Donostia. Zer egin dena hankaz gora jartzen denean? Nereak, Amaren Eskuak filmeko protagonistak, egoera horretan ikusi du bere burua ama gaixotu eta guztiaz ahazten denean, bien artean gauza asko hitz egin gabe utzirik. Giza harremanei buruzko hausnarketa, iraganeko kontuei nola aurre egin erakusten du Karmele Jaioren nobelan oinarritutako pelikulak. Lehengo udan filmatu zuten eta jada prest dago jendaurrean erakusteko. Gaur estreinatuko dute Zinemira sailaren galan, hain zuzen ere. Hitzordua 20.30ean izango da Victoria Eugenia antzokian.

Mireia Gabilondo izan da liburu arrakastatsua film bihurtzeaz arduratu dena. "Nobela irakurri nuenean ikaragarri gustatu zitzaidan zer eta nola kontatzen zuen, horrek piztu zidan pelikula egiteko gogoa", dio Gabilondok. Istorio "oso normala, gertukoa", edozeini gerta lekioken zerbait izateak erakarri zuen eta berak sentitutako hori defendatu nahi zuen irudien bidez.

Bestalde, nobela batean oinarritua izatea positiboa izan dela uste du. "Beti gidoi batekin lan egiten da eta kasu honetan gidoia aberatsagoa zen atzetik liburu bat zegoelako", aipatu du. Pertsonaiak nolakoak diren oso ondo deskribatu zuen Karmele Jaiok, baita gauzak zergatik pasatzen diren argi utzi ere. Oro har, aberasgarria izan dela uste du. "Liburua irakurri dutenek buruan ideia bat dute jada eta agian ez dituzte pertsonaiak horrela irudikatzen, baina hasi aurretik badakizu zerekin topatuko zaren", aitortu du zuzendariak.

ARGUMENTUA Amaren Eskuak izenburua duen nobela eta filmak Nerea izeneko 38 urteko kazetari baten bizitzako momentu bat kontatzen du. Ezkonduta dago eta sei urteko alaba bat dauka eta bere bizitza profesionala alde batera utzi gabe, familia aurrera ateratzen saiatzen da. Luisa bere ama gaixotu egin eta memoria galtzen duenean handiagotu egiten da arazoa, bere bizitzako arlo batzuk kolokan utziz. Gainera, bere amaren gaztetako istorioak ezagutzen hasten da eta Nerea beraren iraganeko pertsonaiak berriro ere bere bizitzan agertzen dira.

Ainara Gurrutxagak jarri dio aurpegia protagonistari. Liburuari esker, Nerearen mapa sentimentala osatzea lortu zuen. Bere ustez, "denei gertatzen zaigun zerbait pasatzen zaio pertsonaiari". Ezezagunak diren sentimenduak agertzen zaizkio eta halabeharrez horri aurre egin behar dio", kontatu du. Gizatasun hau pertsonaia honek nola kudeatzen duen transmititu nahi dio aktoreak pelikula ikusiko duen edonori. Nerea emakume indartsua, azkarra, bezala definitu du bere paperean sartu den aktoreak, baina jazotako gertaerekin "bere oskola zartatu egiten zaio". "Hori nola kudeatzen ikasi behar du, ez baitaki, eta horrek karga dramatiko bat suposatzen du", dio Gurrutxagak.

Bere lehen pelikula izan da eta oso esperientzia ona. Pertsonaia prestatzeari denbora dexente eskaini dio. Fisikoki nolakoa den, bere ahotsa, nola begiratzen duen, landu zuen lehenengo, horri garrantzia ematen baitio Ainara Gurrutxagak. Zer ingurune daukan, bere historia nolakoa den, dena arretaz aztertu zuen eta gainera, oso gustura egin zuen.

"Interpretazioa nire pasioa da", dio, eta prestakuntza on bat ezinbestekoa dela uste du. Gainera, nobela behin eta berriz irakurri zuen Nerea hobeto ezagutzeko. "Horrela, zer jarrera zituen deskubritzen joan nintzen", azaldu du. Grabaketarako orduan, Mireia Gabilondok asko lagundu ziola aitortu du, "gehienbat, mediora egokitzen".

Hala ere, zuzendariarentzat ere esperientzia berri bat izan da. Bakarrik zuzendutako lehen filma da Amaren Eskuak, bere beste bi pelikuletan Fernando Benués zuzendariarekin batera egin baitu lan. Gainera, aktore lana egiten ez duen lehen aldia ere bada. Hala ere, Gabilondoren iritziz, oso esperientzia polita izan da. "Aktoreekin lan egiten, interpretatzen laguntzen, nola egin nahi dudan eskatzen, asko disfrutatu dut", dio zuzendariak.

Horregatik, ez du alde handia ikusten telebistan eta antzerkian lan egiteko moduarekin. Bestela, taldearekin oso gustura sentitu da, "babestua, ondo", eta hori ezinbestekoa iruditzen zaio lan neketsua delako eta "nahiz eta jende asko inguruan eduki, nahiko bakartia den lan bat delako zuzendaritza", Gabilondoren iritziz. Azken finean, zuzendariak bakarrik daki nola egin nahi duen gauza bakoitza eta "ingurukoei zure ideia nola adierazi pentsatzea ez da hain erraza", aitortu du.

Grabaketaren ondoren, edizioa, muntaia. "Bi pelikula desberdin atera daitezke irudi berdinak edukita", ziurtatu du filmaren zuzendariak. Maialen Sarasuarekin batera egin du lan horretarako eta "oso ondo" moldatu direla dio.

Azkenean, pelikula aurrera ateratzeko fase askotatik pasatu behar izan du Gabilondok. "Orain, jendeak duen erantzuna ikustea besterik ez da geratzen", esan du. Horretarako, gaur iluntzeko euskal zinemaren galara arte itxaron beharko da.