dantxarinea. Kantu Zaharren Egunarekin batera, liburuxka ere argitaratu du Angel Mariezkurrenak zenbait erakunderen laguntzarekin. Aurten 2.500 ale inprimatu ditu eta dagoeneko 600 bat kanturen letrak bildu izanen ditu sei urteotan. Heldu den larunbateko egunean parte hartzen dutenek doan hartuko dute txartelarekin batera eta eskatzen dioten guzieri ere muxu-truk emanen die Era-tsun herriko semeak.
Kantu zaharrekiko zaletasuna noiztik duzu?
Nik beti ezagutu dut kantua etxean eta herrian. Eratsundik eta inguruko herri askotatik jende ugari joaten zen Ameriketara, Iparraldera edo Frantziara lanera, artzain edo baso lanera. Hauek bederatzi hilabete ematen zituzten baso lanean eta Eratsungo iñauteak baino astebete lehenago edo etortzen ziren. Eta Eratsungo iñauteak pasatuta joaten ziren, baina hogei egun horiek ikaragarriak izaten ziren: otorduetan kantuz, bestan kantuz eta kantuz? Nik beti horrela ezagutu dut. Baina hori apaltzen joan zen eta berreskuratu beharreko ohitura zela iruditu zitzaidan. Gero, baztandarrekin kinto festa ere egiten dut eta kinto festa horretan, bazkalondoan baztandarrak kantuan hasten ziren, Eratsunen egiten genuen bezala, eta orduan ohartu nintzen ez zela herriko gauza bakarrik. Baztanen asko kantatzen da, Iparraldean ere ikaragarria da. Horrela sortu zen Kantu Zaharren Eguna egitearen ideia.
Beraz, inguruan gaia bazela ikusi eta hortik sortu zen Eguna antolatzeko ideia?
Horixe da. Joxe Angel Elizalde akordeolaria ezagutu nuen kinto bazkari horietako batean eta berak kantu zahar pila bat dakizki. Hark soinua jo eta nik liburuxka batean kantuak bilduta antolatu genuen lehen urtean Sunbillan, publizitate handirik egin gabe, baina izugarrizko arrakasta izan zen. Ulibeltzak elkartea betea, ateak zabalik eta jendea kanpoan. Hasieran 107 lagunentzako mahaia jarri genuen, baina aurrikuspen guziak gainditu zituen.
Sunbillako elkartea ttiki gelditu eta bigarren urtean Elizondoko Lur dantzalekuan egin zenuen?
Bai, bigarren urtea ezberdina izan zen, catering bat eraman nuen, lan handiagoa zen, ardura ere handiagoa eta neretako sobera izan zen. Lurreko nagusia Francis Iturriak izugarri lagundu zidan orduan eta geroztik ere beti lagundu du kantu zaharra, eta eskerrak eman behar dizkiot. Orduan 800 lagun bildu ziren, ikaragarria! Baina nere idurirako hotz xamar gelditu zen, ez tenperaturagatik, baizik eta kantatzeko goxotasunik ez zelako, ez zen mahainguruko giroa, buila handiagoa egin behar zen kantatzeko, ez zen ongi entzuten?
Eta geroztik, azken lau urteotan, Dantxarinean egin duzu. Venta Peioko Lugarana jatetxean laketu duzula erran daiteke?
Lekua ezin hobea da, Lapurdiko mugan, Baztanetik hurbil, kantari ingurua da. Beste aldetik, jatetxea kanturako zoragarria da, altuera apal-apala, ez duzu ahotsa bortxatu beharrik eta arrunt goxoa. 330 lagun sartzeko toki egokia da eta urtetik urtera dena betetzen da. Venta Peioko familiak eta langileek ere lan handia egiten dute eta laguntza handia da.
Hasieran zure kontura eta zure ekinez antolatu zenuen Kantu Zaharren Eguna. Orain laguntzaile gehiago dituzu?
Lehenbiziko urtean behatzak harrapatu nituen eta bigarrenean ikaragarria izan zen, jende aldetik arrakastatsua izan zen baina nik morala eta dena galdu nuen. Diru aldetik ikaragarrizko gastua izan zen niretzat. Orduan pentsatu nuen babesle handiak topatu behar nituela edo bestela elkarte ttikiren batean lagunarteko zerbait egitea aski nuela. Baina laguntzaile bila hasi nintzen eta BBKk laguntza handia eman dit lau urte hauetan, baita bertze zenbait enpresek, Conasak, Irizarrek, Martikok? Horrelako egun bat antolatzeak 30.000 euro inguruko aurrekontua du eta aurten lagun-tzaileak bilatzerako orduan krisia ere somatu da. Bidai asko egin behar dira babesleak lortzeko hemendik hara, igual ehun ate jo ditut eta batzuetan baita erantzun txarren bat aditu ere.
Urtero urtero gonbidatu bereziak ere agertu dira Kantu Zaharren Egunera, kantariak, famatuak?
Kulturan eta kantuan aski famatuak direnak etorri dira eta gainera ongi pasatzen dute, inork eskatu gabe bizpahiru kantu eskaintzen baitituzte. Hor izan ditugu Pantxoa eta Peio, Amaia Zubiria, Jaione Olazabal, Xabier Euzkitze, Angel Mari Peñagarikano, Patxi Sainz? Hau Ondarroan bizi den getariarra da eta hotzikaria ematen duen ahotsa dauka. Iaz etorri zen eta harritua gelditu zen giroarekin eta jendearen kantatzeko zaletasunarekin. Aurten ere etorriko dela aipatu dit.
Mahainguruan kantatzeko ohitura hori herri txikietara edo adin jakin bateko jendera mugatzen da? Edo belaunaldi gazteagoen artean eta hirietan ere badela uste duzu?
Hasieran nik ere galtzen ari zela uste nuen, baina ez da horrela. Beharbada gordeta egon da, apal-apal, baina joaten naizen toki guzietan kantu zaharrak aditzen ditut orain, ez bakarrik Baztango ostatu eta elkartetan, baita Donostia, Iruñea edo Bilboko alde zaharretan ere, txikiteoan, bazkalondoko giroan? Gero eta gehiago aditzen da, asko indartu da.
"Mahai inguruko kantuak" diskoa ere argitaratu duzue aurten lehen aldiz?
Mahainguruko kantuak diskoaren aurkezpena urriaren 30ean egin genuen Elizondoko Lur diskotekan. Jalisko Band taldeko Aitor Ibarra, Joxerra Mitxelena eta Oskar Mindegia tronpetarekin, baxuarekin eta bateriarekin eta Joxe Angel Elizalde akordeolariaren musika lagun genituela, Amaiurko Juan Mari eta Itziar Aleman anai-arrebak, Erratzuko Antonio Inda, Eratsungo Angel eta Patxi Mariezkurrena anaiak eta Luis Mari Retegi, Urrozko Lorea Babaze, Sunbillako Alfredo Arretxea eta Aitziber Etxeberria eta Doneztebeko Alberto Zunzarren abeslariak dira disko honetan parte hartu dutenak, kantu zaharrak eskainiz. Mila ale argitaratu genituen, 400-500 salduz gastuak estaltzeko modua izanen genuela pentsatuz eta dagoeneko bukatu dira, CD gabe gelditu gara astebetez. Sorpresa handia izan da.
Eta heldu den larunbaterako txartelik gelditzen da?
Ez dakit xuxen nola doan salmenta, baina urtero jatetxea bete egiten dugu. 50 euro balio du txartelak, baina bazkariaz gain, bazkalondoko giroa, afari-berendua, liburua eta gainerakoa sartzen da.