Arabako Foru Aldundiak eta Euskadi Fundazioak lurraldea herritarrei bizikletaren bidez hurbiltzeko ekimen bat antolatu dute. Lehen hitzordua uztailaren 13an izango da, Uribarri Gaubean eta Espejon egingo den Ezagutu Añana Biziz bizikleta martxa herrikoiarekin, lurraldeko hainbat leku ezagutarazteko familia eta jai giroan.
Foru erakundeko eta Euskadi Fundazioko ordezkariek ostegun honetan aurkeztu dute egitasmoa, Gasteizen. Uztail honetako saioaren ondoren, bigarren jardunaldia Zigoitian izango da urrian, inguruko zonaldeak ikusarazteko helburuarekin.
Anartz Gorrotxategi Arabako Aldundiko Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamenduko diputatuak adierazi duenez, "uste dut lurralde orekan inbertitzeko modu asko daudela, eta kirola da horietako bat. Publiko guztiei irekitako ekimena da, eta gure lurraldeko txoko urrunenetako batzuk ezagutzeko aukera ematen du, hala nola Varonatarren Dorrea kasu honetan".
Bada, uztailaren 13ko topaketan, animazioa 10:00etan hasiko da, Espejoko plazan. Familiaren bizikleta martxak 13,50 kilometroko ibilbide zirkularra izango du, eta 11:30ean hasi eta 13:00etatik 13:30era amaituko da.
Euskadi Fundazioa bertan izango da txirrindularitza taldearen autobusarekin, eta bisitatzeko aukera izango da; taldearen ibilgailu bat ere egongo da bertan, eta parte hartzaileak hurbildu ahal izango dira. Hain zuzen, ibilgailu hori arduratuko da martxa irekitzeaz. Aldi berean, bi arrabol egongo dira, simulazio birtualeko jokoa duten bi bizikletarekin.
Andoni Madariaga Euskadi Fundazioko lehendakariorde eta Erakunde eta Gizarte arloko arduradunak azaldu duenez, "Euskadi Federazioaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetzaren ideia bizikletaren instrumentalizazioan oinarritzen da, lurralde kohesiorako elementu gisa, bizikletak dituen abantailak aprobetxatuz, kirol arloan, osasungarrian, jasangarrian, aisialdian eta garraioan, herri sakabanatuak hurbildu eta elkartu ahal izateko".