BILBO. 'Olentzero eta oparien ordua'ren gidoiarekin bazenuen eskarmentua. Zer nolako erronka izan da gidoi berri hau?
Urte asko daramazkit gidoigintza munduan. Bestela ere aritu izan naiz gidoien azterketan, euskerara moldatzen eta abar. Baina hau filme berria izanik jakina erronka dela. Kontutan izan Olentzeroren laugarrena dela eta istorio desberdin bat sortu behar duzula.
Nondik dator istorio berria?
Hasieratik pertsonaia magiko bat sartu nahi genuen istorioan, Olen-tzerori berdintasunean aurre egingo ziona. Eta konturatu ginen ez genuela oso urruti joan beharrik pertsonaia magiko horren bila. Gure mitologian asko ditugu. Guk iratxoa aukeratu genuen. Bai da egia ukitu berezi batzuk eman genizkiola, baina gureetariko bat da. Beatriz Isorekin batera eginiko lana izan da hau.
Zein elementu berri erabili duzue gidoi honetan?
Dosi juxtuan,... baina tentsioa gehitu diogu. Ez dut esango beldurrezko filma denik, baina baditu ukituak. Komediari ere zuku gehiago atera diogu, eta nik esango nuke Olentzero eta Iratxoen Jauntxoa lau filmeetatik onena dela.
Pertsonaia batzuen profila finkatuta zegoen. Zer edo zer aldatu diezue?
Pertsonaia gehienak beste filmeetatik datoz, baina beraien izaera finkatuago dago dagoeneko. Bada pertsonaia bat, Anje, garapen berezia duena filme batetik bestera; oraingoan Olentzeroren laguntzaile izateko prest agertzen da.
Euskaraz eginiko gidoia da?
Bai, euskaraz sortutako filma da. Nirekin batera aritu den Beatriz Iso ez da euskalduna, baina gidoiarentzat onuragarria izan da neurri handi batean. Askotan euskarari begira egoteak baliteke istorioaren funtzionaltasuna begi bistatik galtzea eraman dezakela, eta berak horretan asko lagundu du.
Lan asko ahal dago euskarazko gidoigintzan?
Oso gutxi. Baina tira, kexatzeak ez dakar onurarik. Lanean jarraitu behar dugu. Gurea den hizkuntza honetan eta gure gertuko istorioak kontatzen. Guztion artean euskara XXI. mendean kokatu behar dugu, eta horretarako telebista, zinea eta beste euskarri guztietan present egon behar du euskarak.
Zein arazo ditu zuen sektoreak?
Egoera tristea da. Oso gauza gutxi ekoizten da. Telebistan bertako produkzioari ez zaio batere laguntzen eta bestelako lanetan ba zer esango dizut... Eskerrak Baleuko bezalako ekoiztetxeek arlo honetan apustuak egiten dituzten. Olentzeroren filma estreinatuko dugu orain, baina beste bi animaziozko filme ditugu urte berrirako; horrek ausardia erakusten du.
Ondo konpondu zara zuzendariarekin?
Gidoilarikide Beatriz Iso izan dut, eskarmentu handikoa. Ederki konpondu gara, hasiera hasieratik kimika deitzen zaion hori izan dugu. Eta zuzendariarekin zer esanik ez. Oso ukitu desberdina eman dio filmari. Akzioa zoragarri islatu du, tentsioari tentsioa gehitu dio eta komedia ederki manejatu du. Lana erraza eta dibertigarria izan da.
Etorkizuneko beste proiekturik bai?
Ba gauza asko? Egun, bi animaziozko telesailen garapenean gabiltza Baleukorekin, beste film bat edo beste eta buruaren errotari astintzen ideia berriak sortzeko. Ah! Hurrengo Olentzeroren filma ere egin beharrekoen artean dago.