Duela zenbait urtetik Apdeman argi dute desgaitasunen bat duten pertsonek lehiatzeko aukera izan behar dutela eta lehiaketa ofizialen barruan egon behar dutela, bai lehiaketa espezifikoetan, egokituetan edota inklusiboetan ere.

Ideia hori buruan, Arabako 1.500 familia baino gehiagok osatzen duten elkarteak, adimen-urritasuna duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetu nahi duenak, elkartekideentzat zenbait kiroletan lehiatzea errealitate izan dadin hainbat ekimen gauzatzen ditu.

Oraingoz igeriketan, areto-futbolean eta mahai-tenisean egitea lortu dute, eta ahaleginak egiten ari dira «aukera gehiago egon daitezen eta gero eta pertsona gehiagok egin dezaten», Ricardo Gaisán koordinatzaileak adierazi duen bezala. «Askotan, desgaitasuna duten pertsonen kirolaren ideia jolaserako edo besterik gabe entrenatzeko zen, baina duela urte batzuk pentsatu genuen zergatik ez duten kirol egokituan edo edozein modalitatetako lehiaketa normalizatu batean parte hartuko, eta horren bila joan ginen», gogoratu du.

IGERIKETA

Ildo horretan aurrera egin zuten lehen kirola igeriketa izan zen. Apdeman egunero igerilekuan entrenatzen den 10-12 laguneko taldea dago, eta lehiatzeko orduan horietako 6 Judimendi klubarekin egiten dute. Gaisanek azaldu duenez «estatuko lehiaketak adimen urritasun Espainiako Federazioarekin egiten dituzte, baina, tokian-tokian, beste edozein gazterekin lehiatzen dira uretan, inolako bereizketarik egin gabe, arazo eta aukera berberekin.

ROYAL GASTEIZ APDEMA

Inklusio eredu horri jarraituz, Royal Gasteiz sortu dute, areto futboleko erregional mailan jokatzen duena eta Arabako lehen areto futboleko talde inklusiboa bihurtu dena, adimen-urritasuna duten eta ez duten pertsonek osatua, gainerako taldeekin inolako arazorik gabe lehiatzen dena. Talde hau areto futbolean jokatzeko gogoa duten senior pertsonentzat da. Duela 9 urtetik hona, Arabako erakundeak egokitutako areto futboleko talde bat ere badu, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako klubekin lehiatzen dena, baina pandemiak lehiaketa geldiarazi egin du azken bolada honetan.

Orain, otsailean, txapelketari ekitea espero dute. Pandemiak ere arazoak ekarri ditu kimu-talde inklusiboren bat ateratzerako orduan. «Egin nahi genuen, baina dagoen ziurgabetasun mailarekin ez dugu erantzun handirik lortu, hala ere lanean jarraitzen dugu datorren denboraldirako», azaldu du Gaisanek.

Alde horretatik, Apdemaren asmoa da Salburuarekin sinergiak sortzea eta hori lortzeko hainbat aukera ikustea. Koordinatzailearen hitzetan «talde seniorraren ereduari jarrai diezaiokegu, desgaitasunen bat duten jokalarien alde batekin eta ez duten beste batekin, edo hainbat jokalari hainbat taldetan integra ditzakegu. Aukerak ikusi behar ditugu». Argi dagoena «ideia oso bizirik» dagoela da.

MAHAI TENISA

Beste aldetik, mahai tenisean, Apdemako 10 pertsona daude Zuzenak elkartearen instalazioetan entrenatzen, eta urtean zehar federazioak antolatutako jardunaldi pare batean parte hartzen dute. «Gure ustez, oraingoz, bi hitzordu horiekin nahikoa da integrazio hori lantzeko, eta gure kirolariak probintzian modalitate hori praktikatzen duten beste pertsonekin egoteko eta neurtzeko», azaldu du.

Lan egiteko modu inklusibo horri alde positiboak baino ez dizkio ikusten Gaisanek, eta hori da kirol horietan lehiatzera animatzen dituen kirolariei helarazten diena. «Itxaropenak ematea, beste aukerak irekitzea eta familiak ere beren ingurutik ateratzea eta beste familia batzuekin harremanak izatea da beti asmoa. Inklusioa ez da bakarrik neska-mutikoentzat, familientzat ere bada».

Pertsona desgaituen eskubideei buruzko Konbentzioaren 30. artikulua:

Kultura-bizitzan, jolas-jardueretan, aisialdian eta kirolean parte hartzea

Pertsona desgaituek gainerakoen baldintza berberetan parte har dezaten jolas-, aisialdi- eta kirol-jardueretan, estatu alderdiek neurri egokiak hartuko dituzte, helburu izanik:

a) Bultzatzea eta sustatzea, ahalik gehiena, pertsona desgaituen partaidetza kirol-jarduera orokorretan, maila guztietan;

b) Ziurtatzea pertsona desgaituek aukera izan dezatela halako pertsonentzako kiroleta jolas-jarduera zehatzak garatzeari eta jarduera horietan parte hartzeari dagokienez, eta, horretarako, bultzatzea, gainerakoen baldintza berberetan eskain dakizkien heziketa, prestakuntza eta baliabide egokiak;

c) Ziurtatzea pertsona desgaituek sarrera izan dezatela kirol-, jolas- eta turismo-instalazioetan;

d) Ziurtatzea haur desgaituek, gainerako haurren moduan, eskura izan dezatela jarduera ludikoetan eta jolas-, aisialdi- eta kirol-jardueretan parte hartzeko aukera, baita eskola-sistemaren barruan gauzatzen direnetan ere;

e) Ziurtatzea pertsona desgaituek aukera izan dezatela, jolas-, turismo-, aisialdi- eta kirol-jardueren antolaketan parte hartzen dutenen zerbitzuetan sartzeko.