- 2012. urtean Badaiotz Sokatira Taldeak "kriston esperien-tzia" bizi zuen. Txapeldun irten ziren urte horretan -gogoratzen du taldeko kidea den Ruth Linazak- eta gainera aurten bezala Taiwaneko taldea -profesionalak direla- irabaztea lortu zuten.

Otsailean izan zen garaipena, eta martxoan, Taiwanetik bertatik jaso zuten sare sozialen bidez gonbidapen bat. "Pelikula bat grabatuko zuten bertan, -oso kirol indartsua da eta bertan asko jokatzen da- eta deitu gintuzten horregatik".

Izan ere, grabatu nahi zuten film horretan, protagonista zen sokatirako kirolari bat, neskato bat; eta eskola mailan sartzen dira eskola berezi batzuetan sokatira egiten dutenak. Trama hori grabatu zuten pelikula batean, eta mundial bat irudikatu behar zuten. "Gu joan ginen mundial horren arerio bezala", aurreratzen du.

Gainera, hori benetan gertatu zen hilabete bat lehenago. "Gertatutakoan guk irabazi genuen, baina pelikulan haiek irabazten gintuzten". Dena ordainduta joan ziren Taiwanera, eta "ez genuen sinesten". Mezua goizaldeko orduetan jaso zuten, eta ingelesez zegoen gainera. "Hara joan ginenean, heroi nazional gisa hartu gintuzten. Autografoak sinatu genituen, argazkiak gurekin ateratzen zituzten. Izan zen guztiz surrealista", gogoratzen du irribarrez.

Ziur aski, helduagoak direnean maitasunez gogoratuko duten zerbait izaten jarraituko du Taiwanen izan ziren egun horiek. "Gu ere harritu gintuen hori, Taiwanen dagoen ohitura hori. Haiei alderan-tziz gertatzen zaie, zelan gu, profesional izan gabe, gaude maila horretan. Guk egiten dugu gustatzen zaigulako", dio. Hori izango zen, hain zuzen, talde honen parte diren emakumeentzat egi bihurtutako ametsa, maite duten hori profesionalki egin ahal izatea.