DONOSTIA. Lau urtean behin Euskal Herriko bertsolari nagusiak lehian jartzen dituen Txapelketari gaur emango zaio hasiera Amasa-Villabonan, arratsaldeko 17.30ean, Olaederra kiroldegian. Alaia Martin, Fredi Paia, Iker Zubeldia, Jon Martin, Nerea Elustondo eta Odei Barroso izango dira lehen kanporaketan kantatuko duten bertsolariak eta Ion Zaldua arituko da aurkezle lanetan. Bertsozaleak gogotsu ekin diote Bertsolari Txapelketa Nagusiari, izan ere, lehen kanporaketa honetarako sarrera guztiak agortu dira dagoeneko. Sarreren lehiatila, beraz, ez da irekiko gaurkoan.
Sei bertsolari hauen artean lehen kanporaketan irabazten duena zuzenean sailkatuko da azaroaren 11n Gernika-Lumon jokatuko den lehen finalaurrekorako. Gainerakoeek kanporaketa guztien puntuazioen zain egon beharko dute. Oholtza gaineko bertsolarien artean, Fredi Paia algortarra da Txapelketa Nagusian esperientzia zabalena daukana, izan ere, laugarrenez arituko da. Hiru aldiz hartu dute parte Jon Martinek eta Iker Zubeldiak, bi Nerea Elustondok eta Odei Barrosok eta Alaia Martin oiartzuarrarentzat lehen aldia izango da.
Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo fase honetako kanporaketa guztietan egingo den bezalaxe, sei bertsolariek hurrengo lanei erantzun beharko dizkiete: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian, banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso; eta kartzelako lana, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Bertsozale Elkartetik aditzera eman dutenez, ez da kasualitate hutsa Txapelketa Nagusia Amasa-Villabonan hastea, izan ere, 2008tik bertan du egoitza, udalak utzita. Hala, elkarteak herri gipuzkoarrari dion esker onaren seinale izan da abiapuntua bertan ezartzea.
43 bertsolari denetara Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 16. edizio hau abenduaren 15a arte luzatuko da. Egun horretan ospatuko da final handia, azkenekoz bezala, Bilbok BEC-en. Txapelketan parte hartzen duten 43 bertsolarietatik zortzi iritsiko dira egun handira.
2009ko txapelketan bezala, aurtengoa ere 14 saiotan banatuko da. Lehenengo fasean 36 bertsolarik hartuko dute parte, izan ere, 2009ko Txapelketa Nagusian finalean egondako sei finalistak finalaurrekoetara igaroko dira zuzenean eta irabazlea, Maialen Lujanbio, finalean soilik arituko da. Sei bertsolariz osatutako sei talde egingo dira kanporaketetan eta hauetako bakoitzeko irabazlea hurrengo faserako sailkatuko da, puntu gehien lortuko duten gainerako hamabiekin batera.
Lehenengo urrats honen ondoren, 24 bertsolari lehiatuko dira finalaurrekoetan bi itzulitan. Puntu gutxien lortzen duten sei bertsolariak bigarren itzulitik kanpo geratuko dira, eta gainerako 18etatik irtengo dira finalean arituko diren zazpi bertsolariak.