Arabako Foru Aldundiak emakumeen aurkako indarkeriari buruzko sentsibilizazio- eta prebentzio-kanpaina bat jarri du abian, eta 20.000 eskumuturreko banatuko ditu Tximeletak Zentroarekin harremanetan jartzeko telefonoarekin, horixe baita sexu indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko zentro berria, eta eraso matxistak identifikatu ahal izateko jarduera gida bat. Banaketa udan Arabako udalerrietan diren jai ekitaldietan egiten ari da. 

Ekimen horren bidez, Arabako Foru Aldundiak konpromisoa hartu du jai espazioak inklusiboak eta indarkeriarik gabekoak izan daitezen lan egiteko. Horretarako, aurten ere material grafiko eta informatiboa banatu du lurralde historikoko udal eta kuadrilletan, erasoen aurkako irudi bateratua emateko eta Arabako gizartea indarkeria matxistaren gaitzaren inguruan sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko ekintzak errazteko.

Aurtengo berrikuntza da jai guneetan 20.000 eskumuturreko banatuko direla Tximeletak zentroaren telefonoarekin (650 80 10 80), horixe baita Gizarte Politiken Sailak joan den apirilean abian jarri zuen sexu indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko zentroa. 

Tximeleta Zentroak lurraldeko edozein udalerritan sexu indarkeriaren biktima diren eta bizirik atera diren emakumeei, haien senideei eta hurbilekoei arreta espezializatua ematen die urteko 365 egunetako 24 orduetan, jaietan ere bai.  

Bere zerbitzuen artean daude larrialdi eta krisi egoeretako arreta, laguntza eta telefono bidezko eta aurrez aurreko informazioa. Horrez gain, diziplinarteko zerbitzu espezializatu bat dauka, zeinak biktimen errekuperazio psikologikora bideratutako esku hartzeak egiten baititu epe luzera, eta laguntza soziala eta juridikoa ematen die beren eskubideak erreklamatu eta izapidetzeko. 

Baliabide berria sexu indarkeriaren biktima diren 18 urtetik gorako emakumeei eta adingabe emantzipatuei zuzenduta dago, berdin dela indarkeria hori iraganean edo duela gutxi gertatu den. Ez da beharrezkoa salaketa jarri izana arreta jasotzeko. Zerbitzu honek artatzen duen sexu indarkeriaren barnean dira sexu erasoa, sexu jazarpena, sexu konnotazioa duen jazarpena, eremu digitalean egindako sexu indarkeria eta sexu indarkeriarekin loturiko emakumeen hilketa.