akultateetan urte hauetan ikasitako guztia praktikan jartzeko unea da. Izan ere, koronabirusaren pandemiaren aurka borrokatzeko osasun-sisteman profesionalen premia larria ikusita, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak akordio bat lortu dute Medikuntza eta Erizaintzako graduetako azken mailako ikasleak sisteman sartzea errazteko.

EHUtik atzo jakinarazi zuten bezala, "akordioaren emaitzari esker, hainbat kolektiboren presentzia eta parte-hartzea gaituko da osasun-sisteman: prestakuntzan dauden profesionalak, espezialista-titulurik gabeko lizentziadunak eta graduatuak, erretiro-egoeran dauden langileak, Europar Batasuneko kide ez diren estatuetako osasun-langileak, etab. Akordioaren zehaztasunak jasoko dituen agindu bat lantzen ari da Osasun Saila".

Ikasleek aukera hori bere borondatez aukeratu ahal izango dute, osasun-laguntzako kontratuaren bidez. "Pertsona horiek laguntza gisa eman beharko dituzte zerbitzuak, betiere beren espezialitateko profesional batek gainbegiratuta", azaldu zuten. Gainera, honetan parte hartu ahal izateko, ikasleak azken ikasturtean eta derrigorrezko irakaskuntza-praktiken etapan daudenez, bai Osasun Sailaren aginduan bai pertsona bakoitzak sinatuko duen kontratuan adieraziko da, langile laguntzaile gisa arituko diren epean, "graduko praktikaldi bezala onartu ahal izango diren jarduerak garatuko dituztela. Halaber, behar akademikoekin bateragarri izatea zainduko da".

"Garai dramatiko bat igarotzen ari gara osasunaren eta emozioen arloan. Gizartearen erantzuna apartekoa da, eta Euskal Herriko Unibertsitatea erabat inplikatuta dago erantzun horretan", adierazi zuen atzo EHUko errektoreak eta erantsu zuen: "Batetik, irakaskuntza bermatuz eta, bestetik, bere baliabide materialak eta giza baliabideak osasun-agintarien esku jarriz". Ildo beretik, EHUko errektoreak ere ziurtatu zuen akordioak lortu dituztela joango diren ikasleentzat: "Osasun Sailaren proposamena bultzatzen ari gara gure ikasleen artean. Nabarmendu nahi dut, halaber, beharrezko neurriak hartu direla euskal osasun-sisteman jarduteko aldi hori ondorio akademikoetarako zenbatu dadin, praktikaldia balitz bezala".

Akordio horrek Osakidetzari eta osasun sistemaren ondoko medikuei lagunduko die egunotan koronabirusa hainbeste ospitaleratze etengabe eragiten ari den laguntza gehiago jasotzen.

Izan ere, Ertzaintzak ere neurri hori hartu zuen, eta Arkautiko ikasleekin poliziaren taldea indartzea erabaki zuten. Horrela, Euskadin polizien taldea handitzea lortu zuten. Dena den, ikasle horiek, lanean jarraitzen duten arren, ez daramate armarik ikasketa eta proba guztiak bukatu eta pasatu arte. Bestalde, Estatuko beste ospitale batzuek ere unibertsitateko azken ikasturteko ikasleei ospitaleetako taldera sartzeko aukera ematea erabaki dute, sendagileei laguntzeko. Ekimen hori ongi jasotzen ari dira ikasleak, koronabirusa lurralde eta estatu osoan zehar uzten ari den hedapenean eta hondamenean lagundu ahal izateko.