Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak beren turismo eskaintza aurkeztu diete ostegun honetan Valentziako Erkidegoko bidaia agentzia, antolatzaile eta komunikabide espezializatuari, lurraldea eta hiria estatuko merkatuan kalitatezko helmuga jasangarri eta inklusibo gisa indartzeko sustapen kanpaina baten esparruan.

'Etorri bidaiatzera' kanpaina Madrilen, Bartzelonan, Bilbon eta Donostian izan da urtearen lehenengo zatian, eta, Valentziatik igaro ondoren, udazkenean Valladolid eta Sevillara egingo da.

Cistina Gonzalez Arabako Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru diputatuak nabarmendu duenez, Valentzia "bosgarren erkidegoa da Arabara bidaiariak bidaltzen dituztenen artean, eta goranzko joera du: ia 16.000 valentziar etorri dira bisitan 2024ko urtarriletik abuztura, 2023ko aldi berean baino %3 gehiago eta estatuko bidaiari guztien %5".

Merkatu horretan hazten jarraitu nahi dutela adierazi du "kalitatezko barnealdeko turismoa bilatzen dutenen artean, Alacant eta Forondaren arteko hegaldia aprobetxatuz".

Bestalde, Maria Nanclares Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak esan du Gasteiz eta bere ingurua "oso bereziak" direla, "Erdi Aroko Almendra eta Eraztun Berdearekin, zeinak eskaintza oso eta askotarikoaren erakargarri nagusietako bi baitira".

"Oso hiri gutxik eskaintzen dute aukera hain ondo kontserbatutako Erdi Aroko hiriguneaz gozatzeko, eta naturguneetara oinez joateko minutu gutxian, haietan lasaitu, oinez ibili eta hegaztiak eta oreinak behatu ahal izateko", gaineratu du.

Arabako Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko zuzendari Felipe Garcia eta María Nanclares zinegotzia izan dira Araba eta Gasteiz helmuga gisa aurkezteko Valentziako ekitaldian. Pablo de Oraa Gatz Harana Fundazioko zuzendariak eta Jon Lasa Santa Maria Katedrala Fundazioko zuzendariak ere parte hartu dute.