kastolarantz doaz hirurak. Aitak semetxoaren orga bultzatzen du esku batekin eta bestearekin patinete baten gainean doan alaba nagusia. Eskua haren sorbaldan jarrita, noizbehinka indar handiagoz egiten dio bultza alabari. Bat, bi eta hiru! oihukatu ondoren, neskatoa aurrerantz bultzatzen du. Abiadura hartuta, neska pozik doa patinetearen gainean, irribarretsu, norbait zu zaintzen eta laguntzen dagoela sentitzen duzunean pizten zaizun poztasun horrekin.

Norbait atzetik bultzatzen, laguntzen, edukitzea. Bizitza askoz errazagoa da hala denean. Besteen laguntza gabe gure bizitzan aurrera egin dezakegula irakatsi nahi izan badigute ere, urteekin gero eta argiago ikusten dugu gezur borobila dela. Besteak behar ditugula eta besteek behar gaituztela. Eta lorpen handienak, gainera, elkarrekin lortutakoak izaten direla. Elkarrekin urrunago heltzen garelako.

Askotan, adin batetik aurrera, umezurtz sentitzen gara, faltan sentitzen dugulako norbait atzetik bultza egiten edukitzea, laguntza eskaintzen, gu zaintzen... Norbaiten ahotsa entzun nahiko genuke esanez: Zerbait behar duzu? Zertan lagundu zaitzaket?

Zaintzaz hitz egiten dugunean, zaintza hitza zein zabala den konturatu gabe egiten dugu askotan, kontuan hartu gabe gure harreman guztietara zabaltzen dela eta gure bizitzako garai guztietan behar dugula. Egia da ?haurtzaroan eta zahartzaroan behar dugula gehien, baina bizitza guztian zehar behar dugu besteen zaintza eta laguntza. Ez gara gizaki independienteak, besteei lotuta gaude eta besteak behar ditugu aurrera egiteko.

Denok behar dugu norbaiten bultzada bat, goizean ikastolarako, lanerako edo goazen lekurako bidean indarrik egin gabe aurrera egiten dugula sentitzeko. Patinetearen gainean ikusi dudan neskatilaren antzera, denok behar dugu esku bat sorbaldan aurrera egin ahal izateko norbait zu zaintzen eta laguntzen dagoela sentitzen duzunean pizten zaizun poztasun eta lasaitasun horrekin. Bat, bi eta hiru! l