undu zoro batean bizi garela esaten dugu askotan. Batzuetan arrazoi gehiegirik gabe, beste askotan arrazoi guztiarekin. Azken asteetako albisteak ikusita nik uste irmo eta segurtasun osoz esan dezakegula egungo gizateriaren buruko osasuna ez dagoela bere onenean.
Batetik, Estatu Batuetan ikusten ari gara abortatzeko eskubidearen kontra egiten dutenak direla hasi justu edozein pertsonak armak erosi eta saltzeko aukeraren alde agertzen direnak. Emakume batek bere gorputza eta bere bizitzaren gain erabaki bat hartzeko unean "Bizitza" maiuskulaz guztiaren gainetik defenditzen dutenek, ez diote arazorik ikusten hamazortzi urteko mutiko batek fusil metrailadore bat erosteari eta kalera harekin irteteari. Ederto.
Texaseko Uvalde herriko eskolan gertatutako sarraskiaren ondoren, Ted Cruz senatari errepublikarrak halakoak ekiditeko soluzioa eman du: Poliziak jartzea eskoletako sarreran, eta sarrera bakarra izatea sartu eta irteteko. Horra hor soluzioa estatubatuarrek euren umeak eskolara lasai eraman ditzaten. Jarri polizia gehiago eta kitto. Halakoetan nire amonaren ahotsa entzuten dut: Esan be...
Rooj eta Aneesa Abbas. Pakistanen jaio eta Kataluinan bizi ziren bi emakumeak. Engainatuta joan ziren beren herrialdera, eta han torturatu egin zituzten lehenengo eta erail ondoren, beren senarrengandik banandu nahi zirelako. Eta munduan hau eta emakumeen aurkako beste hainbat eraso larri gertatzen diren bitartean, Espainiako Kongresuan emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko eztabaida ustez serio batean, VOXeko parlamentariari entzun behar diogu faltan sentitzen dituela garai bateko piropoak eta ez dakit zenbat tontakeri. Barre egiteko modukoa litzateke emakumeen kontrako erasoen gaia ez balitz hain larria eta diputatu horrek ordezkatzen duen alderdiak azken hauteskundeetan izan duen boto igoera kontutan hartuko ez bagenu. Horiek kontutan izanda, ez zaigu ezta irribarrerik irteten. Benetan, ez al da zoratzeko modukoa?. l