Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailak, CEISArekin (Arabako Gizartean Esku Hartzeko Etika Batzordea) lankidetzan, datorren astean, hilak 15, gizarte zerbitzuen etikaren inguruko jardunaldi bat antolatuko du berriz ere, oraingoan bizitzaren azken zatiari nola aurre egin eta horren aurrean nola prestatu aztertzeko.

Hitzaldi nagusian, Cuidar la última etapa del viaje de la vida: preparando el equipaje izenburupean, zainketa aringarrietan espezializatutako mediku Julio Gómezek bizitza bidaia gisa aztertu nahi du, hainbat etapa eta tokitatik igarota. "Etapa horietako bat amaiera da. Horretarako, gure bizitzan zehar prestatzen joan gaitezke ekipaje egokia aukeratuta, denbora horretako bizipenei aurre eginez eta bidaia horren etapak ulertuz". 

Julio Gómezek bere burua “pertsonak zaintzen dituen pertsona” gisa definitzen du. Ekuadorren bizi eta lan egin du osasun proiektuetan, eta duela 21 urtetik aringarrietako medikua da San Juan de Dios Ospitalean, Santurtzin; gaur egun hango zerbitzua koordinatzen du. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko San Juan de Dios Etika Batzordeko lehendakaria da.

Hamahirugarren urtea da Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailak jardunaldi hori antolatzen duela, eta aurtengo helburua da printzipio etikoak zabaldu eta ezagutaraztea Arabako gizarte zerbitzuetako langileen eta, oro har, herritarren artean, gizarte zerbitzuen arreta eredua pertsonen eta jardunbide egokien inguruan ardazteko.

Jardunaldia datorren asteartean izango da, hilak 15, 17:00etatik aurrera, Gasteizko Europa jauregian, eta doan sartu ahal izango da lekuak bete arte. Ateak 16.45ean irekiko dira.