Donostia. Ander Iturriotz (Ordizia, 1961) Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da. Soziologian doktoratua, zenbait literatur lan argitaratu eta politika arloan kolaborazioak eta analisiak egin ditu. Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari berriak, 30. urteurrena biziko du bi urte barru eta "osasuntsu gaudela" ziurtatu du.

Nola hartu duzu kargu berria?

Fito Rodriguez lehendakari ohiak lau urte egin ditu bertan, epea ez dago inon jarrita baina berak estimatu zuen nahikoa zela lau urte horiekin eta beste bati egin behar ziola lekua. Bide batez, Suizako Unibertsitate batera joan behar zuen sei hilabetez ikerketa bat egitera eta horrela suertatu zen.

Hautagai bakarra izan zinen. Zure kideek argi zuten lehendakari bezala nahi zintuztela. Zuk ere ba al zenuen ziurtasun hori?

Kargua hartu baino lehenago bilera eta elkarrizketa mordo bat egin nituen Rodrigezekin. Hasiera batean oso intesgarria iruditu arren, zama handiko kargua zela pentsatu nuen eta horregatik, galdera asko nituen. Lehenagotik ere ibilia nintzen elkarte barruko idazkuntza batzordean baina ezberdina zen, hura lan ba-tzorde bat zelako eta hau lehendakaritza bat delako. Orduan, bilera asko egin, eskaintza onartu eta berak ohiko prozedurak bete zituen batzar orokorrera iritsi arte. Han adostasunez, ia aho batez, onartu zuten nere hautagaitza.

Orain arte, Fito Rodriguez izan da burua. Bere jardunari jarraipena emango diozu edo aldaketaren bat egiteko asmoa duzu?

Beno, zuzendari bakoitzak bere estiloa dauka baita literatura eta kultura ulertzeko moduan ere. Ildo horretan, ez gaude oso urruti Rodriguez eta biok, baina beti daude estilo kontuak. Egitasmoei dagokienez, nire lehentasunak izango ditut, berak bereak izan zituen bezala, betiere, zuzendaritza eta bazkideen onarpenarekin. Ez da aldaketa handirik egongo baina bai matizen bat edo beste. Erakundearen ohiturak aldatu beharko diren oraindik ez dakit, baina jakin badakit ez diodala inongo beldurrik aldaketari, ezta ongi dagoenari eusteari ere.

"Hegats" eta "Kalegats" aldizkariak barne kontsumorako soilik al dira?

Printzipioz bi aldizkariak kideen-tzat dira, bai. Dena den, biak oso ezberdinak dira. Hegats akademikoagoa da, gai baten inguruko gogoetak biltzen ditu. Liburu formatuan argitaratzen da eta bazkideei zabaldu ez ezik, liburutegietan ere aurki daiteke. Horrela, eros daiteke eta beste aldizkari guztien zirkuitoan sartzen da. Kalegats, ordea, informazio aldizkaria da gehiago, bazkideen arteko harremanak eta sektoreak dauzkan arazoiei buruzko gogoetak egiteko esparrua da. Orain arte, barne sareetan banatzen zen baina duela bi urte literatura sozializatzeko aprobetxa zitekeela erabaki genuen eta kideei banatu ez ezik, tirada handiago bat ere egin genuen publiko zabalago batengana iristeko. Horrekin batera, formatua ere aldatu diogu; batetik, estekikoagoa egin dugu irakurgarriagoa izan zedin, eta bestetik, elkartearen barne kudeaketa izan zitekeena murriztu eta literaturarekin zerikusia duen gaien bat sartu dugu. Ale bakoi-tzean gai monografiko bat lantzen dugu hortaz.

Literaturak ba al du gizartearen eraikuntzarekin harremanik?

Oro har, literatura kulturgintzaren barruan sartzen den arloa da, nahiz eta mediatikoki gehiago azpimarratzen den, interes ekonomiko gehiago dauzkalako atzetik. Baina gure elkartean euskaraz idazten duenak hizkuntza minorizatu batean ari da eta horrek bere esparruak muga-tzen ditu. Euskal idazlea euskalgintzari eta euskal kulturari lotzen zaio zuzenean, hori baita euskal idazleak duen ezaugarri nagusiena.

2012. urtean 30 urte beteko dituzue. Elkarteak dituen xede eta ametsak betetzen ari dira?

Betetzen eta hedatzen ari dira. Oso egitasmo xumeekin hasi ginen baina poliki-poliki ekimen horrek zabaltzen ari gara. Esate baterako, aurten sarearen mundua ikutu behar dugu modu duin batez, orain arte egin diren bestelako ekimenak alde batera utzi gabe. Elkarte honek ez du helburu finkorik, urtez urte jartzen ditu xedeak eta hobetzen ditu egitasmoak. Hori izango da bidea. Azken batean, kultura bezalako arloa beti da eboluzioan, sortzen eta eraldatzen dabil eta horri erantzun behar diogu. Osasun onean gaude.