El Pilar auzoan kokatutako ikastetxe honen guraso-elkartea arduratzen da, musu-truk, ikastetxeak duen eskolaz kanpoko jardueren eskaintza zabala antolatzeaz, baita zaintza zerbitzu bat ere. Susana Garcia, Maider Ruiz de Egino eta Marta Gonzalez dira, zehazki, zeregin hori aurrera eramateko arduradunak, Harkaitz Eguren eta Edu Valiño futbol ataleko arduradunen laguntzarekin.

Helburuak

Eta lan guzti honen helburua, AMPAkoen hitzetan, «ahalik eta ume gehien kirola eta eskolaz kanpoko ekintzak egitea da, eta horretarako saiatu gara mundu guztiak aukera izaten. Saiatu gara prezioak jaisten, guztiak apuntatu ahal izateko eta erraztasunak ematen ditugu ere ordainketak egiteko, azken finean jarduerak oso onuragarriak direlako: ez zaude zure gelakideekin bakarrik, erlazionatzen zara eskolako beste ume batzuekin… nagusiak eta txikiak ere nahasten dira, eta batzuk besteengandik ikasten dute… hori oso aberasgarria da».

Antolaketa

Eskaintza zabal hori prestatzeko, aurreko ikasturtean zehar ikasleek eskatutakoaz aparte, beste kirol berriak sartzen saiatu dira ere AMPAkoak, «Patioa eraldatzen ari gara, eta patioari bizia emateko, proiektu bat daukagu eskola eta guraso elkartearen artean, eta saiatzen gara oso ezagunak ez diren kirolak eskaintzen», adierazi digute. Zentzu horretan, iaz eskolaz kanpoko ekintzen erakustaldi bat antolatu zen, eta umeek, besteak beste, badmintona, squasha, eskubaloia, herri kirolak, eta dantza afrikarrak ezagutzeko aukera izan zuten. Ez dira proposatutako kirol guztietan taldeak atera, baina horretarako bada konponbide bat.

«Multi» formatua

«Multi» formatuak nolabait egoera hori gainditzen laguntzen du: «Multisaskibaloian, adibidez, ”Multi” horrek esan nahi du egun batean kirol hori egiten dutela eta bestean beste kirol batzuk. “Multi” egun horretan beste kirol guzti horiek —herri kirola, jolasak, rokodromoa, mahai-tenisa…— egiten dituzte, umeek kirol ezberdinak ezagut ditzaten.

Gainera, hain kirolariak ez diren umeak “Multi”-etara bai apuntatzen direla. Kirol bakar batean bakarrik zentratzen bazara, hor sartuko dira oso kirolariak direnak, lehiatzea gustatzen zaienak, baina beste asko utziko dituzu kanpoan». Dagoeneko ezarrita dauden jardueren bilakaera ere kontuan hartzen da, eskaintzan hobetzen joateko, «marrazketa jarduerarekin jarraitu beharrean, aurten Art-Attack eskaini dugu, eta bertan, marrazteaz aparte, artearekin lotutako beste teknikak ere erabiltzen dituzte», nabarmendu dute AMPAkoek.

Dantza eta multigimnasia

Baina ikastetxe honetan besteen gainetik nabarmentzen diren jarduera batzuk badaude, hauek gimnasia eta dantza dira, «Hemen dantza modernoak eta gimnasia artistikoak daramate urte pila bat, eta hori bai dela zerbait eskolakoa. Ikasturte amaieran bi taldeek egiten dute emanaldi bat, eta Ainhoak (jarduera hauen arduraduna) eta bere ahizpak dituzten beste talde batzuk etortzen dira ere. Pandemia urtean ezin izan zen egin, baina aurten bai egin genuela erakustaldia, eta izan zen… festa bat».

Hautatuenak

Ingelesak eta robotikak talde ederrak dituzte ikastetxean, baina badirudi ikasturte honetan kirolak, mugimendua duten jarduerak, hautatuenak izaten ari direla beste jardueren artean, «Familiek umeak mugitzea nahi dute. Pandemiak kalte asko egin du, umeak egon dira oso geldi. Futbola, multisaski, multifutbola, multikirola eta gero multigimnasia eta dantza modernoa asko eskatu dira ikasturte honetan», adierazi du Maiderrek.