Ikasturteak aurrera egiten du eta pixkanaka-pixkanaka eskola-kiroleko diziplina guztiek euren liga eta txapelketak martxan jartzen dituzte.
Joan den asteburuan esgrimaren txanda iritsi zen. Araban kirol honetan aritzen diren bi klubek antolatzen dituzte jardunaldiak, federazioaren irizpideen arabera, eta oraingo honetan Saarvi (Sala de Armas de Vitoria) klubak jarri zuen abian lehen jardunaldia Salburuako gizarte-etxean.
Lehiaketa
6 kategoria desberdin daude: M10, 10 urtetik beherakoak (benjaminak); M12, 12 urtetik beherakoak (kimuak); M14, 10 eta 14 urte bitartekoak (haurrak) eta M16, 16 urtera artekoak, eskola-kiroleko azken urteak (kadeteak). M14 eta M16 kategoriak maskulinoan eta femeninoan banatzen dira, eta gainerakoak mistoak dira. «Guk oraingo honetan M14 eta M16 kategoria nagusiak jarri ditugu goizean eta txikiak arratsaldean. Azkenean goizeko jardunaldia apur bat ugariagoa izan zen, baina 8 pistekin iritsi zitzaigun ondo garatu ahal izateko», esan digu Andrés Cabeza Saarvi klubeko presidenteordeak.
Txapelketaren egitura ofiziala da, pool izeneko talde sistemarekin. Ondoren serieen ordena egiten da poolaren emaitzen arabera, eta zuzeneko kanporatze koadroak egiten dira. Azkenean bi atiratzaile bakarrik geratzen dira. Txikienen zuzeneko kanporatze borrokaldiak 10 ukituetan edo 3 minutuko bi zatitan egiten dira. Eta M14, M16 nagusiek edozein kategoriatan federatuak bezala, 15 ukituetan edo 3 minutuko hiru zatitan egiten dituzte.
Antolaketa
«Klubaren bazkideen laguntza dugu. Denek dute nolabaiteko esperientzia arbitrajean, eta direktorio teknikoak zuzentzen ditu – Andrés Cabeza, kasu honetan –, programa informatikoa erabiliz, arbitroen zalantzak eta erasoren batean sor daitezkeen arazoak argituz... Zorionez, ez da inolako arazorik izaten, eta direktorio teknikoa lehiaketa bera maneiatzean zentratzen da. Horrela kirolariek lehenengo poola pasatzen dute eta gero finalera arte txandak pasatzen dituzte. Guraso batzuek ere laguntzen digute. Egia esan, gurasoak nahiko inplikatuta daude gurekin, eta poztu egiten gara», azaldu digu Andresek.
Tiratzaileak
Jardunaldia bukatu ondoren emaitza «oso positiboa izan da tiratzaileentzat. Denak oso pozik atera dira lehiaketatik, baita tiratzaile berriak ere, oso ondo pasatu dutelako. Pool oso bat eta gutxienez kanporatze zuzeneko bat tiratu dute. Beti dago urduriago jartzen den norbait, baina, oro har, haur guztiak oso pozik atera dira. Gurasoen zorionak jaso ditugu, umeek oso ondo pasatu duelako. Esgrima kirol minoritarioa da, eta egiten dugun guztia modu desinteresatuan egiten dugu, eta lan eta ahalegin horren ordainetan gurasoen laudorioak jasotzeak izugarri bultzatzen gaitu aurrera egitera, hazten jarraitzera eta lanean jarraitzera» azaldu digu Andresek bukatzeko.