Síguenos en redes sociales:

AEnkomer-en erakusleiho lehiaketak Arabako saltegien sormena saritu du

Guztira 72 saltegik parte hartu dute lehiaketaren XIII. edizioan

AEnkomer-en erakusleiho lehiaketak Arabako saltegien sormena saritu duUtzitakoa

AEnkomerrek antolatu duen Arabako Udaberriko Erakusleihoen XIII. Lehiaketak Arabako saltegiek herritarren begirada erakarri nahian beren erakusleihoak apaintzen izan duten sormena saritu du. Honako hauek izan dira saritutako establezimenduak: Métayer Studio pintura estudioa, Lur Naturdenda herboristeria, Pink Cosmetics, Elkar liburu denda, Itziar Ile apainketako akademia eta Artis Kreativa eskulanen establezimendua.

Sariak emateko ekitaldia Arabako Foru Aldundian egin da gaur, eta bertan izan dira Cristina González lehengo diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko diputatua, María Nanclares Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotzia, Jon Aspuru AEnkomerreko lehendakaria eta Edurne Parro Merkataritza eta Zerbitzu Enpresen Federazio horretako zuzendaria. Denak bat etorri dira sektorearen parte hartzea eta inplikazioa nabarmentzean.

Cristina Gonzálezek aurkeztutako proiektuen kalitatea eta originaltasuna nabarmendu ditu, eta zorionak eman dizkie merkatariei "zuen erakusleihoei garrantzia ematen egiten duzuen ahaleginagatik eta hori egiteko duzuen ilusioagatik. Beira arasa bakoitza aukera paregabea da istorio bat kontatzeko, zuen negozioaren balioak transmititzeko eta jendeak zuen establezimenduko atea gurutzatzera daraman lehen bultzada hori sortzeko”.

Eta daukaten eginkizun komertzialaz harago, ondo landutako erakusleihoek gure auzoen estetika aberasten dute, eta bizia ematen diete gure herri eta hirietako kaleei, gaineratu du.

María Nanclaresek adierazi duenez, “Vitoria-Gasteizko Udalak proposamen horren alde egiten du, gure merkatariek beren negozioak eta bezeroak mimatzeko egindako ahalegina aitortzen baitu. Hurbileko merkataritzaren ezaugarri bereizgarria da hori, ez digutena beste salmenta kanal batzuk eskaintzen. Merkatariaren eta bezeroaren artean harreman hurbila, konfiantzazkoa eta familiarra sortzen da, gure hiriko bizikidetza aberasten du eta komunitate lotura oso baliotsuak sortzen ditu.”

Bestalde, Jon Andoni Aspuruk uste du sektorea lurraldea dinamizatzen eta establezimendu fisikoak erakargarriago egiten laguntzen duten jarduketetan inplikatzea “ezinbestekoa” dela “kontsumitzaileek sektoreaz duten irudia indartzeko”, eta azpimarratu du “saltegien arteko lankidetzan lanean jarraitzearen beharra. Hori indartu egiten da hiriko beste ekitaldi batzuekin lankidetzan arituz, hala nola asteburu honetan gozatu berri dugun Loreen Jaialdiarekin”, eta, horrela, merkataritza ez ezik, hiriko eta lurraldeko ekitaldi bat ere sustatzen da.

Sariak

Arabako erakusleiho lehiaketa maiatzaren 6tik 24ra bitartean egin da, eta amaieran Vitoria-Gasteizko Loreen Jaialdiarekin bat egin du, haren parte aktibo izateko. Arabako hiriburuko eta lurraldeko beste herri batzuetako saltegiek udaberriko gaiekin eta lore eta landareekin apaindu eta prestatu dituzte erakusleihoak.

Sektoreak erantzun bikaina eman dio proposamenari; izan ere, 72 establezimenduk parte hartu dute, guztira: 50 negozio Vitoria-Gasteizen eta 22 Arabako beste herri batzuetan, hala nola Laudion, Amurrion eta Agurainen.

Epaimahaiak lehenengo sari teknikoa eman dio Vitoria-Gasteizko Métayer Studio by Miren Elorrieta pintura estudioari, eta kategoria bereko bigarren saria Laudioko Lur Naturdenda belar dendari. Herritarren bozketatik ateratzen den saria Arabako hiriburuko Itziar Ile apainketako akademiarentzat izan da edizio honetan, eta Vitoria-Gasteizko Elkar liburu dendarentzat bere erakusleihoan loreak sartzearen saria.

Artis Kreativa eskulanen negozioak euskara erakusleihoan txertatzearen saria jaso du, eta Pink Cosmetics dendak erakusleiho birtualaren saria. Biak hiriburuan daude.