Has nadin irakurle adiskidea, Eneko izena duen irakasle nire lagun on batekin izandako solasaldi luze eta sakon batetako oso ondo laburtzen duen esaldi batekin, “Kontakizunek ez dute iraganarekin zerikusirik, orainarekin baizik, eta, bereziki, egiteke dagoenarekin”. Horixe izan zitekeen idatzi honen, artikulu honen izenburua, baina idatzi dudana, zalantzaz zalantza, garaile irten zait nire duda-muda saioan, erabakitzea batzuetan ez baita oso erraza izaten. Zinismoak eta hipokresiak badute zerikusirik. Gela berekoak dira. Mahai berekoak. Aulki berekoak. Bestearena bai, salagarria, ahaztezina. Nirea ez, nirea ahaztu beharrekoa. Lastotxoa hurkoaren begitan, nirea garden. Ote? Nirea ez, nireak egin du, aurrera begiratu beharra, aurrera. Bestearena, aldiz, erabilgarria da, erabiltzekoa da, ezin ahaztu, ahaztezina. Bi begirada. Hipokresiak eta zinismoaz josiaz. Bi betaurreko ezberdinak, kontrajarriak. Jarrera bera: zinismoa eta hipokresia. Tranpa. Lerro hauen bidez zinismo eta hipokresia hauek salatu nahiko nituzke, batzuena eta besteena. Memoria historiko jokoan.
Orain dela gutxiko TV3eko Poloniako azken bideo honek, eta bere letrek (José Maria Aznar Espainiako presidente ohia, PPko presidente Feijóo jauna, Madrileko alkatea Almeida jauna, baita ere guztion ezaguna zaigun Isabel Diaz Ayuso anderea eta ETAren inguruko ustezko irudikatutako abesti guztiz ezagun bat bikain egokitua, letra eta asmoak aldatuz noski, kaputxadunak barne), bideoa, nire uste apalean behintzat, oso ona hain zuzen beti ohi bezala, gogoeta asko iradokitzen dizkidate aipaturiko letrak, asko, goibel diot, ez harro, ilun baizik, baina oraingoan memoria historikoaren ideian eta orainarekin duen loturan jarri dut arreta. Talaia begitan eta bihotzean. Bihotzean eta begitan. Zintzoki diot. Eta horrela, eta horregatik, eta horri dagokionez, guztiz egokia iruditzen zait izandako Frankismoaren memoria historikoa, bere errepresio hiltzaile odoltsu politiko gupidagabe eta bortitzaren memoria eta izandako ETAren memoria historikoa, bere jarduera gupidagabe odoltsu, mehatxu-garri, bahitzaile, sektario eta terroristaren ekintzen arteko parekatze eztabaida politikoa erdigunean, eta begi bistan jartzea. Nire begitan, beste haien begitan, eta beste, bai beste horien eta haien begitan: Frankismoa zaleen begitan eta ETA zale itsuen eta jarraitzaile amorratuen begitan. Batzuen eta besteen begitan. Bi jarraitzaile multzoen eta moten begietan. Bortxakeria. Errepresioa. Odola. Beldurra. Horien memoria. Malkoak eta negarrak. Hildakoak, Erailak, Komisariak,kartzela eta zuloak. Torturak eta garunean tiroak. Zinismoak aurpegi asko baititu. Bi gutxienez. Gutxienez bi.
Frankismoari dagokionez, deigarria egiten zait “desmemoria selektiboa”, bai bai, frankismoari buruzko “amnesia kolektiboa” defendatzen duten baina “ETAren mamua” elikatzen duten horietakoa nahiz eta erakunde terrorista zorionez aspaldi desegin dela jakin, baina oraintxe bertan bizirik balitz bezala argudiatu mezu guztiak. Franko hil zen, desagertu zen, ETA ez bizirik dirau. Zinismoa. Lastotxoa hurkoaren begitan, ez norberean. Alde batetik, askok, errebantxista ez den Giza Eskubideetan oinarritutako memoria historikoa defendatzen dugun bitartean, Frankismoak zer esan nahi izan zuena eta biktimak duintzen dituen ikuspegi demokratikoan eta bizikidetzan azaltzen duen asmoz, Frankismoari buruzko Memoria Historikoaren aurkakoek diote diktadura militarraren 40 urteak eta haien errepresio basatia gogoratzea zauri zaharrak irekitzea dela. Eta horrela ez dute zalantzarik, halaxe diote: “gerra-zibilismoa” dela diktaduraren sinboloak mantentzearen kritikak edo frankistek eraildako ehunka pertsonaren gorpuzkiak errepide askotako bide bazterretatik ateratzen saiatzea. Franco hila da. Aspaldi hil zen. Zertarako gogoratu.
Baina aldi berean ETA mahai gainean jarri lotsagabeki, bizirik dirau, agintean dago. Franco hila da, zertarako hautsak harrotu, aldiz berdin zaio ETA desagertua dagoenik, harrotu ditzagun hautsak. Frankismoaren memoriari ez, amnesia, baina aldi berea desagertutako ETA erabili, inola ardurarik gabe. Amnesia selektiboa. Aurrera begiratu behar. Aurrera, Ez atzera. Atzekoa atzean. Biharko eguna jokoan. Zinismoa. Bestearena bai, nirea ez. Hortxe dugu azken hauteskunde kanpainaren egunotan PPk erabilitako argudio sistematikoa. Bitxia gainera, PPko buruzagiek diskurtso hori elikatu izan duten bitartean, Euskadiko alderdi bereko kideak, hain zuzen ere ETAren terrorismoa beren haragitan pairatu zutenek, estrategia nazkagarri horretatik aldendu izanak.
Eta beste aldetik, aldi berean, Euskadin/Euskal Herrian, beste batzuek profil ideologiko oso desberdina, arras kontrakoa dutenek, ezker abertzalekoek diot (edota ezker independentistek?) beste ideologi eta politikoki muturrekoak hain zuzen beraz, ETA aldaretan izan dutenek, justifikatzen dutenek, beharrezkoa izan zela aldarrikatzen zutenek, (eta oraindik dutenek nahiz eta aho txiki tranpatiaz), “alzheimer selektibo” antzekoa erabiltzen dute. Iragana, atzean geratzen da, aurrera begiratu behar, ez atzera, gertatutakoak ez du erremediorik. Zilbor este odoltsua moztu ezinik dabiltzanek. Eta honoko hauek, zinismoaren beste aurpegia edo aurpegiaren beste azala bitartean, Frankismoari buruzko memoria historikoaren berrikuspena defendatzen dute, belaunaldi gazteek ahaztu ez dezaten eta beren biktimek errekonozimendu duina izan dezaten. Frankismoa ez dezaten ahaztu baina ETAren historia odoltsuari buruzko orrialdea pasa dezaten. Liburuaren orri hori pasa dezaten orria irakurri gabe, ezkutuan beraz. Pasa eta ahaztu ditzaten ETAren mehatxuak, bahiketak eta hilketak, haren zuzeneko biktimak, milaka familiaren sufrimendua eta bereziki indarkeria-estrategia tamalgarri hura. Ahaztu dezaten gure herriak pairatu zuen borroka armatuaren garai hura, sufrimendu hura. Eta nik neuk baita ere diot, eta solemnitate osoz, memoria(K) berreskuratzeak ez duela errebantxismoa esan nahi, Giza Eskubideetan oinarritutako bizikidetzarako memoria finkatzea baizik.
Ez ditzagun ahaztu Frankismoaren garaiak, ez ditzagun ahaztu ETAren garaik. Biak, zorionez, desagertuak izanik ez ditzagun ahaztu, ez ditzagun zinikoki erabili. Ez gaitezen hipokresia tamalgarrian erori. Franko hil zen, zorionez, ez bere memoria. ETA desagertu zen, zorionez, ez bere memoria. Biak desagertu dira, zorionez, ez beraien memoria. Ez dezagun tranparik egin. Ez gaitezen zinismoa eta hipokresia merkean erori. Nik neuk, behintzat, ez dut frankismoa ahaztuko, ezin, gainera nire ama-aitak ez lidakete inoiz barkatuko. Inoiz ez. Eta aldi berean nik neuk behintzat ez dut ETA ahaztuko, ezin, gainera bere kide izan nintzen frankismoaren garai gogor eta krudeletan, atxilotua izan nintzen, torturatua gupidagabeki, espetxe ezberdinak ezagutu nituen, urte askotara kondenatua izan nintzen, kartzelako motinak eta gose grebak ere, Amnistia Legea iritsi arte ez nuen kalea berriro ezagutu, laguna hilak utzi nituen bidean zehar, desagertuak eta fusilatuak.
Aitortzen dut hasieran bertatik erratu ginela. Aitortzen dut hasiera hasieratik hura errore tragiko bat izan zela, tragedia bat gure herriarentzat. Aitortzen dut, baita ere, jakin izan banu ETAren siglak (Euskadi Eta Askatasuna) nola ustelduko ziren etorkizunean ez nintzatekeela inoiz horretan ibiliko, inoiz ez. Ez. Damutzen naiz erratu izanaz. Onartzen dut sortutako minak injustuak zirela, hiltzea beti gaizki egon dela, ez dela inoiz zilegi izan. Nola ahaztu Frankismoa? Nola ahaztu ETA? Amnesiarik ez, amnesia zinikorik ez. Amnesia hipokritarik ez. Bat erabili eta beste ez, bestea bai eta nirea ez historiari tranpa egitea da. Eta nik ez diot historiari inolako tranparik egin. Gustatu ala ez. Pentsatzen dut nire ondorengoak, nire lau bilobak, hurrengo belaunaldiak eskubide osoa dutela memoria inork ez diezaien era tranpatian ezkutatu. Kuraia behar, bai. Izan ere, Bakearen Nobel saridun Desmond Tutuk aldarrikatu izan zuen bezala, “Memoriarik gabe ez dago sendabiderik”. Bai memoriari, bai memoria guztiei. Bai memoriei. Guztiei. Gaizki egindakoak onartzeak gizakiago egiten gaitu, ez ahulago, indartsuagoak baizik. Horixe da nire ustea, nire egi berdaderoa. Bedi bada, irakurle estimatua. l