Apirilaren 10ean, igandean, Mendizorrotzako Beti Jai frontoietan Arabako Pilota Federazioak esku pilotan aritzen diren neskentzat egin dituen hiru teknifikazio jardunaldietako bigarrena burutu zen. Ekimen aitzindari hau urtarrilean antolatutako bi entrenamendu-jardunaldien emaitzak ikusita sortu zen, bertan parte hartu zuten 8 eta 16 urte bitarteko nesken harrera onagatik.
Kirolarien erantzun onaren ondorioz, federazioak neskei eta familiei galdetegi bat bidaltzea erabaki zuen. Galdetegi horretan galdetu zitzaien ea prest zeuden beste neska batzuekin entrenatzera joateko bizi zuten esperientziarekin jarraitzeko, ea lehiaketetan ere parte hartu nahi zuten eta ea prest zeuden erakustaldietan parte hartzeko.
Erantzuna oso positiboa izan zen: federazioak pilotaren munduaz interesaturik aurkitu zituen 30 neskek baietz erantzun zuten, eta 3 entrenamendu-jardunaldi ezartzea erabaki zuten (martxoaren 13an, apirilaren 10ean eta maiatzaren 8an). «Igande goizetan egiten ditugu topaketak, astegunetan euren pilota eskoletan entrenatzen dutelako eta Arabako eskola txapelketa mistoan parte hartzen ari direlako, eta hauek ziren datarik onenak», adierazi du Aitor Ruiz de Luzuriaga Federazioko arduradunak.
Jardunaldi horietarako, ekipamendu berezi bat ematen zaie parte-hartzaileei, eta bakoitzean 4 taldetan banatzen dira parte-hartzaileak, adinaren eta mailaren arabera, entrenamenduez arduratzen diren 3 begiraleek modu egokian lan egin dezaten. «4 benjamin, 15 kimu, 6 haur eta 4 kadete ditugu», aipatu du Ruiz de Luzuriagak, eta azpimarratu du jardunaldi horiek «eskoletan egiten duten lanaren osagarri direla, ez dutela lan hori ordezkatzen eta beharrezkoa dela horietara joatea topaketetan parte hartu ahal izateko». Entrenamenduetan neska batzuk pilota goxoarekin aritzen dira eta beste batzuek toke erdiko pilotekin dihardute.
Jardunaldi hauetan azpimarratzekoa da Leire Garayren parte hartzea, Emakume Master Cup txapelketan eta beste txapelketetan parte hartzen duen esku huskako pilotari arabar bakarra, txikienei hobekuntza lanetan laguntzen diena eta guztientzako erreferentzia gisa balio duena.
Federazioaren ekimen honek Vital Fundazioaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza ditu, eta jarraitzeko asmoaz jaio da; are gehiago, eskola-jardueraren azken hilabetean, eskola-liga amaitu ondoren, beste jardunaldi batzuk martxan jarri ahal izateko lanean ari dira, entrenatzeaz gain «elkarren artean partidak jokatu ahal izateko eta pilotaren errealitate horretara hurbiltzeko», Ruiz de Luzuriagaren esanetan. «Hasi dugun bide hori handitzen jarraitu behar dugu, garai egokia baita gazteak ezagutzeko, taldeak osatzeko eta kirol horrekiko konpromisoa sustatzeko», nabarmendu du.
Gaur egun, Federazioaren probintzian esku pilotan jokatzen duten neskekiko helburu nagusia, kirolarien kopurua egonkortzea eta ahal den neurrian handitzea da. «Neskek bere burua arrarotzat ez hartzea, beren klubetan beste neskarik egon ez arren jokatzen duten neska gehiago daudela ikustea oso garrantzitsua da aurrera jarrai dezaten». Arduradunaren esanetan, topaketetan arnasten den giro ona, neska guztien jarrera ona eta ikasteko eta hazten jarraitzeko duten gogoa aipagarriak dira.