Ziur nago Uztailaren 23an Espainiako hauteskundeetan Euskadiren aldeko apustua berretsiko dugula. Egoera zaila, bai, kezkagarria, baita ere. Matxado olerkariak aspalditxo zioen bezala “una de las dos Españas ha de helarte el corazón”. Eskuina eta eskuin muturraren aldarte eta aldarrikapenek zimurtzen gaituzte, ezagu-tzen ditugu eta. Zoritxarrez ezagutu ere, historiako madarikatuak hortxe daude, ditugu, gertu. Gertuegi hain zuzen. Baina ez gaituzte beldurtzen, ez kikilduko ere. Ez gara etorri berriak eta. Luzarotik, eta oso aspalditik gatoz. Uztailaren 23ri 24k jarraituko dio eta gu geu zutik jarraituko dugu. Ez gaituzte desagerraraziko. Oraingoan ezta ere. Kateak ez du etengo. Euskadiren ahotsa ez dute isilaraziko. Herri txikia gara, baina errealitate bizia nazioarteko taulan, errealitate bizia bai. Aztarna sendoak eta ondare sakonak utzi duten kultura boteretsu eta zibilizazio askoren gainetik bizirik iraun dugun herria hain zuzen. Berriro adierazten dut, bai, badakit, askotan errepikatu dut: pultsua ez galtzen jakin dugu, eutsi diogu goiari, eta mende askoren ondoren izaten jarraitu nahi izan dugulako kontzientzia izaten jarraitzen dugu gaurko egunean ere. Ostera diot: oso bihurria eta gaiztoa izan zaigu askotan errealitate soziopolitikoa, konplexua oso, plurala beti, baina beti dinamiko eta aldakor bihurtzeko landu dugun bidea egin dugu urratsez urrats gaur egungo gure Euskadi hau eratu arte. Kontrako zirkunstantzia askoren gorabeheretan, gure nortasun-ezaugarrietan irauteko borondateari atxiki izan gatzaizkio. Eta hori dena muga historiko administratibo artifizial eta apetatsuen gainetik. Baina beti izan dugu gure “Zazpiak Bat” lortzea helburu. Beti Euskadiren ahotsaren alde.
Abertzaleak gara. Abertzaleak bai. Eta gure abertzaletasuna inolako konplexurik gabe aldarrikatzen dugu lau haizetara, “Lauxeta”ren gisa, Olerkari eta Euskal Gudarostearen goi buruaren gisa hain zuzen. Euskal nazionalismoa euskal gizartearen bizkarrezurra izatea ahalbidetu duten milaka emakumek eta gizonek osatutako euskal abertzaletasunaren historian kate-begia gara, kate-begi soila, baina guztiz beharrezkoa, irmoa, sendoa, zindoa, ezinbestekoa. Euskadiren ahotsa izango gara.
Euskadiren nazio-eraikuntza eta subiranotasuna lortzeko tresna baten lekukoa utzi diguten pertsonei, emakume eta gizonei, ekintza politikoaren eta errespetuaren bidez beren orainaren eta etorkizunaren jabe izateko helburua lortzeko lan egin zutenei jarraitu egingo diegu beraien irrika eta lehia, beraien helburu eta borrokan. Ezberdintasunaren errealitateari eta herritarren aniztasunari begirunez eta errespetuz so eginaz. Ezer ez dugu inposatuko, inoiz. Eragotzi aditza ez dugu inoiz jokatu edo konjugatuko. Tresnak EAJ du izena erronkak identifikatu eta jarraitu beharreko ibilbidearen profila marraztu duen Alderdia hain zuzen. Euskal nazioan sinesten eta aldarrikatzen duena. Zazpi lurraldeetako Euskadi Euskal Aberria dela aldarrikatuz Espainiako nazioaren izenean XIX. mendean egindako eranzte politiko eta instituzionala ez onartzeaz gain, Euskal Herriaren izaera nazionala berretsi zuten euskaldunekin bat eginaz zuen nazio izaera horri datxezkion eskubide politikoak lortzeko. Era baketsuan, geurea defendatuz irmoki garai krudel eta odoltsuetan. EAJko gudariek beraien odola isuri zuten guda zelaietan bizia eman arte eta fusil faxisten aurrean hormen aurrean hil zituzten “Gora Euskadi Askatuta”ka eta “Eusko Gudariak gara” abestuz doinuak tiroka behin betirako ito arte. Bizi gara beste batzuk hil zirelako. Izan zirelako gara. Ez ditugu inoiz ahaztuko. Ezin. Horien artean nire osaba Benito Bujanda Saseta Bataloiko gudaria, metrailadoretako tenientea, Peña Lemonan hila borrokan. Euskadiren askatasunaren alde borrokan bizia eman zuen Donostiako Antiguako mutil gazteak. Euskadiren ahotsa izan ziren azkenerarte.
Goazen, atzokoa ahaztu gabe, gaurkora. Mende luzeak joan zaizkigu eta mutazioak. Denbora aurrera, ezer ez da berdina, gizartea aldatu da, egitura demografikoa, soziala, ekonomikoa eta kulturala. Hautesleriaren osaeran eta egituran gertatu diren eraldaketak izugarriak dira. Munduko egoera politikoak eta herritarraren ingurune pertsonala eta soziala bera nabarmen aldatzen ari dira: globalizazioa, pertsonen fluxuak, migrazioak eta kulturen artekoak. Ezer ez da berdina izango. Aldatzen ez den bakarra aldaketa bera da. Horrela, EAJk, XXI. mendeko euskal nazionalismoaren kate historikoak, sortzen ari den gizarte zibil berriarekin bat egiten jarraituko du abertzaletasuna eguneratuz. Kate-begi horrek ez dio ezer funtsezkori uko egingo, garaiekin bat etorriz eta erabilgarriari eutsiz, kale berriko herritar berrien interes eta kezka berriak bidera-tzen jarraituko du.
Gero eta interdependenteagoa den mundu honetan jokatzen asmatuko dugu, subiranotasun partekatuak gauzatzeko erronkari eutsiko diogu. Desberdinek partekatutako etorkizunaren aldeko apustu barneratzailea bultzatuko dugu. Testuinguru global batean partekatutako subiranotasun eta identitateen zentzu modernoari buruz hausnartzen eten gabe arituko gara. Eta hori ikuspegi luzea emanez iraunkortasunari, ingurumenari, azpiegiturei, lurralde-antolamenduari, gizarte-ongizateari, ekonomiari, energia berriztagarriei, berrikuntzari, hezkuntzari, kulturari eta ezagutzari. Apustua, konpromisoa eta erronkari ez diogu muzin egingo. Aldebikotasuna, hitzarmena, akordioa, elkarrizketa partekatua, bere muga zailtasun eta erritmo desberdinekin zazpi lurraldeetako euskal nazioa askotariko Europan bihurtuko duena, bultzatuko dugu, indartuko dugu, ez dugu etsiko. Inposaketei ez borobila emango diegu. Etorkizuna aurrean daukagu. Kemena eta hauspoa daukagu birbideratzeko aipaturiko etorkizuna. Harreman negoziatuak tresna bilakatuko ditugu eta mugen historia, edota historien muga zaharkituak demokratikoki bihurritzeko lan egingo dugu. Horretan jarraituko dugu. Euskadiren ahotsa en-tzun araziko dugu han eta hemen, hemen eta han. Dena dela Uztailaren 23ko emaitza Euskadiren ahotsa lau haizetara hedatuko da. Ahotsa.
Arrazoiak oso soberan eta guztiz nahikoak ditugu, hasteko, hamar aldarrikapen hauek plazaratzen ditugu entzun nahiko lukeenaren guztientzat: 1.Euskal nazio nortasuna, bere eskubide historikoak, erakundeak eta autogobernua defendatzen ditugu. 2.Inboluzio demokratikoari, populismoei eta demagogiari aurre egiten diegu. 3.Eskubide zibil eta demokratikoen defentsa lideratzen dugu. 4. Elkar bizitza lortzeko eta herritarren alde lan egiten dugu. 5.Berdintasuna eta indarkeria matxistaren eta soldata arrakalaren aurkako borroka defendatzen ditugu. 6. Justizia soziala eta ongi-izatea babesten ditugu pentsio duinekin eta gazteriarentzako etorkizunarekin. 7. Klima aldaketaren aurka borrokatzen gara eta ingurumenaren ta energiaren jasangarritasuna sustatzen ditugu. 8- Industriaren eta Eteen eta autonomoen alde apustua egiten dugu, baita gizarte oparoa lortzeko berrikuntzan eta nazioartekotzean ere. 9.Bidezko fiskalitatea eta birbanatzailearen alde eta zerga-politikorako ahalmena ekonomia itunaren bidez zabaltzea. 10.Europa nahiago dugu, non Euskadik ahots propioa izango duen.
Etorkizun horretan, hurrengo belaunaldiek, euskaldun berri horiek, enbor beretik jaiotako kimu berri horiek, elkarrekiko errespetua praktikatuko dute. Elkarrekiko mendekotasun, subiranotasun eta askatasunez partekatutako erabaki-eremu gisako kontzeptuak birplanteatuko dituzte. Gaur egungo administrazio-mugak gainditzen dituzten farfailak aldatuko dituzte gure ondorengoek. Atsegina burutuko dute etorkizuna Uztailaren 23an nota onarekin berretsiko dugu Euskadiren eta bere etorkizunaren aldeko apustua. Feijoo eta Sanchez lehian. Bi bloke lehian. Espainia bitan banaturik. Espainiaren zorigaitzeko patu tristea. Nork irabaziko? Nork bilduko hala beharrezko lagunduko dioten kide nahiko? Euskaldunon eta katalanen boto erabakitzaileak mahai gainean berriro. Zuhur jokatzeko garaiak. Ardura handikoak. Etorkizuna baldintzatuko duten hauteskundeak. Eskuina amorratua, agintean ez dagoen bakoitzean amorratzen den gisa basatian. Balirudike eskuin espainolak nolabaiteko berezko jainko-eskubide-natura lukeela agintearen lehian. Tertulietan ohi esan dudan gisa: “ni ez naiz espainola, euskalduna baizik, baina errespetu osoz eta tristura handiz esan ohi dut “Espainia gaixoa eskuin ziztrin eta malapartatu honekin”.
Amaitzen dut, Uztailaren 23an, Euskadiren ahotsa entzungo da. Euskadiren ahotsa EAJren eztarrietatik irtengo da ozen lau haizetara. Euskadiren ahotsa. Bedi bada.