Alex Vadillok, Gasteizko Udaletxean lan egiten du euskara zerbitzuan, eta bere lan arloetako bat aisialdian eta kirol arloetan euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak antolatzea da. Berarekin hitz egin dugu Marka eta Erronka ekimenari buruz.

Nola jaio zen Marka eta Erronka?

Topaketa baten moduan jaio zen. Kirol arloan euskararen ikuspegiarekin lan egiten zuten eragileak batu, elkar ezagutu, eta nolabait saretu, harremanetan jarri, aliantzak sortu, aktibatu eta ahalmendu nahian. Ikusi genuen hor bazegoela lan handia egiteko: kirol arloan euskararen erabilera sustatu nahi baldin bagenuen, beharrezkoa zen kirol arloan euskararen erabilera sustatu nahi duen jendea egotea eta jende hori biltzea eta aktibatzea. Orain dela zortzi bat urte egin genuen lehenengo topaketa, eta oso gustura atera ginen. Azken batean, kirol arloa oso sakabanatuta dago eta bertan zegoen jendea zera ikusten zuen: «Ni banago nire elkartean, nire klubean, nire federazioan, euskararekin zerbait egin nahian, baina batzuetan oso bakarrik sentitzen naiz hor. Baina hemen ikusten dut askoz jende gehiago dagoela interes horrekin eta asmo horrekin». Orduan, elkar ezagutzea, eta hor sintonia batzuk sortu ahal izatea oso aberasgarria zela ikusi genuen. Talde motore bat osatu genuen, Arabako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuak, Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuak, eta AFDA nolabait talde eragile moduan. Guri oso inportante iruditzen zaigu AFDA tartean egotea, azken batean haiek direlako kirol arloko eragileak, eta ikusten genuen holako proiektu batean euskara zerbitzuetatik bultzatu daitekeela, baino bertan kirol arloko eragileak presente ez baldin badaude, gaizki ari gara...

Zergatik sustatu euskararen erabilera kirol arloan?

Kirola estrategikoa da euskararen erabilera normalizatzeko orduan. Kirolak hiru helburu dituela esan ohi da: osasuna, sozializazioa (harremanak) eta gozamena. Interesgarria da haur eta gaztetxoek euskara gozamenarekin lotzea, esperientzia positiboekin, jolasarekin, lagunarteko giroarekin. Horrek eragin ikaragarria izan dezake motibazioan. Beste aldetik, garai batean transmisioaz hitz egiten zen. Haurrek euskara gurasoengandik jasotzen zuten. Gaur egun sozializazioaz hitz egiten da. Hizkuntza goitik behera, behetik gora eta berdinen artean hedatzen da. Familiarekin eta eskolarekin batera, haurrak eta gaztetxoak aisialdi eta kirol jardunean sozializatzen dira. Garrantzitsua da harreman horiek euskaraz izatea.

Nolakoa izan da topaketa hauen ibilbidea?

Lehenengoan ideiak sortzen saiatu ginen: Zer egin ahal dugu, gure entitatean euskararen erabilera sustatzeko? Bigarrenan praktika onak mahai gainean jartzen saiatu ginen. Azken honetan apurtxo bat harago joan nahi izan dugu: bisioa landu nahi izan dugu. Nora joan nahi dugu? Nola ikusten dugu kirol-mundua hemendik x urtera? Hori horrela, topaketak hiru atal izan ditu: lehenik elkarrizketa bat izan dugu Joseba Belokirekin, gaia kokatze aldera; bigarrenik, kirol munduan euskararen normalizazioari buruz dugun bisioa landu nahi izan dugu eta hirugarrenik, keinu bat egin nahi izan diogu uskaraldiari. Sarrera ere oso esanguratsua izan da. Lexuri Ugartek hasierako hitzaldian esan zuen bezala «asko egin da baino asko dago oraindik ere egiteko».

Adibidez…

Eskola kirolean, esate baterako, oraindik ere asko dira nagusiki gaztelaniaz funtzionatzen duten taldeak. Joseba Belokik bere elkarrizketan adierazi zuen moduan, euskararen normalizazioak bi oztopo ditu kirol munduan. Batetik, batez ere maila profesionalean, globalizazioa; Gaztetxoen kirol erreferente asko eta asko ingelesez ari dira. Bigarrena, kirol elkarteetan historikoki errelebo falta ikusi da: jende gaztea, ideia berriak... Berrikuntzaren ideia inportantea da. Kirol elkarte askok inertziaz funtzionatzen dute. Jende heldua dago zuzendaritza taldeetan, eta kosta egiten da gazteak inplikatzea. Uste dugu entitateak kontzienteak direla beren praktikak berritu beharra dagoela, gauzak ezin direla orain dela 20 urte bezala egiten jarraitu. Baina ez dute asmatzen. Horretan lagundu nahi diegu. Euskarari gagozkiola, oso agerian dago errealitate hori... Gasteizen, esate baterako, 20 urtean bikoiztu egin da euskaldunen portzentajea. 2-34 urteko haur eta gazteen artean, hamarretik zortzi euskara ulertzeko gai ziren 2016an. Gure dinamikak eta gure lan egiteko moduak ere aldatu beharko genituzke.

Marka eta Erronka III Alex Larretxi

Proiektu zehatzak dituzue martxan...

Gure helburu bat da kirol arloko eragileak biltzea, euskararen inguruko kontzientzi hori hartzea eta euskararen inguruan lanean jartzea, baina horretarako baliabideak eta proiektu konkretuak ere behar dituzte. Alde horretatik bestelako lanak egiten ari gara: Entitateen diagnostikoak egiten ari gara, proiektu pilotuak ere martxan jartzen ari gara, sentsibilizazio-ekintzak, formazio-ekintzak… Hor zerbait aipatzekotan, nik aipatuko nituzke bi proiektu handienak. Alde batetik, erakunde-mailan, elkarteetan, klubetan edo eta federazioetan euskara-planak egiteko dinamika bat sortu nahi dugu. Badira ere hainbat elkarte eta klub gurekin euskara plan bat egin dutenak. Baina pentsatzen dugu hor oraindik ere badagoela zer egin eta dinamika bat eraman daitekeela. Lan munduan ikusi dugu euskara plana egiten duten enpresak normalean enpresa berritzaileak izaten direla, eta konturatu gara harreman hori norabide bikoa dela: euskara plan bat egiteak berak lagundu egiten die berritzaile izaten. Ba horrek enpresetan funtzionatzen badu, eta ekarri ahal badugu kirol mundura, oso dinamika polita sortuko dugu. Gero ere asko hitz egiten da hizkuntza portaeren inguruan, eta hori aldatzea ez da horren erraza azken batean. Haur talde bat astean bitan edo hirutan entrenatzeko elkartzen da, eta ziur aski baditu hizkuntza ohitura batzuk, askotan gazteleraz sortu direnak, eta aldaketa hori egitea asko kostatzen da. Proiektu piloto batekin ari gara horren inguruan ere: elkarte batekin ados jarrita, sartuko gara entrenamendu batean eta saiatuko gara hizkuntza jokabide horiek aldatzen. Hasieran entrenatzaileak formatu behar dira, gero behaketak egin entrenamenduetan bertan, eta ikusi, esperimentatu, nolabait pilotatu, nola egin daitekeen hizkuntza aldaketa hori. Badira proiektu konkretuak, eta hor uste dut dinamika politak sortzen direla.

Euskaraldiarekin lotura berezi bat duzue...

Bi urtean behin, badator euskaraldia eta Marka eta Erronka eta Euskaraldia dinamikek bat egin behar dute. Ekitaldian bertan argazki bat egin genuen eta horrekin zabaldu nahia da Arabako kirol munduak keinu bat egiten diola euskarari eta keinu bat egiten diola Euskaraldiari. Jardunaldiaren bukaeran Euskaraldiko arduradunak etorri ziren azalpen hori ematera: zergatik den inportantea kirol munduko eragileek Euskaraldian parte hartzea eta nola parte hartu ahal duten Euskaraldian.