donostia. Groseko bere talaian mundua ikusteko patsada irabazi omen du, baina idazten duenean bere obsesioen desertuan galtzen da donostiarra. Ezin ebitatu. Damua, bikote-harremanak, heriotza, aber-tzaletasuna, gomutak,... Euskal gizartearen ajeak agertzen ditu Martutenen, ispilu bat bailitzan, Stendhalen joerari eutsiz. Dena jar-tzen du ezbaian, idazkeran betiko birtuosismoa erakutsiz. Eta irakurleak bere bide propioa egin behar du hitzen labirintoan zehar.
Nobelaren klabe asko hasieran ematen dira. Unamunoren esaldi ezaguna aipatzen duzu (nobela nola egiten den nobeleskoagoa dela nobela bera bainoago). Camusena ("nobela bat non ez den deus gertatuko"), Blaken "xehetasun txikien santutasuna"... Julian pertsonaiak dioena ("edozein muturrek balio du istorio baten mataza-haritik tiratzeko"),...
Bai. Nouveau romanzale naiz, eta korronte horrek esaten zuen ez zuela irakurle xalorik nahi. Kontziente izango den irakurlea eskatzen dut nik, nobela batean zer den jolasa eta zer serioa desberdintzeko gai dena. Hasieratik ematen zaizkio klabe batzuk, dena ez erabat. Ondradua izan nahi dut horretan.
Zenbat leku dauka sinbolismoak 'Martutene'n?
Sinbolikoki erabiltzen ditut egoerak, hitzak,... Esaterako, trena. Elkarrizketetan, atrezzo moduan, ba-tzuetan euria behar duzu, beste ba-tzuetan eguzkia, eta trena nik uste hutsuneak betetzeko, eta batzuetan hausteko, ondo datorrela.
Ez duzu oso mundu zoriontsua islatu nobelan.
Ez. Funtsean deskribatzen dudana giro burgesa da, egun lehen ez bezala existitzen baita burgesia euskalduna. Ezaguna zait mundu hori, erosoa zait berau aztertzea.
Burgesak bai, baina beren munduaz oso kontent ageri ez direnak.
Bai, burgesia horrek kaltetu asko uzten du bidean. Duten gauzarik gaiztoena eta inkontzienteena hori da, dena kakazten duela. Kexu dira garapen ekonomikoa esaten zaionak itsasoak zikindu dituelako eta mendiak etxez bete eta pertsonak alienatzen dituelako baina ez dute ezer egiten mundua aldatzeko.
Eta bitxia da: nobelako pertsonaiarik 'jatorrena' Lynn da eta bera ateratzen da kaltetuen.
Pertsonaia gaizto gaiztorik ez dago nobelan, baina egia da bertakoen taldean sartzen den atzerritarra ateratzen dela kaltetuen. Iris Murdoch idazle irlandarraren esaldi bat jarri dut nobelan, non esaten duen badirela gazte batzuk gehiegi pentsatu gabe sartzen direnak konponezinean dauden heldu batzuen bizitzan, eta kaltetuta ateratzen direla gizajoak. Eta hori gertatzen zaio Lynni.
Tentsioa nabari da tarteka, inoiz pelikula beldurrezko bihurtzen dela.
Izan liteke. Nik uste dut egingo nukeela nobela beltz bat (irribarrez). Noizbehinka irakurleari eman behar zaio laguntza bat, tentsioarekin jolastuz, kontakizuna administratuz.
Martinek pisu handia dauka nobelan. Zenbat jaso du Martinek zugandik?
Nire alter egoa da. Badakizu, Madame Bovary c'est moi. Dana nigandik pasatzen da eta... Ni neu eta beste idazleren bat ere islatzen dut hor.
Literaturarik gabeko bizitza hutsala, ume izaera, bere burua zahar-tzat daukana,... Erretratu latza Martinena.
Bai, hala da. Eta ez du abizenik. Ez dakit zergatik ez duen abizenik Martinek. Beharbada horregatik danagatik, Martin Saizarbitoria delako.
Abaitua ere ez da libratzen eta egoista agertzen zaigu. Dan-dana dauka, agian merezi ez duen asko ere bai.
Bai, eta bere zintzotasuna ere ezbaian dago. Nobelan azaltzen da nola bere mediku ofizioa ongi bete nahiaren azpian, bere pazienteen bizitza salbatzeko ahaleginean ari denean ere ze puntutaraino ageri den bere izaera nartzisista. Ona izatearen onuragatik da ona.
Gizonen erretratuak gogorrak dira. Zekenak, beldurtiak, maitatzen ez dakitenak... Holakoak gara?
Tira, liburuko pertsonaiak karikaturak dira neurri batean. Hemen ere erdibidea jarri nahi dut. Ez gara hain horrelakoak, ez gara hain sinpleak. Egia da emakumeekin parekatuta galtzaile atera gintezkeela. Gaur egun asko esaten da gu baino azkarragoak direla, sentikorragoak, korrekzio politikoak hala eskatuta, baina egia da orokorrean eta maila emozionalean gu baino inteligenteagoak direla. Dena den, Martutenen ere Lynnek ikusten du zerbait gizon horiengan.
Martinek eta Juliak ez dute inoiz euren barne-arazoetaz hitz egiten, etorkizunaz... Etorkizunaz hitz egiten ez duten bikoteek ez dute etorkizunik?
Biei falta zaie errenditzea. Errenditzea da esatea zu behar zaitut. Eta planteatzen duzun etorkizunaren kontu hori ez dut garbi ikusten.
Nobela irakurri ostean geratzen den sentsazioetako bat da bikote 'klasikoaren' modeloa ahituta dagoela.
Ahituta ez dakit baina aurreran-tzean ez da izango modelo bakarra. Hori bai, beti edukiko dugu erlazio klasiko horren nostalgia. Nire gazte denboran modeloa bikote tradizionala zen, baina ezkontza irtenbide bat zelako bikote moduan bizitzeko... Ez zen, ordea, modeloan sinisten. Eta modeloari iraunaraztea ere ez zen zilegi, hori karka baitzen. Gero konturatu naiz oraingo gazteek argiago dutela bikoteak funtzionatuko badu funtzionarazi behar zaiola, landu behar dela erlazioa.
Pertsonaia errebelderen bat edo beste ere agertu zaizu.
Gutxi mugitzen zaizkit pertsonaiak nik aldez aurretik markatutako lerrotik, baina bai, liburuan Juliak hartzen duen erabaki batek ni neu ere harritu egin nau. Karta bat ez du irakurri nahi izan, eta horrela semeari (Zigorri) ukatzen dio aitaren hitza. Hor egiten zait Julia autonomoa eta oso pozik nago horrekin. Juliak erakusten dit batzuetan ko-pla gutxiago eta hemen batzuei ezetz esan behar zaiela, ez eta ez.
Nostalgiak zenbat pisu dauka liburuan?
Izango du, baina gehiago da arbuia-tzen dudan mundu eta istorio bati adio esatea. Nire bizitzako kapitulo zenbait (euskal kontu guztia) gainditu nahi ditut, baina gorrotik gabe. Niretzat zaila izan da euskal aber-tzalea izatea, baina nik ez dut Euskal Herria gorrotatuko. Gure historia beste batzuena bezain noblea da. Leialtasun bat gorde nahi dut.
Beraz, ez gara hain gaiztoak.
Ez, ez, keba. Geure erruak onartu beharko genituzke, bakoitzak bere neurrian, guztion artean gertatutakoaren kontakizun bat adostuz.
Memoria askotan aipatzen duzu eta zure memoriaren mapa ere bada 'Martutene', ezta?
Memoria gauza zabala da. Memoria historikoa eta gure historia ez ahaztea ez da bakarrik biktimekin egotea, baizik eta Frankismoan bizi izan dugun historiaz jardutea. Eta ahaztu egiten zaigu. Pobreak izan ginela ere bai.
Zuk zeuk ere sarritan aitortu duzu gogoratzeko idazten duzula.
Bai, horretarako idazten dut. Memoria plater hautsi bat da eta plater puskak bildu behar dira. Hori da niretzat literatura.
Heriotzaren gaiak kezkatzen zaitu.
Gogoan dut umetan Mutrikun -nire aita bertakoa baitzen- norbait hiltzen zenean herri osoa hartzen zuela heriotzaren itzalak. Hil-kanpaiak, latinezko kanta ikaragarriak... Dies irae, dies illa… Baina era berean herriko umeek hildakoaren etxeko atea jotzen zuten eta "ikusiko?" galdetzen zuten eta han sartzen ziren hilotza ikustera. Orain, berriz, "joan egin da" eta horrelakoak erabiltzen ditugu heriotza saihesteko. Ikasi behar genuke heriotzarekin elkarbizitzen. Martutenen kontu handiz erabili dut gai hori, dramatizatu barik.
Erruaren itzala ere nabaritzen da nobelan.
Ni neure buruaz ari naiz, edo gutaz, ni lakoez. "Hay que contar historias de nacionalistas", zioen Jon Juaristik, eta ni ados nago. Bakoitzak konta dezala bere historia. Martutenen denak dira gutarrak. Horietaz eta horien erruaz ari naiz.
Errua euskaldunona da bakarrik?
Bakarrak ez dakit baina errudun izan garela dudarik ez. Badakit min ematen duela hau entzuteak baina, salbuespenak salbu eta bakoitzak bere aldetik nozitu behar izan duena alde batera utzita, orokorrean euskal kulturaren mundua esaten zaion hori ez da fin portatu indarkeriaren aurrean. Gauza asko onartu ditugu onartu behar ez zirenak.
Eta hala ere aurrera egiten dugu.
Inportanteena da banakako hartu-emana, eta hor ez dut uste arazo askorik dagoenik gure gizartean. Euskaldun asko dago hemen eta munduan ondo kunplitu duena, eta fama ona daukagu leku askotan.
Herri txikietako giroa latz deskribatu duzu nobelan. Zer dela eta?
Onartzen dut eskua joan zaidala hor, baina egon badago mundu hori!
Eta Donostiaz zer diozu?
Maite eta gorroto dudan hiria da. Bizitzeko baldintza fisiko primerakoak dituena baina aldi berean dekadentea dena (nahiz eta bere dekadentzian ere ederrenetakoa den). Asko aldatu da, ingurunea bereziki, kalterako. Egia da inguruko herri askok hobera egin duen neurrian dirudiela arruntagoa; irabazi egin du gipuztu egin den neurrian.
Bilbok ere badu tokitxo bat nobelan. Gustuko duzu hiria?
Niretzat Bilbo Bilboko poetak dira. Garai batean, Aresti ikustera joan izan nintzen gehienetan. Orain diseinuko hiria bihurtu da, baina ahal dudan guztietan Abando Ibarratik behera egiten dut, Bilbo itsusiaren nostalgia dudalako, "Aleman barkua atrakatu da Zorrotzan" gomutan.