Galiziako A Coruñako Maria Pita enparantza gainean zegoen, eta dagoen, “Santa Maria La Católica Kuarteleko Brigada Aerotransportable”-ean behartu ninduten espainiako soldaduzko egitera 1978-1979ean zehar. Mili bedeinkatu edo madarikatua hobeto esan. Helikopterotan ibilia naiz beraz jeep txiki batean, “cañón sin retroceso” abilitate handiz bat maneiatuz MPAIACek aldarrikatu zuenean Kanariar irlen independentzia. 1978ko Amnistiaren Legearen poderioz kartzelatik atera, kaleratu eta gutxira Donostiako Loiolako kuarteleko polizi militarra etxeratu zitzaidan gogoratuz soldauzka egin beharra nuela eta. Hara joan beharra. Tira. Irakurri. Liburuak. Literatura. Aldizkariak eta abar ziren nire burua sendo eta zindo egoteko modua. Galiziako literaturari ekin nion. Tokiko irakurgaiei ekin nien. Galiziako gauzak irakurtzeari heldu nion. Asko ikasi nuen, asko ikusi nuen. Ikasi, ikusi, irakurri. UPG lagunak bihotzean. Kostako Galiza ezagutu nuen, baita barrukoa ere. Leku ederrak. Jai bikainak. Jende ona, adeitsua, abegikorra, leiala, zindoa, zintzoa. Beti eskertua beraien laguntzaz. Maite ditut hango lurrak. Eta maite hango pertsonak. Bihotzean betirako. Bihotzean. Betirako. Ondorengo lerroak garai haietan irakurritako bitxikeri bat laburtzen dute, adibide gisa. Hauxe beraz:
“Garai haietan gose gorria nagusi zen Galizan zehar, eta gosete hori alde batetik eta hainbat ‘indiano’ aberatsen itzulera harroxko emigraziotik bestetik izan omen ziren hainbat lapurreta eta ‘gaizkile’ amorratu ugariren arrazoia. Eta desoreka horrek, goseteak eta aberatsen itzulerak hain zuzen, nolabaiteko ‘sinpatia’ sortzen omen zuen ‘gaizkile’ekiko, herritar xume askok begi-onez ikusten zituzten hain bat lapurreta eta lapur, Robin Hood baten gisa. Horrelaxe ulertu beharko litzateke beraz Toribioren bizimodua eta ‘ospe ona’. A Coruñako As Grañas do Sor herrian, 1882ko abuztuaren 19an, jaio zen Mamed Casanova, orain 141 urte beraz. Herritarren oniritzi asko izan zuen bidelapur honek bere bizitzan zehar. Senar ezagunik gabeko amaren semea zen, Maria Casanova emakume txiro batena hain zuzen. Mamed arotza zen ogibidez, toki jakin batean bizitzeko gaiztoa zen, argala, txiki antza, indar eta oldar handikoa, Toribio izengoitiaz ezagunagoa zena nortasun menperagaitzeko gizona zen. Maria Casanovak eta bere seme Mamed-ek ongi asko zekiten miseria gorria pasatzea zer zen. Egun batetan, Mamed aspertu zen zapatarik gabe bizitzez eta hilerrira joanik hilobi bat ireki eta gorputz bati, Grañas de Sor herriko ‘indianoa’ hain zuzen, janzki eta zapatak kendu zizkion. Bazen nonbait bolada hartan halako festa eta gure gizona han agertu zen ostutako janzkeran, eta horrela Ortigueirako erromerietan azaldu zen harro eta pozik, lotsagabeki beti ere lapurtutako jantzi eta zapata berri eta distiratsuekin. Bere garaiko hainbat idazleengan nolabaiteko distira sortu zuen eta horrela Valle-Inclánek Las galas del difunto idazlanari ekin zion, Don Juan Tenorioren parodia antzeko bat idatzi zuenean, hau ere hil-gorpuei lapurtzen zien bat izanik. Janzkeraren parodia edota parodiaren janzkera ganoragabekoa? Atorrante azkarra? Atorrantea soilik? Edota, pizkorra eta azkarra soilik? Soilik, baina zertan?
Zoritxarrez hildakoaren senide batek antzeman zien Mamed-en jantziei, eta Guardia Zibiletik hanka egin beharrean aurkitu zen. Gero ere tiroka aritu zi-tzaizkion behin baino gehiagotan, baina beti zorte nabariaz Mamedentzat. Eta hala, Galiziako mendi eta basoetan zehar egin behar izan zuen urte batzuetan zehar derrigorrez bere bizimodua.
Halako batean eta diru beharrean zelarik, ibilaldi batez, eliztarrek gaizki ikusia zuten As Grañasko Corral izena zuen apaiz jaunaren etxean lapurretan ari zelarik haren neskame zena halabeharrez hil egin zuen. Atxilotzea lortu zuten eta Santa Maria Ortigueirako kartzelan sartu, errugabetzat azaldu zuen bere burua, behin eta berriro, alferrik ordea. Beste irtenbiderik aurkitu ez eta ihesari ekiteko lanetan saiatu zen eta baita lortu ere. Honetantxe hasten da bere erromantizismoa gailego arrunten artean. Mitoaren hasiera? Giltzapean sartzeko agindua eman zuen epaileak. Erasotik erasora darabilte, aho guztietan dago bere leloa eta hala herri xehearen mitoa bilakatu arte. Guardia zibilek jazartu zuten arren Mamed Casanova beti libre, ezin hobekiago ezagutzen zituen, bada, inguruetako mendi eta ezkutalekuak.
Mika batek (urraka delako hegaztiak) abisua pasatzen omen zion Guardia Zibila hurbilean zituenean. Herritar xehak poz hartzen zuen Mameden ihesien berriak jakinda. Eta kantatxo bat ere plazaratu zen bandoleroaren aipuz: Bere atzetik alferrik dabil guardia zibila, Toribio baita herri ezagutzaile txit abila. Dirudienez beti korrika ibili ohi zen...apaiz aberatsen etxeak eta laguntza ukatzen zioten nekazari dirudunak zituen bereziki helburu-tzat. Lapurtzeko molde berdina omen zuen, limosnatxoa umilki eskatzen zuen eskopeta eskutan zuela. Aurrera zioan bere bizia, askotan segika zituen guardia zibilek tirokatu izan zuten askotan, bai berak bizkor erantzun ere eta horrelako batean guardia bat larriki zauriturik utzi zuen. Artean, Mameden ospea sendotuz zioan. Sekulako indarra omen zuen eskuetan eta jartzen zizkieten bilurrak (esposak) apurtu egiten omen zituen behin eta berriz. Mitoa? Egia?
Bere umore onaren agergarri, txori beltz bat eraman ohi zuen lepo aldean “zibil- uxatzaile” omen zena. Justiziak 1902an Mamed rebeldian deklaratu zuen eta halaz ere Real Academia de la Lengua Gallegako anitz urtez lehendakari izandako Manuel Casas, Mameden abokatu gisa aritu zen, Mamedek herri baitan zuen ospearen seinale. Azkenik fiskalak herio zigorra eskatu zuen eta gainera bere burua 1500 pezetatan jarri honen atxiloketa erraztekotan. Freixo herrixkako apaizak, ustez Mamed maite zuenak, diru premian omen eta Mamed saldu. 1903. urtean epaitu eta ‘garrote vil’ eman zioten sententziaz, baina gero aldatu eta bizi guztirako kartzela zigorrera kondenatu zuten A Coruñako presondegian sartuz. Badirudi Toribioren ama Alfonso XIIIrengana hurbildu zela eta pietatea eskatu egin omen zion eta horrela bizitza salbatu azken unean. Giltzape hau, txoria bezala bizitua zen gizon harentzat heriotza bera baino krudelagoa zen, eta ostera ere ihes egiteko zorian zegoelarik atzeman zuten. “Hegoak ebaki banizkio” datorkit burura, eta “kaiola”, eta “maitasuna eta askatasuna” bikote batzuetan, etsaiak bestetan.
Ondorioz espetxez aldatu eta San Anton gaztelura eraman zuten, gaur egun Museo Arkeologikoa dena. Ihesari eman zion berriro eta zaku batean sartuta itsasontzi baten bodegan, ia asfixiaz itota, guardiek harrapatu egin zuten. Erotu egin zen 28 urte luzetan kartzelan egotez. Kaleratzean 52 urte zituen. Zazpi urte luze geroago A Coruñara iritsi zen, lur jota, abailduta, akabatuta, agure gizajo bat besterik ez zelarik jadanik. Lasterrera, begi malkotsuak azken aldiz itxi zitzaizkion ia ia 90 urte zituelarik. Bere izena, bizitza eta nolabaiteko mitoa bizirik dirau hainbaten memorian. Mitoa bai. Herri guztiak dituzte beraien mitoak, kuttunak ere bai. Gaur egun bere herrian bertan ibilbide turistiko bat antolatua dago hurbiltzen diren turistentzat. Mitoa? Egia? Mitoaren egia? Egiaren mitoa? Malapartatua? Inor ez da profeta bere herrian. Egia ote? Bedi.”
Soldaduska Galizian. Galiziako literatura. Galiziako irakurgaiak. Burua sendo eta zindo.
Irakurle estimatua: irakurri berri duzuna, nik neuk, orain dela 45 urte irakurritakoa izan zen. Irakurritakoa eta garunean gordea, betirako gordea. Donostiara iristean, bueltan, pasadizo bitxi hau betirako gordeta nuen. Daukat. Istorio hauek nire buruaren oreka zaindu zuten, zaindu zidaten. Toribio guztiak bihotzean. Zorionez Toribio asko daude, han eta hemen, handik eta hemendik, lehen eta orain, lehen, orain eta beti. Beti. Zorionak norberaren bakoitzaren bihotzetan beti dago Toribioren bat. Mitoa? Bai, mitoak Toribio zuen izena.
Gora mundu guziko “Toribio” guztiak. Gora Galiza. Gora askatasuna. “Hegoak ebaki banizkio nirea izango zen, ez zuen alde egingo, baina orduan ez zen txoria izango…eta nik txoria maite nuen”. Ba horixe, irakurle estimatua. Uda ona izan dezazula. Bedi bada.