Zazpi piano

Zazpi piano. Poema bilduma baten izena dirudi. Eder da irudia. Izan zenbakiarengatik, izan tresnarengatik. Iradoki handia dakar hitz pareak.

Bilbo hasiko da; batek daki gainerako euskal hiri-herrietara ere zabalduko duten ideia. Pausoak musikatuko dituzte, edo. Kaleak, plazak... Zazpi piano "Jo nazazu! Zure esku nago" lelopean, nahi duenarentzat (euskaraz, egia zor, anbiguo samarra gertatzen da mezua).

Izena eder, baina ez dakit hain eder izanen den hura laztanduko duenak sorraraziko duen soinua. Eszenografia eta agerraldia ez baitira gauza bera. Nahiz eta, egiazki, gutxi izanen diren pianoa laztantzeko gai; eta horren arabera, gutxi ere oharkabeko publikoaren gozamenerako aukera errealak, nik uste.

Nazioarteko musika lehiaketa baten aitzakiatan jarri omen dituzte musika-tresna hauek izarpean; esperientzia Bartzelonan eta Madrilen, adibidez, probatua da aldez aurretik. Aukera polita izan daiteke, zergatik ez, musika-eskola batera joan behar izan gabe, edozein herritarrek maila horretako musika-gailu bat ezagutzeko, ukitu ere ukitzeko. Baina jo, alegia, ingelesezko play... zailagoa izanen da.

Oraingoan publizitate kanpaina dela, hurrengoan kultur ekitaldiak direla... Beste garai batean erokeriatzat hartuko zena, gaur egun, artearen hizkuntza berriaren sormen-jariotzat hartua da. Sentsazioa dugu, askok, zer asmatu ez dakigula gaurgero. Dena erreklamo egin behar dugunez garai eztandazko honetan, ea zein argiago, erakargarritasun errentagarria sortzeko.

Askok ez du piano horiek emanen dutena aditu ahal izanen, belarrietako entzungailuak kasik tinpanoaren pareko baititu. Beste askok ez ditu entzun nahi izanen ere, soberan izanen zaizkio. Ikusteko dago, gainera, jotzaileak entzule behartuen gogo-aldartearekin bat arituko diren, oso baikara sentiberak, kasu!

Presentzia akustiko bitxi horren harira, bada, ematen du gero eta zailago zaigula inongo musika-soinu-zaratarik gabe bizitzea, paseatzea, ibiltzea, kirola egitea, egon egotea (ikasketa-ohiturak eta halakoak aparte). Denetarako behar dugu soinu-banda. Soinu-inputa nahitaezko bihurtzen ari gara gure egunerokoan. Eta norbere musika estiloaren mesedetan, isolatzea da hautatzen ari garena. Ni nirearekin.

Zazpi pianoen kasuan, borondateak konpartitu beharko dira, hori bai. Askotan The Truman Show bat bilakatzen ari ote garen pentsatzen dut (balio zinematografikoak alde batera). Hirietan bederen, eskenatokiak diseinatu dizkigute; eskenatokiak nola erabili eta nola bizi arautu digute. Hartan joka daitezkeenak ere prestatzen dizkigute etengabe. Zori gutxi.

Edonola ere, piano bat edo zazpi topatuko banitu halako batean, gustuz hurbilduko nintzateke, duda. Jakinaren gainean egonagatik ere, harrituko bainau, seguruena.

Hitzak min

por ana telletxea