- Arabako egoitzetan beste hildako bat izan da azken orduetan. Oraingo honetan, Arabako Foru Aldundiak atzo arratsaldean iragarri zuenez, Txagorritxuko foru egoitzako erabiltzaile bat zendu zen koronabirusak eragindako larritasunaren ondorioz. Hildako horretaz gain, egoitza batzuk berriro hasi dira pairatzen koronabirusaren bigarren olatu honen ondorioak. Esaterako, Etxebidea egoitzak positibo berri bat eman du erabiltzaileen artean.

Protokoloak agintzen duen bezala, datozen orduetan gaixoaren gertuko pertsonek PCR proba egin beharko dute egoitza horretan gaixo gehiago dauden jakiteko. Gainera, ohikoa izaten da gaixoarekin kontaktua izan duten langileei ere proba hau egitea. Horren guztiaren helburua da positiboak diren pertsonak isolatzea eta adinekoak ere artatzea, covid-19aren aurrean pertsona ahulenak izaten baitira.

Bestalde, Euskadin eguneko positibo kopuruak altua izaten jarraitzen du, baina gehienezko muga atzean geratu da, 866 kutsatze berri izan baitziren ostiralean. Izan ere, igandean 445 pertsonak eman zuten positibo, aurreko jardunaldian baino 36 gehiagok. Datu hauek ere eragina dute joan den igandean egindako PCRetan; 7.163 PCR egin ziren, proba asko, baina joan den astean erregistratutako maximoetatik urrun, (9.000 PCR baino gehiago). Halere, datuek agerian uzten dute kutsatze kopuruak behera egin duela joan den astearekin alderatuta.

Nahiz eta datuek behera egin, herritarrek zuhurtzia handiz jokatu behar dutela mantentzen du Nekane Murga Osasun sailburuak, behin baino gehiagotan errepikatu duen bezala. Joan den igandean, sailburuak berriro eskatu zuen Eusko Jaurlaritzaren gomendioak betetzea, positiboen kasuak jaisteko.

Momentuz, Nekane Murgaren taldeak eta Iñigo Urkullu lehendakariak hartutako neurriak datuetan nabaritzen hasi dira. Azken orduetan izandako 445 kutsaduretatik 194 Bizkaian izan dira; joan den larunbatean baino 31 kasu gutxiago izan dira bertan. Kontran, Gipuzkoan eta Araban kasuak ugaritu egin dira, batez ere aipatutako azken lurraldean. Zehazki, Gipuzkoan 146 kutsatze berri izan dira (aurreko egunean baino 14 gehiago) eta Araban 89 kasu, larunbatean baino 45 gehiago. Euskadik erregistratutako fokuak ere eboluzionatzen ari dira. Orain, gune kezkagarrienetako bat Gasteizko ertzain-etxea da. 50 polizia inguru isolamenduan daude eta 13k positibo eman dute PCR probetan, Ernek salatu duenez. Gainera, Bizkaiko beste ertzain-etxe batzuetan ere agerraldi txikiak gertatzen ari dira eta, ondorioz, Osakidetza Ertzaintzan PCR probak egiten hasi da. Beste udalerri batzuek ere, Barakaldok eta Getxok esaterako, aurreko egunetan baino kasu gutxiago zenbatu dituzte.

EAEko ospitaleetan bizi den egoerari dagokionez, Osasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, joan den igandean 46 pertsona ospitaleratu zituzten eta 33 ZIUn daude. Gainera, 282 pertsona ospitaleratuta daude guztira, joan den larunbatean baino 13 gutxiago.

Oraingoz, eta koronabirusari aurre egingo dion txerto bat egon arte, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du herritar guztiek lagundu behar dutela; derrigorrezko maskara erabiltzeaz gain, funtsezkoa da herritarren artean gutxienez metro eta erdiko zuhurtziazko distantzia mantentzea. Eskuetako higieneak ere funtsezkoa izaten jarraitzen du. Gainera, familiaren nukleoan musu ez ematearen eta ez besarkatzearen garrantzia nabarmentzen du, familia beraren agerraldiak saihesteko.

Sidalava. Sexu-langileen nazioarteko eguna da gaur, eta Arabako Hiesaren Aurkako Batzorde Herritarrak (Sidalava) sexu-langileak eta haien adierazpenak ikusarazi eta babestu nahi izan ditu. Gainera, Sidalavatik ere nabarmendu dute emakume horiek koronabirusaren garaian dituzten zailtasunak: “Koronabirusaren garaian, Gasteizko sexu-langileen kolektiboaren ahultasun guztiak azaleratzen dira. Alarma-egoeraren dekretuan klubak eta pisuak ixtean, pertsona horiek lanean ari ziren pisuetan edo haien etxean egon dira, inolako diru-sarrerarik gabe”, deitoratu du.Horregatik guztiagatik, eta egun honetan, botere publikoei dei egiten diete kolektibo hori ikusarazteko.