueta, teilatua, tximinia, ate-leihoak. Baina urteak aurrera, eskarmentua eransten diogu hizkerari. Gure eskarmentu propioa. Inguratzen gaituztenena, historian eragin duten eta eragiten ari direnena. Bizi naizen etxea ez da txikitan margotzen nuen hura bezalakoa.
William Humboldtek, orain berrehun bat urte Mogelekin eta Astarloarekin Markina inguruetan ibiltzen zen huraxek, zioen: "Hitz bat entzuterakoan, ez daude gauza bera pentsatzen duten bi pertsona, eta alde hori, txikiena izanda ere, ur-uhinak bezala zabaltzen da hizkuntzaren ur-azal osoan". Ur-uhinek uraren gardentasuna urduritzen dute, hizkuntza ere zentzuz betetzen da: argilunez, alegia. Bihurguneak ditu eta bidegurutzeak; basamortu batean bezalako ispilatzeak eragiten ditu; argi egiten badu zoko batean, ilundu egiten du beste bat; ate-leihoak zabaltzen dizkio anbiguotasunari, ironiari, paradoxari. Zentzuz betetako hizkuntzarik gabe, gure jardunak zentzua galduko luke, ez legoke literaturarik, ez legoke poesiarik. Hizkera garden-gardenak (horrelakorik balego) uniformatu egingo luke, berdindu, lautu, baina gu ez baikara berdinak, hizkera berdin uniformatu batekin nola adierazi gure desberdintasunak, nola jaitsi gure baitako soto ilunetara eta nola adierazi gure zalantzak?
Baina politikaren helburua eta, oro har, ekimen sozialena, mundua kudeatzea da, eta ez mundua ulertzea. Eta kudeaketak efikazia behar baitu, praktikotasun gutxi du arazoen sakonenera jotzeak, denbora galtzea da (utopikoa!) erreka zikinen iturri garbiak bilatzen saiatzea. Halatan, botereari (zernahi klasetakoa delarik ere boterea) erosoagoa zaio erralitatearen ikuspegi berdintzailea, kemena xehetasunetan xahutzea baino. Nazismoak garbi ikusi zuen: gizarte berdin baten ikuspegi berdin batek efikazia osoz abolitu zitzakeen xehetasunak, diferentziak, efikazia osoz suntsitu zitzakeen baita herri osoak ere. Berdinen arteko (ariarren arteko) berezitasuna indartzen bazuten berdinen arteko hizkera eta diskurtso berdinarekin, konbentzituta zeuden ez dagoela diferentziak suntsitzeko makina tzarra geldiaraziko duenik.
Totalitarismoak eta politikoki zuzenak badute elkarren arteko antzik: hizkera laua bilatzen dute. Baina nola ezkutatu gure benetako helburu eta irrika sozialak, nola engainatu arerioak, nola marraztu errealitatea egoerarik idilikoena balitz bezala? Hizkera ahal den lauenarekin, eta errealitatearen alde itsusienak eufemismoekin estaliz. Bi formula horiek -hizkera laua eta eufemismoa- baliatu izan dituzte totalitarismoek eta diktadurek, baita duda-mudako demokraziek ere.
Eta, paradoxikoa ematen du, gardentasunaren izenean. Lautasunari (hizkeraren banalitateari) gardentasuna deitzen diote.